Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Denon ekarpenak dira beharrezkoak, eta tresna berritzaile honekin bideratu nahi dugu Gipuzkoaren geroaren eraikuntza”

“Denon ekarpenak dira beharrezkoak, eta tresna berritzaile honekin bideratu nahi dugu Gipuzkoaren geroaren eraikuntza”

Diputatu nagusiak, Markel Olanok, gizarte antolatuko 300 ordezkarirekin partekatu ditu gaur Etorkizuna eraikiz proiektuaren ardatz nagusiak

Herritarrek etorkizunagatik duten kezkarekin bat egin nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna eraikiz proiektuaren bitartez eta, erreminta hau erabiliz, biharko erronken inguruan gogoeta egin  eta saiakera praktikoaren bitartez ebaluatu. Iritzi publikoa neurtzeko egindako inkestek geroarekiko ardura hori agerian utzi dute eta, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok adierazi duenez, foru erakundeari dagokio “herritarrengana hurbildu, kaleko kezka horri eutsi eta irtenbide bila lanean jartzea, aurrera begira behar den bezala erantzun ahal izateko”. Horrela adierazi die gaur Etorkizuna eraikiz egitasmoa gidatzen duen Olano berak Gipuzkoako gizarte antolatuko 300 bat ordezkariri, guztiei eskua luzatu eta proiektuan parte hartzeko gonbita eginez.
Atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan proiektua aurkeztu ostean, proiektua gizarte antolatuarekin partekatzeko txanda izan da gaurkoa, Donostian burutu den ekitaldi baten baitan. Olanoz gain, Denis Itxaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatuak eta Pedro Miguel Etxenike, Donostia International Physics Centerreko presidenteak ere hartu dute hitza, eta baita lurraldean egoitza duten lau unibertsitateko ordezkari nagusiek ere: EHUko Iñaki Goirizelaiak, Mondragon Unibertsitateko Vicente Atxak, Deustuko Jose Mª Guibertek eta Nafarroako Unibertsitateko Iñigo Puentek.

300 gonbidatuek txiki utzi dute Tabakalerako Patio aretoa. Tartean ziren, besteak beste, Batzar Nagusietako lehendakaria, Eider Mendoza; Agirre Centerreko Juan Jose Ibarretxe; DSS2016ko Pablo Berastegui eta Xabi Paya; Gipuzkoako Bazkundeko Pedro Esnaola; Kutxabankeko Xabier Iturbe; Laboral Kutxako Txomin Garcia eta Julio Gallastegi; ADEGIko Peio Guibelalde eta Jose Miguel Ayerza; ASPEGIko Julia Fernandez; AFMko Xabier Ortueta; Indar enpresako Alex Belaustegui; CAFeko Andres Arizkorreta; ULMAko Josetxo de Frutos; MCCko Iñigo Ucin; Elkar-eko Joxe Mari Sors; ASPACEko Jose Luis Madrazo; Gautenako Ramon Barinaga; Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Itxaso Andueza; eta Etxepare Institutuko Aizpea Goenaga. Lurraldeko udalerrietako ordezkaritza zabala ere bertan izan da, Donostiako alkate Eneko Goia buru.
Eragile hauei zuzenduz, Etorkizuna eraikiz egitasmoaren bitartez “erlazio diplomatikoetatik benetako lankidetzara” pasa nahi duela esan du Olanok. “Bat egin nahi dugu Gipuzkoan antolatuta dauden eragile nagusietan dauden pertsona eraginkorrekin eta benetan eguneroko lanean pisuzko erabakiak hartzen ari diren horiekin”, azaldu du. “Denon ekarpenak dira beharrezkoak, eta tresna berri eta berritzaile honen bitartez bideratu nahi dugu Gipuzkoaren geroaren eraikuntza”, esan du. Azkenik, Etorkizuna eraikiz denen proiektua dela esan du eta, horregatik, eztabaida politikotik kanpo uztearen alde egin du: “Denon artean egin dezagun egitasmoa iraunkor, denboran jarraipena emanez”.

 
Bi zutabe nagusi
Proiektua bi lan eremu nagusitan banatzen da. Alde batetik, GipuzkoaLab, ekonomia, gizarte eta kultura arloetako esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena. Saiakera hauek ebaluatu ostean, ondorioak politika errealean txertatuko dira. 2016an bertan lau ekimen jarriko ditu martxan proiektuak: bi enpresa munduan, bat gizarte politiketan eta beste bat euskararen esparruan. Lehen arloan partaidetza eta kontziliazioa sustatu nahi dira, eta horretarako 20 esperientzia pilotu jarriko dira martxan beste hainbat enpresetan, mila lagunen parte hartzearekin. Adinduen arretarako erreferentziazko zentro aurreratu bat garatuko eta beste lau esperientzia jarriko dira martxan gizarte politikari dagokionez, eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia litzateke laugarrena.

Ekonomia, gizarte eta kultura arloetako esperientzia pilotuak martxan jarriko dira eta, gero, saiakera hauek ebaluatu ostean, ondorioak politika errealean txertatu

Bigarren zutabeak Gipuzkoa Taldean izena hartzen du, gizarte antolatua proiektuan inplikatuko duena. Gobernantza eta gogoeta organo hau eremu anitzetako 60 ordezkarik osatuko dute eta Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzea izango dute xede, hausnarketa eta saiakera praktikoak uztartuz. “Galdera ez da zer gertatuko den hemendik 30 urtera, baizik eta zer egingo dugun guk hemendik hamar urtera eta nola egin hau gauzatzeko”, esan du diputatu nagusiak.
Bi oinarri nagusi hauek osatzeko hiru zeharkako ekimen jarriko dira abian. Ikergune, batetik, Gipuzkoako unibertsitate sistema aktibatu eta Etorkizuna eraikiz proiektuaren inguruan lanean jartzea izango du xede, foro hauetan eta foro hauetatik hausnarketa, azterketa, jarraipena eta eztabaida sustatuz. Nazioartekotze sarearen bitartez, bestalde, kanpoko esperientzia arrakastatsuak aurkitu eta inportatuko dira, eta Gipuzkoak mundu mailako agertokian dituen harremanak sendotu eta berriak eraikiko ditu. Azkenik, gizarteratze prozesuak herritarrekin partekatuko ditu proiektuaren baitan egindako aurkikuntzak, eratorritako ondorioak eta lurraldeak dituen erronkei buruzko hausnarketa.

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

2139