1
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

573/2023 Foru Agindua, abenduaren 16koa, zeinaren bidez onesten baitira hidrokarburo jakin batzuek eraman behar dituzten trazatzaile eta markatzaileak Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailean ezarritako tasa murriztuak aplikatzeko.             
             

Euskal Autonomia Erkidegoak indarrean duen Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 33. artikuluan ezartzen duenez, zerga bereziak itundutako tributuak dira, estatuak une bakoitzean ezartzen dituen edukizko eta formazko arau berberei jarraituta erregulatu behar direnak.      
               

Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50. artikuluak 3. apartatuan dioenez, hidrokarburoen gaineko zergaren tasa murriztuak aplikatzeko –1.4 epigrafekoa (gasolioa), 1.12 epigrafekoa (kerosenoa) eta 2.10 epigrafekoa (gainerako olio ertainak) besteak beste–, hainbat baldintza bete behar dira, eta horietako bat da hidrokarburo horiei erregelamenduz ezarriko diren trazatzaileak eta markatzaileak gehitzea. Trazatzaile eta markatzaile horiek gehitzea ezinbesteko baldintza da aipatutako foru dekretu arauemailearen 51. artikuluko 2. apartatuan aurreikusten diren salbuespenak eta 52. artikuluko b) letran jasotzen diren itzulketa kasuak aplikatuko badira.              
               

Zerga Berezien Erregelamenduak, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsi eta gure lurraldean ordezko izaeraz aplikatzen denak lurralde historikoetan eskumena duten erakundeek ekonomia ituna aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak ematen ez dituzten artean (hala xedatzen du lehen xedapen gehigarrian Euskal Autonomia Erkidegoak indarrean duen Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak), 114. artikuluan esaten du markatzailetzat hartuko direla horretarako emandako aginduaren bidez onesten diren agente markatzaile edo trazatzaileak.

Foru agindu hau onetsi arte, markatzaile edo trazatzaile horiek otsailaren 16ko 113/2009 Foru Aginduaren 13. artikuluan arautu dira (113/2009 Foru Agindua, zerga berezien zenbait eredu onartu eta zerga horien kudeaketan bete beharreko arau batzuk bateratu eta egunean jartzen dituena).

Gai honen erregulazioa Kontseiluaren 1995eko azaroaren 27ko 95/60/EE Zuzentarautik ondorioztatzen da (gasolioaren eta kerosenoaren marka fiskalari buruzko zuzentarauaren ondorio da), 2. artikuluko 2. apartatuan ezarrita uzten baitu nola zehaztu behar den Europar Batasunean erabiliko den markatzaile fiskala, zenbaitetan «euromarkatzaile» ere deitu ohi dena.

Foru agindu honek deskribatutako ondorioetarako erabili behar den markatzaile fiskal berria ezartzen du, eta Batzordearen 2022ko urtarrilaren 17ko 2022/197 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoari erantzuten dio (Erabaki horrek markatzaile fiskal komun bat ezartzen du gasolioetarako eta kerosenorako, eta 4. artikuluan indarrik gabe uzten du Batzordearen 2016ko azaroaren 25eko 2017/74 (EB) Betearazpen Erabakia, gasolioetarako eta kerosenorako markatzaile fiskal komun bat ezartzen duena). Hortaz, xedapen honen xedea da markatzaile berri bat onestea gasoliorako, kerosenorako eta tasa murriztua aplikagarri duten gainerako olio ertainetarako.

Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.    Gasolioak.

Trazatzaile eta markatzaile hauek onesten dira Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50.1 artikuluko 1.4 epigrafean B eta C gasolioarentzat ezarritako tasa murriztua aplikatzeko:

1.    B gasolioak honako gehigarri eta agente trazatzaile hauek eramango ditu 1.000.000 litroko:

a)    Gutxienez 12,5 kilogramo eta gehienez 18,75 kilogramo Accutrace’ Plus. Horri butoxibentzenoaren markatze maila hau dagokio (CAS 1126-79-0 zenbakia): 9,5 kilogramo edo gehiago, baina 14,25 kilogramo edo gutxiago.

b)    Koloratzaile gorri bat, gasolioan 0,40tik gorako absorbantzia eragiten duena 525 eta 550 nanometro bitarteko uhin luzeren tarte osoan, isooktanoaren aurrean 10 mm-ko argi paseko kubetekin.

2.    C gasolioak honako gehigarri eta agente trazatzaile hauek eramango ditu 1.000.000 litroko:

a)    Gutxienez 12,5 kilogramo eta gehienez 18,75 kilogramo Accutrace’ Plus. Horri butoxibentzenoaren markatze maila hau dagokio (CAS 1126-79-0 zenbakia): 9,5 kilogramo edo gehiago, baina 14,25 kilogramo edo gutxiago.

b)    Koloratzaile urdin bat, gasolioan 0,50etik gorako absorbantzia eragiten duena 640 eta 660 nanometro bitarteko uhin luzeren tarte osoan, isooktanoaren aurrean 10 mm-ko argi paseko kubetekin.

3.    1. apartatuan aipatu diren gehigarri eta trazatzaileek B gasolioaren zehaztapen teknikoak osatuko dituzte, eta 2. apartatuan jasotakoek, berriz, C gasolioarenak.

2. artikulua.    Kerosenoa eta gainerako olio ertainak.

Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50. artikuluko 1. tarifaren 1.12 epigrafean eta 2. tarifaren 2.10 epigrafean ezarrita dauden tasa murriztuak aplikatzeko, kerosenoak eta gainerako olio ertainek gehigarri eta agente trazatzaile hauek eramango dituzte 1.000.000 litroko:       
               

a)    Gutxienez 12,5 kilogramo eta gehienez 18,75 kilogramo Accutrace’ Plus. Horri butoxibentzenoaren markatze maila hau dagokio (CAS 1126-79-0 zenbakia): 9,5 kilogramo edo gehiago, baina 14,25 kilogramo edo gutxiago.

b)    Koloratzaile urdin bat, kerosenoan 0,50etik gorako absorbantzia eragiten duena 640 eta 660 nanometro bitarteko uhin luzeren tarte osoan, isooktanoaren aurrean 10 mm-ko argi paseko kubetekin.

Xedapen gehigarri bakarra.  Gasolina eta gasolioetan beste gehigarri batzuk erabiltzea.

Foru agindu honen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera B eta C gasolioek nahitaez eraman behar dituzten gehigarri eta agente trazatzaileez gain, hidrokarburoen findegi eta gordailu fiskalen barruan baimentzen da gasolina eta gasolioetan beste gehigarri batzuk erabiltzea, betiere baldintza hauek betetzen badira:          
               

a)    Gehigarri horiek jasotzen dituzten gasolina eta gasolioek indarrean dagoen araudian ezarritako zehaztapenak bete beharko dituzte.

b)    Gehigarri horien erabilpenak ez ditu aldarazi behar foru agindu honen 1. artikuluan ezarritakoaren indarrez B eta C gasolioek eraman behar dituzten gehigarrien eta agente trazatzaileen portaera eta detekzioa.

c)    Gehigarri horien erabilpenak ingurumen arloan indarrean dagoen araudia betetzea ahalbidetu behar du.

Lehen xedapen iragankorra.  Otsailaren 16ko 113/2009 Foru Aginduan jasotako trazatzaileak eta markatzaileak eramaten dituzten gasolioak merkaturatzea.

2024ko urtarrilaren 18ra arte, posible izango da merkaturatzea, barruko lurralde eremuan bakarrik, fabriketan, gordailu fiskaletan, biltegi fiskaletan eta baimendutako txikizkako establezimenduetan dauden gasolio izakinak, bai eta horiek azken kontsumitzaileek erabiltzea ere, baldin eta, etendura araubidea agindu hau indarrean jarri aurretik azkentzeagatik, otsailaren 16ko 113/2009 Foru Aginduaren 13. artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako trazatzaileak eta markatzaileak eramaten badituzte (113/2009 Foru Agindua, otsailaren 16koa, zerga berezien zenbait eredu onartu eta zerga horien kudeaketan bete beharreko arau batzuk bateratu eta egunean jartzen dituena).    
               

Bigarren xedapen iragankorra.  Otsailaren 16ko 113/2009 Foru Aginduan jasotako trazatzaileak eta markatzaileak eramaten dituzten kerosenoak eta gainerako olio ertainak merkaturatzea. 

2024ko urtarrilaren 18ra arte, posible izango da merkaturatzea, barruko lurralde eremuan bakarrik, fabriketan, gordailu fiskaletan, biltegi fiskaletan eta baimendutako txikizkako establezimenduetan dauden keroseno eta gainerako olio ertainen izakinak, bai eta horiek azken kontsumitzaileek erabiltzea ere, produktu horiek Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50.1 artikuluko 1.12 edo 2.10 epigrafean ezarritako tasa murriztua aplikatuta jaso direnean, baldin eta, etendura araubidea foru agindu hau indarrean jarri aurretik azkentzeagatik, ez badituzte eramaten foru agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako trazatzaileak eta markatzaileak.               
               

Hala ere, keroseno izakinetan gertatzen bada etendura araubidea azkenduta dagoela foru agindu hau indarrean jartzen denean, eta izakin horiek gehienez 20 kilogramoko edukiera duten ontzietan ontziratuta badaude, banatzaileek posible izango dute horiek merkaturatzea eta azken kontsumitzaileek erabiltzea, barruko lurralde eremuan bakarrik, izakinak agortu arte.           
               

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Foru agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera, indargabeturik geratzen da Zerga berezien zenbait eredu onartu eta zerga horien kudeaketan bete beharreko arau batzuk bateratu eta egunean jartzen dituen otsailaren 16ko 113/2009 Foru Aginduaren 13. artikulua, bai eta foru agindu honetan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Azken xedapenetako lehena.  Europar Batasuneko Zuzenbidea gure ordenamendura ekartzea.

Foru agindu honen bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren araudira ekartzen da Batzordearen 2022ko urtarrilaren 17ko 2022/197 (EB) Betearazpen Erabakia, gasolioetarako eta kerosenorako markatzaile fiskal komun bat ezartzen duena.       
               

Azken xedapenetako bigarrena.  Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean, eta 2023ko abenduaren 9tik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2023ko abenduaren 16a.—Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua.            (9318)