Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Aldundiaren finantzak indartzen jarraituko dugu, haizea aldatzen denean prest egon gaitezen”

“Aldundiaren finantzak indartzen jarraituko dugu, haizea aldatzen denean prest egon gaitezen”

Jabier Larrañaga foru diputatuak 46,9 milioiko amortizazio gehigarria jasotzen duen Foru Arau proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan

2019/10/17

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatu den Jabier Larrañagak aurten 46,9 milioi euroko zorraren amortizazio gehigarria jasotzen duen Foru Arau proiektua aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan. “Esan beharrik ez dago zorraren murrizte honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzak indartzen dituela eta ekonomiaren haizea aldatzen den momenturako hobeto prestatuta uzten gaituela”, adierazi du foru arduradunak. Amortizazio gehigarri honek foru Ganberaren oniritzia jasotzen badu, Aldundiak 95,6 milioi euro amortizatuko lituzke guztira 2019an. 
Larrañaga Ogasun eta Finantza Batzordean agertu da gaur araudiaren berri emateko. Gaurkoaren ostean, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko du zorraren amortizazio gehigarria jasotzen duen Foru Arau proiektua. Foru diputatuak gogoratu duenez, Foru Aldundia ahalegin berezia egiten ari da alor honetan eta, azken neurri hauekin, 2015 urtetik gaur egunera bitartean %23 murriztu du bere zorra. “Hau da, 562 milioitik 432 pasa gara eta, etorkizunera begira, gure asmoa bide beretik jarraitzea litzateke”, adierazi du, gogoratuz Aldundiaren asmoa dela hasi berri den legealdian krisi aurreko zor mailetara itzultzea. 
Larrañagak adierazi duenez, azken urtetan izandako emaitza positiboek eta superabitek ahalbidetu dituzte azkeneko zorraren amortizazioak. “Alde batetik, ekonomiaren sendotasunak egiten du posible honelako neurriak hartzea; eta beste aldetik, azken urteotan egindako kudeaketa zorrotzak”, azaldu du foru diputatuak. “Askotan esan dugu zein den gure kudeaketaren xedea: eguneroko beharrei erantzun eta, aldi berean, etorkizuneko apustuak egin. Horretarako ere, oso lagungarria zaigu Aldundiaren finantza egoera indartzen jarraitzea.”, azaldu du. 

Amatasun eta aitatasun prestazioak
Bestalde, batzorde berean landu da amatasun eta aitatasun prestazioei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) egindako atxikipenen itzulketa gaitzeko Foru Arau proiektua, 2014 eta 2017 urteetan erreklamazioa jarri eta ezezkoa jaso zuten zergadunei zuzendua. Orain, gaia Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko da. “Gaur egun indarrean dagoen araudiak ez du aukerarik ematen irmo bihurtu den espedientea berriro ere irekitzeko. Honenbestez, ez da posible hauen inguruko inongo neurririk hartzea, eta beharrezko egin du Foru Arau proiektuaren tramitazioa martxan jartzea”, azaldu du Larrañagak.

  

1883