Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Sare ekonomikoko ordezkariek Gipuzkoako lanaren etorkizunari helduko diote

Sare ekonomikoko ordezkariek Gipuzkoako lanaren etorkizunari helduko diote

Arlo hori jorratuko duen Etorkizuna Eraikiz Think Tank taldeak bere jarduerari ekin dio.

Etorkizuna Eraikiz Think Tankeko ekonomiari eta etorkizuneko lanari buruzko lantaldeak bere jarduerari ekin dio. Lehenengo bileran, jarraitu beharreko metodologiaren berri eman da eta abiapuntuko diagnostikoa egin da. Deliberazio talde honen kide dira Aldundiko ordezkariak (Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentua buru dela), Orkestra institutuko ordezkariak eta lurraldeko ehun ekonomikoko 16 pertsona, beren jarduera enpresa eta erakunde garrantzitsuetan garatzen dutenak. "Gaztetasuna eta eskarmentua dituen taldea osatu dugu, eta, batez ere, gure enpresek dituzten erronkak eta jarduera ekonomikoan gertatzen ari diren aldaketa sakonak ezagutzen dituena", adierazi du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak.

Lantaldea hilero bilduko da hausnarketa kolektibo bat egiteko Gipuzkoako lanaren bilakaera ardatz hartuta, bertako ekonomia egituratzeko elementu gisa, baina baita bertako gizartea egituratzeko elementu gisa ere. Lotura gune ere izan nahi du, proiektu berriak identifikatzera eta ekimen berriak abian jartzera bideratutakoa, bai prospektibarako eta bai ikuspegiak trukatzeko. Horrela, lurraldeko eragileekin funtsezko ideia eta proiektuen inguruan gogoeta partekatua garatzeaz gain, ekintzara jauzi egiteko eta esperimentaziotik gauzatzeko asmoarekin sortu da.

Enpleguaren eta lanaren esparrua baldintzatzen ari diren joera nagusiak landuko ditu, lau ardatz nagusiren inguruan: digitalizazioa eta automatizazioa, ingurumenaren jasangarritasuna —ekonomia berdea—, globalizazioa eta demografia —zahartzea eta migrazioak—. Zehazki, honako hauek jorratuko dira: aurrerapen teknologikoek, hala nola adimen artifizialak, digitalizazioak edo robotizazioak izango duten eragina, lanpostu berriak sortuko baitituzte, baina kualifikazio txikieneko pertsonei erantzuteko beharra ere mahai gainean jarriko baitute; gaur egungo gaitasun pertsonal eta profesionalak etorkizuneko lanekin bat ez etortzea; prestakuntza curriculumak; teknologia berriak hibridatzeko gai izango diren profil teknikoen beharra; edo balioaniztasunaren garrantzia eta etengabeko ikaskuntzaren garrantzia.

Imanol Lasak azaldu duenez, “indar berriak lan mundua eraldatzen ari dira, erritmo esponentzialean, eta arriskuetatik salbuetsita ez dagoen eszenario bati ateak irekitzen ari dira. Hala ere, etorkizuneko edozein erronkarekin gertatzen den bezala, eskaintzen dituen aukerei heldu behar diegu, langileen lan baldintzak hobetzeko, dagoen soldata arrakalari aurre egiteko edo desberdintasunei aurre egiteko. Ez dakigu zenbat lanpostu desagertuko diren, ez eta zehatz-mehatz zer lanpostu berri sortuko diren ere. Badakigu, ordea, Gipuzkoaren etorkizunerako funtsezkoa izango dela  ekonomia berdearen eta etorkizunik handiena eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasuna duten sektoreen aldeko apustua egitea, gure enpresen espezializazio adimendunean sakonduz”.

Haren hitzetan, erronka hori “bereziki nabaria da gure industria ehunean, zeinak historikoki erakutsi izan baitu krisi eszenarioetan birmoldatzeko gaitasuna duela. Gure eredu sozioekonomikoa mantentzea, hein handi batean, haren eraldaketari arrakastaz heltzeko gai izatearen mende egongo da”.

Gipuzkoako etorkizuneko lan eta enpleguari buruzko deliberazio guneak bi ziklotan egingo du bere lana, urtebetez. Hasierako zikloan, deliberazio taldea eta ekosistema jarriko dira martxan, etorkizuneko lanari buruzko abiapuntuko diagnostikoa eta lurraldearen lidergoari buruzko gogoeta uztartuko dituen deliberazioarekin. Horren ondorioz, parte hartzaileek ikuspegi partekatua sortuko dute, planteatutako erronkari elkarlanean heltzeko moduaren inguruan. Bigarren zikloak etorkizuneko lanari buruzko zenbait ardatz tematikotan jarriko du arreta, eta ardatz horiek gai horretan adituak diren pertsonen laguntzarekin diseinatuko dira. Horrela, ekosistemarekin egiten den bigarren tailerrean arazo zehatzak aztertu ahal izango dira, bai eta hausnartu ere, hautemandako erronkei aurre egiteko oinarriak sortzera bideratutako elkarlanerako prozesuen inguruan.  

Ikuspegiari dagokionez, lurraldeko lanaren etorkizuna aztertuko da, Gipuzkoako ongizate mailei eustea ahalbidetuko duten baliabideak sortzeko funtsezko faktore gisa ez ezik, "errealizazio pertsonalerako, sozializaziorako eta integraziorako, eta garapen komunitariorako funtsezko faktore gisa ere. Zertan eta nola lan egin nahi dugun zehaztea, eta etorkizuneko belaunaldientzat zer nolako Gipuzkoa nahi dugun definitzea baliokideak dira".

Hori guztia egiteko, oinarrizko planteamendu batetik abiatzen dira: jarduera ekonomikoak, enpresek eta enpleguak pertsona izan behar dute ardatz. “Herri txikia gara, eta pertsona —bere erantzukizun, prestakuntza, ikaskuntza eta kultura moralarekin— izan da gure baliabide nagusia. Etorkizunean ere halaxe izango da. Horregatik, garrantzitsua da lanaren funtzio sozialari buruz deliberatzea. Pertsona, haren garapena eta komunitatearen garapena ardatz izango dituen enpresa eta lan antolaketa eredu bat finkatzen jarraitu behar dugu, zeinak lehenetsi egingo dituen, besteak beste, malgutzea, jasangarritasuna, langileen parte hartzea edo kontziliazio erantzukidea, eta ez hainbeste akziodunen berehalako errentagarritasun ekonomikoa”.

Kideak

Jon Angulo

Hidro Rubber-en zuzendari kudeatzailea

Isabel Busto

Zucchetti Spain-en zuzendariorde nagusia (i68 talde ohia)

Eva Cuenca

Tabakalerako Giza Baliabideen arduraduna

Juncal de Lucas

Salto Systems-eko Giza Baliabideen zuzendaria

Aitor Galdos

Managing Director South America ULMA Construction

Andoni Isasti

Cadinox-en zuzendari kudeatzailea

Amaia Legorburu

Lawesome-ko kidea

Javier Martínez Ojinaga

CAFeko kontseilaria

Adrián Merino

ABC Compressors-eko Giza Baliabideen zuzendaria

Ignacio Muñoz

Angulas Aguinaga-ko CEO

Ana Ugalde

Gipuzkoako Ganberako Giza Baliabideen zuzendaria

Iñigo Ugarte

ieTeam-ko CEO

Nerea Urcola

Urcola aholkularitza enpresako coach-a eta prestakuntzako irakaslea

Anabel Yoldi

ASLEren Gipuzkoako Ordezkaritza

Nerea Zamacola

ADEGIko Lan Harremanen zuzendaria

Gorka Zubillaga

Uvesco-ko Giza Baliabideen zuzendaria

Xabier Barandiaran

GFA

Sebas Zurutuza

GFA

Ander Arzelus

GFA

Iker Estensoro

GFA

Jon Gurrutxaga

GFA

Joseba Amondarain

GFA

Imanol Lasa

GFA

Miren Larrea

Orkestra

Eva Sánchez

Orkestra

 
  

1921