Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek finkatzea lortu du

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek finkatzea lortu du

2018an egindako 87 filmatzerekin eta 4,2 milioi euroko zuzeneko inbertsioarekin

2019/08/29

Gipuzkoako lurralde osoko filmatzeetarako zerbitzua eskaintzeko baterako bulegoa sortu ondorengo lehen urtean, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commisionek, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren-Donostiako Sustapenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren mendeko erakundeak, lurraldeko garapen-agentzien lankidetza ere izanik, 87 filmatze burutu ditu hiriburuan eta lurraldeko herri ezberdinetan, eta zuzeneko inbertsioa 4,2 milioi eurokoa izan da.

 

Urtearen amaierara begira, 2019. urtea urte historikoa izango dela esan daiteke Donostian eta Gipuzkoan egindako filmatzeak kontuan hartuta eta burutzen ari diren proiektuen garrantzia eta kalitatea medio. Hiriaren eta lurraldearen irudia Woody Allen bezalako zuzendariaren (nazioarteko ibilbidea duena) pelikularen bidez hedatzeak izan dezakeen oihartzunari burutzen ari diren produkzioek sortutako aberastasuna gehitu behar zaio. Iaz, zuzeneko inbertsioa 4,2 milioi eurokoa izan bazen ere, 2019. urteko lehen zazpi hilabeteetan 8,8 milioi eurokoa izatera iritsi da.

 

Denis Itxasok, Kultura diputatuak, honako hau adierazi zuen: “Kultura diputatuak azaldu duenez, «Gipuzkoa zinema plato erraldoi bat da, eta zaindu, kudeatu eta ezagutarazi egin behar dugu, zinemak duen balio immateriala ukaezina baita, kanpo proiekzioari eta erakargarritasunari dagokienez, baina balio horri aberastasuna eta enplegua sortzeko duen gaitasuna gehitu behar diogu. Gipuzkoak kostaldea eta barrualdea ditu; ondare naturala, kulturala eta industriala; hiri eremu ederrenak; eta, garrantzitsuena, gaitasun handiko giza kapitala, edozein proiektu motaren beharrei erantzuteko gai izango dena. Horregatik, zinemaren industria lurraldearen irudiarentzako erakusleiho gisa ikusteaz gain, aukera ekonomiko gisa ere ikusi behar dugu, talentua erakartzeko aukera gisa. Eta hori da Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa-San Sebastian Film Comission bezalako tresna bat sustatzerakoan bilatzen duen helburua”.

 

 

Ekonomia Bultzatzeko Departamentuko zinegotziak, Ernesto Gascok, ondorengoa adierazi zuen: “Oso pozik gaude datu hauek aurkezteko aukera izateagatik; izan ere, tokiko sektore zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren dinamismoa ez ezik, lurraldeak ikus-entzunezko filmaketak egiteko duen erakarpen-ahalmena ere islatzen dute. Gainera, San Sebastian-Gipuzkoa Filmn Commissionekin elkarlanean iaz filmatutako pelikulak kalitate handikoak dira, Jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzen ari baitira. 2019ko jarduerari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu Donostia eta Gipuzkoa aparteko platoak direla era guztietako filmaketak egiteko, hots, garaikoak nahiz egungoak, eta interesgarri bilakatu direla Woody Allen bezalako maila eta izen handiko zuzendarientzat. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet enpresei zein erakundeei, bereziki, Donostiako Udalari, haien ahalegin izugarriarengatik, eta batik bat Gipuzkoako herritarrak aipatu nahi nituzke, filmaketetarako errespetu eta lankidetza handia erakusteagatik.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen 2018ko balantzea

 

Iaz, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek ikus-entzunezko 93 proiektu artatu zituen, eta horietatik 87 hiriburuan eta lurraldeko hainbat herritan filmatu ziren. Guztira, 184 baimen izapidetu zituen bulegoak Gipuzkoan ikus-entzunezko filmatzeak egitea errazteko. Tipologiari dagokionean, filmatze gehienak telebistarako egin ziren, hots, kopuru osoaren %47a, eta, ondoren, zinemarako (lau film luze) eta bideorako; hau da, %20 eta %23, hurrenez hurren.

 

2018an filmaturiko proiektuen aurrekontua 9 milioi eurokoa izan zen guztira, eta produkzio-etxeek hirian 2,2 milioi euroko inbertsioa aitortu zuten. Zeharkako inbertsioa 2’7 milioi eurokoa izan da; beraz, zuzeneko eta zeharkako inbertsioa, guztira, 5’7 milioi eurokoa. Bestalde, Gipuzkoan zuzeneko inbertsioa 4’2 milioi eurokoa izan da.

 

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen lankidetzarekin 2018an filmatutako proiektuen artean lau film luze nabarmendu behar dira:

 

1.- ‘Soinujolearen semea’. Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma da, Fernando Bernuesek zuzendua. Protagonista, besteak beste, Eneko Sagardoy da (2018ko Goya Saria errebelazio aktore onenarentzat), eta talde teknikoak ere Goya Sariak baditu; tartean, Saioa Lara, jantziengatik, eta Karmel Soler, makillajearengatik. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek produkzio-etxearekin batera egin zuen lan, besteak beste, kokapenak bilatzeko, filmatzeko beharrezko baimenak kudeatzeko, filmatzearen logistikarako, materiala gordetzeko espazioak aurkitzeko edo Donostiako Udalaren jabetzeko dekorazio-elementuak uzteko. Film luze horretan honako hauek esku hartu zuten: Azpeitiko Udala, Iraurgi Berritzen, Euskotren, Beterri Buruntza eta Bidasoa Bizirik. ‘Soinujolearen semea’ Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian estreinatu zen.

 

2.- ‘Ventajas de viajar en tren’. Morena Films eta Sr. y Sra. produkzio-etxeena da. Aritz Morenok zuzendu zuen, eta protagonisten artean Luis Tosar, Ernesto Alterio, Belén Cuesta eta Ingrid García aurkitzen dira, besteak beste. Filmatze-lanak Donostian eta Lasarten egin ziren. SSGIFCek kokapenak bilatzen lagundu zien, hainbat Ministeriorekin eta San Markoseko Mankomunitatearekin bitartekaritza-lanak egin zituen, eta Donostian eta Gipuzkoan baimenak kudeatu zituen.

 

3.- ‘La trinchera infinita’. Gipuzkoako Moriarti eta Irusoin enpresen tandemak ekoiztutako film luzea. Enpresa horiek arrakasta handia izan dute; hala nola, hamar Goya sari ‘Handia’ filmarengatik eta Oskarretan Espainia ordezkatzeko hautagaitza  ‘Loreak’ filmarekin. Azken hilabeteetan Andaluziako eta Gipuzkoako lekuetan filmatu da. ‘La trinchera infinita’ filmak Donostiako Zinemaldiko atal ofizialean parte hartuko du.

 

4.- ‘Agur Etxebeste’. Film luze hau ‘Aupa Etxebeste’ren ondorena da; hots, euskaraz arrakasta handia izandako pelikularena ‘Handia’ iritsi arte. Filma udako hilabeteetan filmatu zuten. Asier Altuna eta Telmo Esnal dira zuzendariak, eta Zinemaldiaren aurtengo edizioan estreinatuko da baita ere.

 

2018an, halaber, beste filmatze-lan hauek egin ziren: ‘Allí abajo’ seriearen 4. eta 5. denboraldiko hainbat kapitulu, gastronomiari buruzko programak BBC bezalako atzerriko kateentzat, NHK japoniar telebistarentzat edo Lonely Planet arrakastatsuarentzat, besteak beste. Horrez gain, beste behin Donostia izan da Tourespañaren iragarkiaren hirietako bat, eta ‘Extraordinary Places to visit’ bezalako beste bidaia-programak ere filmatu dira.  

 

Audientzia handieneko programek Donostiako hiriburua hautatu dute talentudun pertsonak bilatzeko; esate baterako, ‘Operación Triunfo’k, castinga Kursaalean eta Victoria Eugenia antzokian egin baitzuen musika-programa ezagun horren 2018ko ediziorako.

 

Era berean, udaberrian, bideo eta argazki saio bat egin zuten Vogue moda-aldizkari arrakastatsuaren holandar ediziorako; hain zuzen ere, Eduardo Chillidaren Haize Orrazian ateratako argazkiak Amsterdamgo Rijks Museumek bere lorategietan eskultoreari eskainitako erakusketan erakutsi zituzten.

 

2019KO FILMATZEAK

 

Ekitaldia ixteari begira, 2019. urtea garrantzitsua izan da filmatu diren produkzio handiengatik nahiz Donostian eta Gipuzkoan burututako erakustaldiengatik; hala nola; bi telebista-serie (HBO eta Movistar) eta Woody Allen zuzendari iparramerikarraren pelikula bat filmatu dira.

 

1.- Woody Allenen ‘Rifkin’s Festival’ azken pelikula osorik filmatu da lurraldeko kokalekuetan sei astetan zehar, eta horri esker jauzi kualitatiboa eman da orain arte Donostian eta Gipuzkoan burututako filmatzeetan; modu horretan, lurraldea leku aproposa izatera iritsi da maila goreneko pelikulak filmatzeko. Iparramerikako zuzendariaren pelikularen eszenatoki nagusia Donostia izan da: Bulebarra, Kontxako hondartza, Miramar jauregia, Bilbo plaza edo Kursaala izan dira hautatutako kokalekuak. Halaber, Allenek Gipuzkoako beste herri batzuk hautatu ditu filmatzeko; hala nola, Zumaia edo Pasai Donibane.

 

 

2.- ‘Patria’. HBOren lehen seriea, gaztelaniaz filmatua Europan. Iparramerikako kateak, oro har ‘Juego de Tronos’ bezalako serieak filmatu dituenak, kalitatearen aldeko apustua egiten du, eta finantzatzen dituen serie gutxi batzuen artean, Gipuzkoan eta Madrilen filmaturiko ‘Patria’ aurkitzen da. Seriea Fernando Aranbururen izen bereko liburuan oinarritzen da, Donostiako Aitor Gabilondok ekoiztu du, eta protagonistak Elena Irureta, Ane Gabarian, José Ramón Soroiz eta Eneko Sagardoy dira. Filmatze-lanak ia 15 astetan egin dira Donostian, Soraluzen eta Elgoibarren. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionekiko lankidetza 2018ko udan hasi zen, eta 2019ko ekainean amaitu da, produkzio-etxea Madrilera joatean filmatze-lanak amaitzeko. Besteak beste, honako hauek egin ditu:

 

  • Produkzio-etxearen eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko hainbat Udalaren nahiz beste erakunde batzuen arteko bitartekaritza-lanak.
  • Udal-baimenak eta Eusko Jaurlaritza bezalako beste erakunde batzuen baimenak izapidetzeko eta lortzeko laguntza.

 

Filmaketa Donostian filmatzeen ondorioz egindako ekinaldirik handienetarikoaren protagonista da, Bulebarra 80ko eta 90eko hamarkadako itxura izateko dekoratu baitzen, oinezkoen zonarik gabe, garaiko ibilgailuez beteta, eta autobus bat erretzearen simulazioa egin zen.

 

3.- ‘La línea invisible’. Mariano Barrosok zuzendua eta Movistarrek ekoiztua, tokiko talde tekniko bikaina du, Ander Sistiaga produkzio-zuzendariak, Goya baten irabazleak, zuzenduta. Gipuzkoako hainbat herritan filmatu da, eta abuztuan amaitu dira filmatze-lanak. Oraingoan, San Sebastián-Gipuzkoa Film Commissionek kokalekuak bilatzen eta baimenak izapidetzen eta lortzen lagundu du.

 

4.- ‘Akelarre’. Gipuzkoako Lamiak Films eta Kowalski Films produkzio-etxeen eta La Fidèle frantsesaren arteko koprodukzioa da, Pablo Agüero argentinarrak zuzendua. Pelikula honetarako, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek filmatzearen logistika-kontuak kudeatzeaz gain, kokapenak bilatzen eta baimenak izapidetzen esku hartu du.

 

5.- Aurtengo urtean zehar, telebistako programak eta lehiaketak ere filmatu dira Canal Cocina, TVE (Donde comen dos, comen tres) eta ETBrako, Hego Koreako (Maneras de Comer), Greziako (Masterchef Grezia) eta Alemaniako (Bustour) telebistetarako programez gain.

 

6.- Donostia, orobat, hainbat iragarkiren platoa izan da, tartean Zara Kids-ena, Igeldo Mendiko Jolas Parkean filmatua eta markaren munduko web guztietan ikus ahal izan zena, eta Eroski, Eusko Jaurlaritza edo Laboral Kutxarena ere bai.

 

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundearen erronka nagusia da Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa sustatzea estatuko nahiz nazioarteko ikus-entzunezko industriaren eremuan, filmatzeak egiteko leku aproposa bezala, tokiko ikus-entzunezko sektorea proiektatzeko eta garatzeko helburuarekin. Horretarako, Gipuzkoako sare bat sortu du, eta bertan toki-garapeneko erakunde ezberdinek hartzen dute parte doako zerbitzua eskainiaz, filmatzeko eszenatoki Gipuzkoa hautatzen duten zinema, telebista eta publizitate ekoizleen lana errazte aldera.

 

 

 

  

2107