“Elkano, euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia”
“Elkano, euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia”
Munduaren inguruko lehen itzuliaren espedizioan euskaldunek egindako ekarpena jaso du Daniel Zulaikak liburu batean
- Nabigatzaileei eta bidaiaren antolatzaileei buruz, nahiz herriak itsasoarekin izan duen lotura luzeari buruz bi urtetan zehar egindako ikerketaren emaitza da.
- Hiru nao euskaldunek hartu zuten parte espedizioan, baita hogeita bi bizkaitar, bederatzi gipuzkoar eta hiru nafarrek ere, horien artean marinelak eta beste lanbide batzuetako eskifaia-kideak; horietatik seik lurraren inguruko itzulia burutu zuten.
Daniel Zulaikaren “Elkano, euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia” bi urtetan zehar historiaren arloan egindako ikerketaren emaitza da; lehenengo aldiz modu ordenatuan berrikusi, aztertu eta dokumentatu da orain 500 urte, 1519 eta 1522 artean, Juan Sebastian Elkanok munduaren inguruan burututako itzulian euskaldunek izan zuten zeregina.
Autoreak gaur goizean aurkeztu du liburua Donostiako Euskal Itsas Museoan; berarekin izan dira Gipuzkoako Kultura diputatu eta Elkano 500 Fundazioko patrono Denis Itxaso; entitateko zuzendari Ion Irurzun eta museoko zuzendari Xabier Alberdi. Hiru entitate horiek eta Kutxa Fundazioak lagundu dute lana argitaratzen, euskaraz zein gaztelaniaz kaleratu dena. Lana bertsio digitalean eskura daiteke, doan, Elkano 500 Fundazioaren web orrian (elkanofundazioa.eus) eta Euskal Itsas Museoaren orrian (itsasmuseoa.eus). Paperezko aleak banatuko dira EAEko liburutegi publikoen sarean.
Zulaikak azpimarratu du “lan horren ildo nagusia euskaldunak direla, espedizioan parte hartu zutenak, antolaketan eta espedizioa abian jartzeko lanetan ibili zirenak, eta baita herria bera ere, talde gisa, itsasoari lotutako historia luzearekin”. Zulaikaren hitzetan “ez zen kasualitatea izan euskaldunak munduaren inguruko lehen itzulian izatea”; euskaldunek nabigazio eta ontzigintzarako zuten gaitasun handiak ezinbestekoa egin zuen horien presentzia XVI. mendeko espedizio ozeanikoetan. Gainera, Zulaikak esan du “beste era bateko” hurreratzea egin nahi izan duela, “norbanakoaren gainetik taldeari garrantzia emanez”; izan ere, munduaren inguruko lehen itzuliari buruzko lan gehienak Fernando de Magallanes eta Juan Sebastian Elkanoren biografiak dira, eta gainontzeko parte-hartzaileak itzaltzen dituzte.
Ahalegin “bateratzailea”
Denis Itxaso Kultura Diputatuak azpimarratu du Zulaikaren liburuan argi azaltzen dela” Euskadin eta orohar Gipuzkoan beti izan garela ekintzaileak gure ingurua transformatzeko”. Bestetik Itxasok adierazi du obra honek ederki islatzen duela euskaldunok ekarpen handia egin dugula gizateriaren lorpen garrantzitsuenetako bat lortzera “eta horrek Euskadiri errekonozimendu handia eman dio dudarik gabe”.
Elkano 500 Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek aurkezpenean nabarmendu du Zulaikaren ikerketa lan “original eta beharrezkoa” dela, kontuan hartu behar baita euskaldunak munduaren inguruko lehen itzuliari buruzko dokumentu askotan agertu arren, informazio hori “sakabanatua” zegoela, eta beharrezkoa zen ahalegin “bateratzailea” egitea
zenbait elementuren arteko lotura egiteko: ontzigintza bost mendetan zehar, Euskal Herria, Sevilla, Kontratazio Etxea, Magallanes-Elkano armadaren eraikuntza, munduaren inguruko nabigazioa, Bizkaia eta Gipuzkoako tripulatzaileen deskribapena, horien artean Elkano bera, eta beren patua”.
Lan hau espedizio hartan parte hartu zuten euskaldunen bizitzan sakontzeko etorkizunean egingo diren lanen abiapuntua izatea nahiko luke Zulaikak, bai espedizio aurreko bizitza eta baita ondorengoa aztertzeko ere. “Ziur nago istorio hau bera oso modu desberdinean idatziko dela hemendik hiru urtera”, esan du Daniel Zulaikak.
Marinel, eraikitzaile eta administratzaileak
Ontziratu zirenen artean, hogeita bi bizkaitarrak ziren, bederatzi gipuzkoarrak, eta beste hiru nafarrak. Horrez gain, itsasoratu ziren bost naoetatik hiru, Victoria, San Antonio eta Trinidad hain zuzen, Ondarroa, Erandio eta Lekeitiokoak ziren hurrenez hurren. Euskaldunen artean marinelak ziren batzuk, eta beste batzuk berriz, zurginak, bikeztatzaileak, arma-gizonak, bizargina (sanitarioa) eta despentsaria. Horietatik guztietatik seik munduari bira eman zioten: Elkano eta Pedro de Tolosa gipuzkoarrak; Juan de Acurio, Juan de Zubileta, Juan de Arratia eta Pedro Chindarza, bizkaitarrak.
Eskifaia-kideen bizitzari buruz eta espedizioan izan zituzten gorabeherei buruz Zulaikak bildu dituen xehetasun guztiak irakur daitezke liburuan. Bidaiari buruzko hainbat pasarte garrantzitsutan “euskaldunak protagonista paperean aurkitzen ditugu askotan”.
Era berean, euskaldunen taldeak zeregin nabarmena izan zuen garaiko une garrantzitsu batean, Sevillan, XIII. mendean hiria konkistatua izan zenetik; euskaldunek eragin handia izan zuten Gaztelako administrazioan eta Sevillako Kontratazio Etxean; eta ontzigintzan ere ospe handia zuten, izan ere “Amerikara joan ziren ontzien %80a Kantauri mendebaldean eraiki zen”.
Daniel Zulaika, historiarekin maitemindutako medikua
Daniel Zulaikak (Zarautz, 1951) berriro ekin zien historiako ikasketei Osakidetzan bere lana amaitu eta gero. 2018an gehienezko kalifikazioa lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean egin zuen gradu amaierako lanagatik: “Euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia”. Elkano 500 Fundazioko aholku batzordeko kidea da, eta hainbat hitzaldi eman ditu, lurra biribila zela frogatu zuen bidaian euskaldunek izan zuten zeregina zabaltzen lagunduz.
2284