Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak Europar balioak indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute, ‘Brexit’-aren aurrean

Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak Europar balioak indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute, ‘Brexit’-aren aurrean

Iparraldeko erakundeak ohiko batzorde bat egin du Aldundian lehen aldiz, Foru Gobernuak gonbidatuta

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseiluak –CD64- ‘Brexit’-ari iritzia plazaratu dute gaur adierazpen bateratuan: “Bi erakundeok, mugaz gaindiko lurraldeak ordezkatzen ditugun aldetik, gure kezka adierazi nahi dugu, Erresuma Batuko herritarrek hautestontzietan erakutsitako borondatea erabat errespetatuta ere, emaitza honek edukiko dituen ondorien aurrean, Europa irekiagoa eta herritarren zerbitzupean egongo dena eraikitzeko prozesuari begira”.

“Gure arteko lankidetzak lotura estua dauka Europar Batasunaren eraikitze prozesuarekin, europar proiektu globalaren baitan hartzen baitu zentzua. Hori horrela, atzoko emaitza akuilu da eraikitze prozesu horretan gehiago ahalegintzeko. Horretara, eta Europaren balioak indartzera, konprometitzen gara”. 

Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseiluak –CD64- laneko batzordea egin du gaur Gipuzkoako Aldundian, foru gobernuak gonbidatuta, eta hitzordu honen testuinguruan partekatu dute bi erakundeek bere kezka. Erakunde hau Aldundian batzartzen den aurreneko aldia da. Bilkurak Max Brisson lehen lehendakariordea izan du buru, eta Departamentu Kontseiluko 27 ordezkari tekniko eta politikok parte hartu dute guztira. Eguneko gai zerrenda betea eduki dute eta 15 egitasmo eztabaidatu dituzte. Bertan izan da Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea ere. Ondoren, guztiek foru jauregia ezagutu ahal izan dute bisita gidatu batean.

Imanol Lasa foru bozeramaileak eman die ongietorra saioa hasi aurretik. Bere agurrean, azpimarratu du CD64-k ohiko batzordea Aldundian egiteak, argi eta garbi erakusten duela “bi erakundeon arteko harremanak primerakoak direla, eta komunean dauzkagula herritarrak zerbitzatzeko bokazioa, etengabe hobetzekoa, eta dauzkagun erronkei elkarlanean egitekoa. Izan ere, antzeko erronkak dauzkagu, edo berberak. Bazkideak gara, bidelagunak, eta asko dugu elkarrengandik ikasteko”.

Lasak gogorarazi duenez, Aldundiak eta CD64-k elkarlan arina eduki dute aspaldian, “ez elkarlan diplomatiko hutsa, baizik eta paperean argi eta garbi jasotakoa, 2005az geroztik sinatu ditugun hitzarmenetan”. Gogorarazi du joan den martxoaren 16an, Baionan, hirugarren hitzarmena izenpetu zutela datozen lau urteetarako, eta honi esker “aro berria” irekiko dela mugaz gaindiko lankidetzan: “20 proiektu zehatzetik gora  jaso ditugu, datozen bi urteetarako osatu dugun eranskinean. Elkarlan sistematikoagoa eta praktikoagoa edukiko dugu”.

Eranskin horrek “ekintza eta helburu argiak, eta epe motzeko erronkak” finkatzen ditu, bi urteko epea bukatzen denean ebaluatuko direnak: “Gainera, eranskin gehiagorekin osatzeko aukera aurreikusten da, hitzarmena indarrean dagoen bitartean”. Bi erakundeek komunean dituzten eskumenetan oinarritzen da: politika sozialak –horretara bideratzen dute biek aurrekontuaren zatirik handiena-, kultura, gazteria eta kirolak, lurralde garapen jasangarria, turismoa, berdintasun politikak, eta administrazioaren modernizazioa.  

  

1255