Breadcrumb

Asset Publisher

Back «Ekonomiaren dinamismo onak posible egin du Gipuzkoak 2025erako diru-bilketaren hasierako aurreikuspenen betetze-maila gainditzea»

«Ekonomiaren dinamismo onak posible egin du Gipuzkoak 2025erako diru-bilketaren hasierako aurreikuspenen betetze-maila gainditzea»

Aurreikusten da ezen, urtea ixtean, lurraldean 6.638 milioi euro bilduko direla. 2026rako % 5,3ko hazkundea espero da, 2025eko itxieraren aurreikuspenarekin alderatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakunde, Gobernu eta Araudi Batzordean agertu da gaur, Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin batera, hartara euskal erakundeek atzo, astelehena, Gasteizen egindako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan egindako azterketaren berri emateko, aurtengo eta datorren urteko itxiera-aurreikuspenei dagokienez. Mendozak balantze bat egin du Gipuzkoako 2025eko diru-bilketaren zifrei buruz, eta nabarmendu du «ekonomiaren dinamismo onak» aukera eman duela 2025erako hasierako diru-bilketaren aurreikuspenak gainditzeko, hasieratik ere aurreko ekitaldikoak baino handiagoak zirenak. Hala, «aurreikusten da 2024an baino 568 milioi gehiagorekin ixtea urtea, % 9,4ko igoerarekin, eta 2025erako Finantzen Euskal Kontseiluan egindako kalkuluek baino % 2,17 gehiago biltzea, gutxi gorabehera 140,9 milioi gehiago». Horrela, aurreikusten da Gipuzkoak urtea ixtean 6.638 milioi euro bilduko dituela.

Hala ere, Mendozak zehaztu du bilketaren % 9,4ko hazkundea PFEZean preskribatu gabeko ekitaldietako (2019-2022) itzulketek baldintzatzen dutela, Auzitegi Goreneko mutualisten epaiaren ondoren. Itzulketa horien zatirik handiena 2024ko uztailean gauzatu zen, eta «guztira 233 milioi euroko eragin negatiboa izan zuen Gipuzkoako foru-kutxetan 2024an». Epai hori eman ezean, Mendozak azaldu du Gipuzkoako hazkundea % 5,5 izango zela 2025ean, aurreko urteetan erregistratutako mailekin bat etorriz.

2026. urteari begira, hazkunde-aurreikuspenei eutsiko zaie. Eusko Jaurlaritzak egindako koadro makroekonomikoak BPG nominala % 4 handitzea aurreikusten du 2026rako, eta, ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak % 5,3ko hazkundea aurreikusten du, hau da, 2025ean baino 349 milioi euro gehiago, aipatutako datuekin bat etorriz, 6.987 milioi euro inguruko bilketa lortu arte.

Kopuru horiekin, diputatu nagusiak lurraldearen sendotasuna nabarmendu du «nazioarteko geopolitikak markatutako ziurgabetasun-testuinguru baten aurrean, gure ekonomia-sareak erakutsi duen sendotasunari dagokionez, eta horrek lurraldeko merkatu estrategikoenetan izan duen eraginari dagokionez, hala nola Europan eta Estatu Batuetan. Horrela, salmentak % 2,3 igo dira aurten Gipuzkoan lehen zortzi hilabeteetan, lurraldeko BPGk % 2ko urte arteko hazkundea izan du (Eustat), langabezia-tasa % 4,1 da (Eustat), lurraldean enplegatutako pertsonen kopuruak,

Ogasun eta Finantza Departamentuaren beraren datuen arabera, gora egiten jarraitzen du (% +0,6) eta langileen batez besteko ordainsaria % 4,1 igo da urteko lehen zortzi hilabetean iazko datuekin alderatuz, abuztuko KPIa, % 2,9, baino handiagoa (Eustat). Ildo horretan, Mendozak adierazi duenez, "zuhurrak izan behar dugu eta nazioarteko testuinguruari adi egon, baina konfiantza dugu gure ekonomia-sarearen portaera, egun bezala, etorkizunean ere ona izango dela, eta, beraz, gure bilketa-aurreikuspenak positiboak dira".

Udal Finantzaketarako Foru Funtsa

Udal Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketa-mekanismo nagusiak, aurreikusitakoa baino 694 milioi euro gehiagoko zuzkidura izango du 2025ean (% 3). Itziar Agirrek, Ogasun eta Finantzetako diputatuak, zenbateko horren berri eman du gaur goizean, Foru Jauregian lurraldeko udal-ordezkariekin Gipuzkoako Finantza Kontseiluan izandako bileran. Agirrez gain, honako hauek ere izan dira: Irune Berasaluze, Gobernantzako foru diputatua; Azahara Dominguez, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatua; José Ignacio Asensio, Iraunkortasuneko foru diputatua; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politikako zuzendaria. Eudelen aldetik, honako hauek bertaratu dira: Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea; Jon Iraola, Eibarko alkatea; Kerman Orbegozo, Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako zinegotzi ordezkaria; Joana Mendiboure, Oiartzungo alkatea; Joseba Intxausti, Eudeleko antolaketaburua; eta Xabier Gaztelumendi, Ogasun eta Finantza Departamentuko Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzuko burua.

Itziar Agirrek gogorarazi du EAEko sistema instituzionala arrisku partekatuko sistema bat dela, eta, kasu honetan, albiste positiboak daudenean, maila instituzional guztien onerako dela. Horrela, 2025ean udalek jasoko dituzten 694 milioi euroez gain, jakinarazi du 2026an UFFFk 721,2 milioi euro izango dituela, hau da, 2025eko ekitaldiko likidazio-aurreikuspena baino 27,2 milioi euro gehiago (% 3,9). Historiako foru funts altuenak dira. Gainera, 2026ko kasuan, funtsaren zuzkidura 700 milioi eurotik gorakoa izango da lehen aldiz.

  

2128