1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

487/2020, Foru agindua, abenduaren 14koa, «jarduera ekonomikoetan izandako galerak konpentsatzeko kenkaria» pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eskatzeko CBK eredua onetsi eta hura aurkezteko era eta epea ezartzen dituena.

Maiatzaren 27ko 241/2020 Foru Aginduaren bidez, onetsita geratu zen «jarduera ekonomikoetan izandako galerak konpentsatzeko kenkaria» pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eskatzeko erabili beharreko CBK eredua, baita hura aurkezteko era eta epea ere.

Eredu horrek ahalbidetzen zuen aplikatzea maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzkoak, 1. artikuluan aurreikusten duen aparteko kenkaria, 2020an zenbatetsitako galerak konpentsatzea helburu duena. Kenkari hori pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2019ko autolikidazioaren kuota likidoan bakarrik aplika zitekeen.     

2019ko eta 2020ko zergaldietan jarduera ekonomikoen etekinak izan eta, azken zergaldi horretan, jarduera horiengatik etekin garbi negatiboa lortzea espero zuten zergadunek aplikatu ahal izan zuten kenkari hori, betiere baldintza hau betez gero: 2020ko lehen seihilekoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbia ez izatea handiagoa 2019ko zergaldi osoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbiaren 100eko 25 baino.              

Abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, kenkari hori aplikatzeko aukera berreskuratzen du, baina, kasu honetan, 2020. urtean benetan izandako galerak kontuan hartuta.

Oraingo honetan, kenkaria zergadunei aplikatuko zaie baldin eta 2019ko eta 2020ko zergaldietan jarduera ekonomikoen etekinak lortu badituzte eta azken zergaldi horretan jarduera ekonomikoak izan duen etekin garbia negatiboa izan bada.     

Kenkariaren oinarria 2020ko zergaldiko etekin garbi negatiboaren zenbatekoa izango da. Oinarri horrek ezin du inola ere gainditu zergadunaren jarduera ekonomikoak 2019ko zergaldian izan duen etekin garbi positiboaren zenbatekoa. Ondorio horietarako, etekin garbitzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 65. artikuluaren b) letran aipatzen duen saldoa. 

Kenkaria kalkulatzeko, haren oinarriari aplikatzen zaio zergadunaren 2019ko zergaldiko oinarri likidagarri orokorrari dagokion batez besteko karga tasa, aipatutako 3/2014 Foru Arauaren 75. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan eta 77. artikuluan aurreikusitakoaren arabera kalkulatua. Kenkariak ezin du inola ere gainditu zergadunak zerga hau dela eta 2019ko zergaldian izandako kuota likidoaren zenbatekoa.               

Kenkari horren emaitzari kendu egin beharko zaio, hala badagokio, lehen aipatutako 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera aplikatutako kenkariaren zenbatekoa.

Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria aplikatzen duten zergadunek 2020ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharko duten zenbatekoa 2019ko zergaldian kenkariaren oinarri gisa konputatutako etekin garbi negatiboa izango da.     

Aurrekoa hala izanik ere, kenkaria zergadunaren zergaren kuota likidoak mugatu duenean, 2020ko zergaldiko jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharreko zenbatekoa eragiketa honen emaitza izango da: egindako kenkaria zati 2019ko zergaldiari dagokion batez besteko karga tasa. 
               

Abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikuluko 5. apartatuak dio zergadunek eskaera bat aurkeztu behar dutela, eta 6. apartatuan xedatzen du Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duela zer eredu erabiliko den kenkariaren aplikazioa eskatzeko, hura noiz eta nola aurkeztu beharko den, eta zer beste alderdi hartu beharko diren kontuan kenkariaren aplikazioarekin lotuta.        

Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.  CBK eredua onestea.

Onetsita geratzen da CBK eredua, «jarduera ekonomikoetan izandako galerak konpentsatzeko kenkaria» izenekoa, foru agindu honetan eranskin gisa jasotzen dena.

2. artikulua.  CBK ereduaren aurkezpenaren eremu subjektiboa eta bete beharreko baldintzak.

Bat.  Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek CBK eredua aurkeztu ahal izango dute, baldin eta, 2019ko eta 2020ko zergaldietan jarduera ekonomikoen etekinak lortuta, 2020an izandako galerengatik 2019ko aparteko kenkaria aplikatzea eskatzen badute, hain zuzen ere, abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoak, 1. artikuluan jasotakoa.

2020an zenbatetsitako galerengatik 2019ko aparteko kenkaria aplikatu zutenek, hain zuzen ere, maiatzaren 26ko 5/2020 Foru Dekretu-Arauak, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzkoak, 1. artikuluan araututakoa, kenkari hori aplikatu ahal izango dute, kasu horietarako aurreikusitako berezitasunekin, betiere baldin eta 2020an izandako galerak handiagoak badira kenkari horren oinarri gisa erabilitako galera zenbatetsiak baino. Ondorio horietarako, galeratzat hartuko da jarduera ekonomikoaren etekin garbi negatiboa.

Bi.  Aurreko apartatuan aipatutako kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete behar dira:        

a)  2019ko zergaldian jarduera ekonomikoen etekin garbi positiboa lortzea.

b)  2020ko zergaldian jarduera ekonomikoen etekin garbia negatiboa izatea. Kenkariaren oinarria zergadunak lortutako etekin garbi negatiboa izango da, eta oinarri horrek ezingo du inola ere gainditu aurreko a) letran aipatutako etekin garbi positiboaren zenbatekoa.     

Hiru.  CBK eredua aurkezteko, ezinbesteko baldintza izango da aurretik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2019ko autolikidazioa aurkeztea.   

3. artikulua.  CBK ereduaren kenkaria aplikatzeak dakartzan betebeharrak.

Kenkaria aplikatzen duten zergadunek 2020ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu behar duten zenbatekoa 2019ko zergaldian kenkariaren oinarri gisa konputatutako etekin garbi negatiboa izango da.               

Aurrekoa hala izanik ere, kenkaria zergadunaren zergaren kuota likidoak mugatu duenean, 2020ko zergaldiko jarduera ekonomikoen etekin garbi handiagotzat hartu beharreko zenbatekoa eragiketa honen emaitza izango da: aplikatutako kenkaria zati 2019ko zergaldiari dagokion batez besteko karga tasa. 
               

Zergadunek, kenkari honekin batera, lehen aipatutako 5/2020 Foru Dekretu-Arauaren 1. artikulukoa ere aplikatu badute, aplikatutako kenkari guztiengatik artikulu honetan xedatutakoa hartuko dute kontuan.

4. artikulua.  Informazioaren edukia.

Bat.  Eskaeran adierazi behar da jarduera ekonomikoak zer etekin garbi negatibo izan duen 2020ko zergaldian. Ereduan jaso beharreko gainerako datuak automatikoki eskuratuko dira, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarengatik aurrez aurkeztutako 2019ko autolikidaziotik abiatuta, edo Zerga Administrazioak egindako egiaztapenaren emaitza kontuan hartuta.         
               

Bi.  Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek 2019ko zergaldiagatik batera tributatzea aukeratu badute, eskaera bakarra aurkeztuko da. Eskaera horretan, zergadun bakoitzak indibidualizatuta adierazi behar du zer etekin garbi negatibo izan duen jarduera ekonomikoan.       

5. artikulua.  Eredua aurkezteko eta identitatea frogatzeko moduak.

Bat.  CBK eredua internet bidez aurkeztu behar da, «Zergabidea» plataforma erabiliz, ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zergen Foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa arautzen duenak, ezarritakoaren arabera.

«Zergabidea» plataforma https://zergabidea.gipuzkoa.eus atarian dago eskuragarri. Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgune ofizialaren bitartez ere iritsi daiteke bertara https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna helbidean sartuta.

Bi.  CBK eredua aurkezten dutenen identitatea frogatzeko, sistema hauetako bat erabili ahal izango da:

a)  Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak.

b)  Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak.

c)  Gipuzkoako Foru Aldundiak bere araudian xedatutakoari jarraituz ematen duen pasahitz operatiboa.

6. artikulua.  CBK eredua aurkezteko epea.

2021eko urtarrilaren 1etik otsailaren 15era bitartean aurkeztu behar da CBK eredua.

Epe hori behin bukatuta, ezingo da eskatu kenkaria aplikatzea, ezta CBK eredua aurkeztu ere.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea eta aplikatzea.

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko abenduaren 14a.—Jokin Perona Lerchundi, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua.              
                (6856)