Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Denis Itxasok “galdutako aukeratzat” jo du turismoaren euskal lege berria

Denis Itxasok “galdutako aukeratzat” jo du turismoaren euskal lege berria

Turismoko diputatuaren ustez, lurralde orekarekiko konpromisoa falta da kongresuen banaketari dagokionez, eta ez dago ikuspegi orokorrik Euskadirako estrategikoa den sektore horretarako

“Proiektu honek huts egin du neurri batean, ez baitu produktu turistikoak behar duen estrategiarik ezartzen eta ez dio heltzen masifikazio arriskuari”.

Eusko Legebiltzarrean onartutako Turismo Lege berriaren balorazioa egin du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta erakundeko “bigarrenak”, Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuak, gaiaren berri eman du, parlamentuko debatea jarraitu baitu gonbidatuen tribunatik.

“Onartutako legeak argiak eta itzalak ditu -esan du-, izan ere, nahiz eta egia izan eguneratu beharreko alderdi garrantzitsuak aztertzen dituela, egia da ere sektorearen garapenerako funtsezkoak diren beste gai batzuei heltzeko aukera galdu duela. Horrela, legeak ez dio ausardiaz heltzen MICE turismoaren zati garrantzitsua den kongresuen gaiari (200 milio euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa), eta, horrela hiriburuen eta lurraldeen arteko lurralde oreka lortzeko behar diren mekanismoak ezartzeko aukera galdu du.

“Baina, agian, garrantzitsuagoa da Legeak ez duela garbi azaltzen zer den turismoa eta zer eragin izan dezakeen Euskadin eta, beraz, huts egiten du jarduera bultzatzeko esparru komun bat ezartzerakoan. Nahi ez diren masifikazioak saihesteko neurri zehatzak biltzen dituen eredu jasangarri baten aldeko apustu garbiagoa falta da, beharrezkoa baita gure kostaldeko herrien eta hiriburuen karga mugak planifikatzea.  Arautu gabeko gai asko gelditzen dira, eta oinarrizko irizpide komunak falta direnez, kontraesanezko egoerak sor daitezke; apartamentu turistikoen kasua, adibidez, udal bakoitzaren esku egongo baita, neurri batean, apartamentu horien erregulazioa.  Multzoaren gaineko ikuspegi ezak, alde batetik, eta produktuari buruzko lehentasunezko estrategiarik ez egoteak, bestetik, lehen mailako sektore ekonomiko bat, jasangarritasun eta oreka irizpideekin, bultzatzeko legeak dituen aukerak murrizten dituzte.

Itxasok Aldundiaren proposamenetako bat aipatu du, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian aurkeztu zuena: ekimen publikoko kongresu eta bilera profesionalak banatzeari dagokionez, lurralde oreka bermatuko lukeen organo parte-hartzaile bat sortzea. “Eusko Jaurlaritzak antolatutako kongresuen bidezko banaketaren alde egiten dugunean –azaldu du-, hau eskatzen dugu zehazki: artifizialki ez deslokalizatzea ostalaritza eta merkataritza alorretan, besteak beste, eragin ekonomiko handia duten jarduerak; izan ere, jarduera horiek alor turistikoaren garapenean eragina izan dezakete eta aberastasuna sortu Gipuzkoan okupazio txikiagoko eta hazkunde aukera gehiagoko garaietan. Ekimen pribatuko kongresuen % 42,1a Donostian egiten bada, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutakoei dagokienez % 26,8a bakarrik egiten bada Gipuzkoako hiriburuan, argi ikusten da zuzendu beharreko desoreka dagoela. Esaten dute gauza bera lor daitekeela egun dauden organoen bidez, baina orain arte ez da hori gertatu, eta antzematen da ez dagoela Donostiarako eta Gipuzkoarako bidegabea den egoera hori zuzentzeko borondaterik.

Lehen diputatu nagusiordeak gogorarazi du turismoa dela Gipuzkoako bigarren sektorea barne produktu gordinari egindako ekarpenaren arabera (% 7,4) eta behar duen garrantzia eman behar zaiola gai horri. “Ez gara ari jarduera ekonomiko osagarri bati buruz, baizik eta eraikuntzaren aurretik kokatzen den alor estrategiko bati buruz edo gure lurraldean hain finkatuta dagoen industria metalurgikoaren maila berean dagoen alor bati buruz. Ostalaritzak lanaldi osoko 17.600 lanpostu sortu ditu, Gipuzkoako enpleguaren % 5,9. Turismoaren alde egiten dugunean jarduera garrantzitsu baten alde egiten dugu; izan ere, jarduera horrek gora egiten du, eta aberastasuna eta enplegua sortzen dituenez, multzoaren gaineko ikuspegia behar du eta baita ere gure bizi kalitatearen eta gure ingurunearen gainean nahi ez ditugun eraginak saihesteko planifikazio zehatz bat”.

  

1303