Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea UPV/EHUk, HABICek, Ingurumenak eta Etxebizitzak enpresa ikasgela bat jarri duten abian

UPV/EHUk, HABICek, Ingurumenak eta Etxebizitzak enpresa ikasgela bat jarri duten abian

Bere helburua da arkitekturaren eta diseinuaren irizpide eraginkorren arabera prestatzea etorkizuneko profesionalak.

2021/10/04

Ikasgela hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, HABICeko kide diren enpresek eta UPV/EHUk berak finantzatzen dute, eta bere helburua da arkitekturaren eta diseinuaren irizpide eraginkorren arabera prestatzea etorkizuneko profesionalak

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta HABIC elkarteak (Habitat, Egurra, Bulegoa eta Contract Sektoreko Kluster Elkartea), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntzarekin, beste urrats bat eman dute beren lankidetza harremanean eta enpresa ikasgela bat sortu dute Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.

 

Enpresa ikasgela berriaren aurkezpen ekitaldian hartu dute parte Agustín Erkizia jaunak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, José Ignacio Asensio jaunak, Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatua, Pablo García Astrain jaunak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria, eta Mikel Martínez jaunak, HABICeko presidentea.

 

Enpresa ikasgela berri horrek mundu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko harremana sendotuko du, eta arkitekturaren, ekipamenduaren eta diseinu jasangarriaren gaineko prestakuntzan sakontzeko espazio bat eskainiko die arkitekturako ikasleei.

Ikasgelan altzariak, fatxadetako materialak, hormen eta zoruen estaldurak eta ekipamendurako soluzio teknologikoak daude, HABIC klusterreko enpresen materialak den‑denak. Eskainitako produktu gehienek osagai jasangarria dute, eta enpresek bide horretan aurrera egiteko konpromisoa adierazi dute. Fatxadetako, estalduretako eta altzarietako produktuak jasangarriak dira, eta, era berean, ikasgelako argiztapena, domotika eta sarrera kontrolak eraikinen energia eraginkortasuna hobetzera bideratuta daude.

Prestakuntza espazio berri horri erabiliko da, baita ere, bertan egiteko espazioetako ekipamendu berritzailearekin lotutako prestakuntza jardunaldi teknikoak, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasleen prestakuntzarako interes akademikoa dutenak.

UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia jaunak nabarmendu duenez, campuseko beste ikastegi batzuen estrategia ildoari jarraituz, ekimen berri honek balioa ematen dio Arkitektura Goi Eskola Teknikoko taldeak lurraldeko hiru eragile nagusirekin lankidetzan egiten duen lanari, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin eta HABICekin. Enpresa ikasgela berri honek lagunduko du aurrera eramaten ikerketa, prestakuntza eta transferentzia jarduerak arkitekturaren arloan.

 

Bestalde, Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio jaunak azpimarratu duenez, ikasgela hau abian jarrita beste urrats bat egiten dugu trantsizio ekologikorako bidean. Ikasgela hau tresna bat da, aukera ematen diena etorkizunean gure hiriak diseinatuko dituztenei jasangarritasun integratuaren gaineko prestakuntza jasotzeko, eta irizpide hori kontuan hartuta ekiteko lanari. Foru diputatuak gogorarazi duenez, Europan kontsumitutako energiaren % 40 baino gehiago eraikinetakoa da eta, horregatik, gure eginbeharra da horrelako espazioak sortzea, etorkizuneko profesionalek beren lanbidea garatu ahal izan dezaten zero kontsumoko eta zero emisioko eraikinen irizpideen arabera, PassivHaus bezalako estandarrak landuz.

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendari Pablo García Astrain jaunak adierazi duenez, unibertsitatearen eta industriaren arteko sinergiak beharrezkoak dira ezagutzaren transferentzian oinarritutako berrikuntzarako, eta profesionalen belaunaldi berriek aukera izan dezaten sektoreko aurrerapenei buruzko ezagutzan sakontzeko. Ikasgela hau aurrerapauso bat da bi arlo horietan, eta Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde publikoetatik halako konexio espazioak sustatu besterik ezin dugu egin, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren eta HABICen bitartez.

 

HABICeko presidente Mikel Martínez jaunak azpimarratu du bai sektore publikoa bai hezkuntzaren sektorea --zehazki, arkitektura sektorea-- HABICeko enpresen lankide oso estuak direla, behar‑beharrezkoak; eta, aldi berean, gure enpresek industriaren, jasangarritasunaren, ekodiseinuaren eta nazioartekotzearen arloetan dituzten ezagutzak jakintza iturri izan daitezkeela erakunde publikoentzat nahiz esparru akademikoarentzat.

 

UPV/EHU-HABIC izeneko enpresa ikasgela Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren lehen solairuan egongo da, ikusgai atari nagusitik zein eskolako paraninfoaren inguruko espazioetatik. Ikasleek HABIC klusterreko enpresen hainbat produktu industrialen dokumentazio teknikoa eta lagin fisikoak kontsultatu ahal izango dituzte aipatutako ikasgelan, aplikazio zuzena dutenak ekipamenduei buruzko proiektuetan. Ikasgela bera berritu egin da klusterreko enpresen ekipo, sistema eta materialak erabilita, eta espazio dinamiko eta eguneratu bihurtu. Bertan antolatuko dira etengabeko prestakuntzako jarduerak, tailerrak, hitzaldiak eta abar. Espazioak, era berean, berrikuntza eta ikerketa proiektuak sustatzeko balioko du, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta bere inguruko enpresa sarearen arteko harremana indartuko du.

  

1672