Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Libanoko Arsal hiriak jaso du Peace Prize saria

Libanoko Arsal hiriak jaso du Peace Prize saria

Aste honetan Durbanen egindako tokiko liderren munduko kongresuan eman dute saria; Foru Aldundia bertan izan da

Sari ematea

Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, Ion Gambrak, Durbanen (Hegoafrika) aste honetan egindako nazioarteko kongresuan hartu du parte, zeinetan elkartu diren mundu osoko tokiko liderrak eta banatu den Peace Price saria. Edizio honetan Libanoko Arsal hiriak jaso du errekonozimendua, Estatu Islamikoaren aurka izandako gerraren ondoren komunitate osoa inplikatzen jakin duelako bakearen eta elkarrizketaren aldeko dinamikan. Sari hau mundu osoko hainbat erakundek sustatzen dute, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta aitortza eskaini nahi die bakearen eraikuntzarako eta elkarrizketaren sustapenerako proiektu berritzaileak martxan jartzen dituzten tokiko erakundeei.

Durbaneko kongresua antolatu duen UCLG (Tokiko eta Eskualde Mailako Erakundeen Nazioarteko Sarea) elkarteko kide gisa, Peace Price sariaren antolakuntzara gonbidatu zuten iaz Foru Aldundia, elkarbizitza eta bakegintzarako programetan duen esperientzia zabalagatik. Hori dela eta, sariaren bigarren edizioak foru erakundearen finantzaketa izan du, honako entitateekin batera: VGN International (prozesuaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratzen den Holandako fundazioa), Bartzelonako Diputazioa, Herbereetako Bakerako Funtsa, Tromsø hiria (Norvegia) eta PAX for Peace (Herbeheretako GKEa).

Ion Gambrak sari banaketan parte hartu du gainontzeko erakunde sustatzaileekin batera, tartean Bartzelonako alkate Ada Colau zela. Hiru urtean behin eskainitako errekonozimendu honetan bost udalerri izan dira finalista eta guztien artean Arsal izan da aukeratua. Libanoko hiriak Siriarekin muga egiten du eta, azken urteotan, egunerokotasunean aldaketa nabarmena jasan du, gerratik ihesi iritsitako 120.000 desplazaturen ailegaerarekin batera. Handik pixka batera, 2014an, Estatu Islamikoaren eta Al-Nusrako Fronteraren helburu bilakatu ziren. Hiru urteko enfrentamenduak jasan zituzten, ahalik eta Arsaletik milizia salafistak kanporatzea lortu zuten arte. Gaur egun, Arsalek apustu irmoa egin du komunitatean elkarbizitza bultzatu eta errefuxiatu siriarren eta tokiko biztaleen arteko elkarrizketa sustatu asmoz, eta ahalegina bere fruitua ematen ari da.

Lehen edizioa Bogotan izan zen (Kolonbia), 2016an. Saritua Kauswagan Filipinetako hiriaren From Arms to Farms proiektua izan zen. Proiektu hori lurraldeko kristau eta musulman komunitateen arteko elkarbizitzarako zubiak eraikitzen eta garatzen ahalegintzen da, ikuspegi sozio-ekonomikotik.

Toki eta Eskualdeetako Hiri eta Gobernuen Munduko Sarea (UCLG) mundu mailan eskualdeei eta tokiko gobernuei ahotsa ematen dien erakunderik garrantzitsuenetako bat da. Sarea 2004an sortu zen Parisen, helburu zuelarik tokiko eta eskualdetako gobernu elkarte nagusiak biltzea, baina mende oso bateko historia du berez, Gant-en (Belgika) 1913an sortu zen nazioarteko udal mugimendutik sortu baitzen, herrialdeek aurrean zituzten erronka globalez eta tokiko erakundeek etorkizunean zuten rol erabakigarriaz jabetuta.

  

1484