Breadcrumb

Asset Publisher

Back "Elkarlanean gipuzkoar guztion etorkizuna bermatzeko oinarri sendoak eraikiko ditugu"

"Elkarlanean gipuzkoar guztion etorkizuna bermatzeko oinarri sendoak eraikiko ditugu"

Markel Olano izendatu dute Gipuzkoako diputatu nagusi Batzar Nagusietan.

Markel Olano

Kalitatezko enplegua eta etorkizuneko ekonomiko lehiakorra sustatzea, gizarte babes sistema justua indartzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraldatzea. Horiek izango dira datorren foru gobernuaren helburu eta konpromiso nagusiak, Markel Olanok (Beasain, 1965) Batzar Nagusietan gaur goizean diputatu nagusia aukeratzeko egindako Osoko Bilkuran adierazi duenez. Gipuzkoa egoera “onean” badago ere, etorkizuneko ongizatea bermatzeko “agenda berri bat” abiarazi eta “politika egiteko forma berriak” indartzeko proiektua aurkeztu du bertan jarduneko diputatu nagusiak. 

Olanok aitortu duenez, “gogotsu” eta “erantzukizunez” helduko dio hirugarren aldiz Gipuzkoako diputatu nagusi izateko erronkari. Horrela, “herritarrek hauteskundeetan emandako mandatuari” entzun eta “lurraldea sendotzen jarraitzeko” asmoa erakutsi du. “Legealdi emankorra itxi eta indartsu gatozelako berriro, ideia eta proiektu berri askorekin”, aurreratu du, batzarkideen eta bertaratutako gonbidatuen aitzinean egindako hitzaldian.

Hautagaiak, bere mintzaldiaren hasieran, berretsi du gainditu dela dagoeneko lurraldeak bizi izandako “blokeo eta atasko egoera”. “Duela lau urte anbizio handiko helburua ezarri genuen: lurralde sendoa izatea, ekonomikoki aurreratua eta sozialki kohesionatua. Ausartuko nintzateke esatera emandako hitza ondo bete dugula”, balioetsi du hautagai beasaindarrak. Hala eta guztiz ere, autokonplazentziatik urrun, lurraldea indartzen segitzeko “nahi kolektiboari bidea emateko” ardura hartu du bere gain.

“Oraingo ongizatea ez ezik, elkarlanean gipuzkoar guztion etorkizuna bermatzeko oinarri sendoak eraikiko ditu”, laburbildu du. Horretarako, “umiltasuna eta gizartearekin hasitako auzolana” gobernu jardunaren “ezaugarri” bezala ezarri ditu eta, jarritako helburuak gauzatzeko, berriz, “lan ildo estrategikoak” eta “neurri zehatzak” proposatu ditu bere mintzaldian.

Ekonomiaren alorrean, Europan eta mundu zabalean nagusitzen ari diren “ezegonkortasun politikoa, gerra komertziala eta desazelerazio mehatxuaren aurrean”, enpresen “ondoan” jarraituko duela ziurtatu du, horiek sendotzeko talentua, kontziliazioa, langileen partaidetza eta ikerkuntza sustatuz. Gainera, enpresen eraldatze prozesuak lagundu asmoz, 4.0 industria, digitalizazioa, berrikuntza eta adimen artifiziala bultzatzeko determinazioa azaldu du. Testuinguru horretan, ekonomia aktibitate berria hauspotzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea izango dira Aldundiaren eginbehar nagusietako bi.

Ekonomiaren lehiakortasuna bultzatzeko alorrean kokatu ditu Olanok, baita ere, “politika fiskal justu, bidezko eta progresibo” baten aldeko apustua, nahiz bide-azpiegitura eta garraioetan egin beharreko inbertsioak. “Errepide sarearen modernizazio adimentsua landuko dugu eta garraio azpiegiturak indartuko ditugu”, azaldu du, Hondarribiako aireportua, Pasaiako portua, Abiadura Handiko Trena eta Topoa aintzakotzat hartuz.

Gizarte kohesioa eta zahartzaro osasuntsua
Gobernu jardunaren bigarren helburu nagusi gisa, “gizarte politiken eraginkortasuna eta bideragarritasuna bermatzea” kokatu du hautagai beasaindarrak, modu horretan “elkarbizitza kohesionatua” sustatu eta “inor ongizatetik kanpo” gera ez dadin. “Aldaketa izugarriak bizitzen ari da gure gizartea: populazioa zahartzen ari da, familia egiturak eraldatzen, balioak eta bizimoduak aldatzen, migrazio fluxuak… Egoera berriei eta etorkizunean etorriko direnei erantzuteko prestatu behar dugu gizartearen babes sistema”, gogoeta egin du. Hortik abiatuz, “gizarte kohesioa eta babesa” hobetzeko zenbait lan ildo aurreratu ditu: ekimen komunitarioa eta gizarte ekimena sustatzea; gizartearen zahartzeari erantzuteko eredu integrala –adinekon arretarako lau egoitza berri eraiki eta beste hainbeste berrituko dira, eta egoitzetan 500 plaza berri zabaltzea aurreikusi ditu–; eta behar berriei erantzuteko berrikuntza sustatzea, hala nola.

Puntu honetan, azpimarra jarri du Olanok langabezian, pobrezian, zein bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonetan, horiek izango baitira gobernu jardunaren lehentasun nagusietako bat, “aurreko legealdian arrakastaz abiatu genuen Elkar Ekin programaren bitartez”. Aurreikusi duenez, programa honetan sakondu eta datozen lau urteetan gizarteratzeko laguntza eskainiko die plangintza honek 16.000 herritarrei eta, horien artean, 4.000 lagunei lanpostu duin bat lortzea jarri du helburu gisa. Zifra honi gehituz gero ekonomia planaren bitartez sortu nahi diren 6.000 lanpostuak, diputatu nagusiak helburu gisa jarri du datorren legealdian Aldundiaren ekimenen bitartez gutxienez 10.000 lanpostu berri sortzea jarri du xede.

“Ziur gaude, gizarte kohesionatua bermatzen duen eredua dela tresnarik egokiena mundu mailan etengabe hedatzen ari den populismo xenofoboari aurre egiteko”, berretsi du EAJ-PNVren hautagaiak.

Etorkizuna eraikiz eta espezializazio adimentsua
Jarraian, Olanok proposatu du “gobernatzeko moduetan elkarlaneko eredu irekiak eta parte-hartzaileak sustatzen jarraitzea”. Helburu horrekin martxan jarritako Etorkizuna Eraikiz egitasmoa “errealitate ilusionatzaile eta sendo” gisa definitu du eta lurraldearen geroa gizarte antolatuarekin eta herritarrekin elkarlanean “diseinatu eta lantzeko” determinazioa berretsi du. “Etorkizuna Eraikiz indartzea izango da gure lurraldearen etorkizuna indartzea”, aipatu du.

Irizpide horri jarraituz, espezializazio adimentsuan aurrerapauso berriak ematea proposatu du, Aldundiak bide horretan eratutako zazpi zentroen eskutik: Adinberri, Ziur, Mubil, LABe, 2deo, Naturklima eta Koldo Mitxelena berria. “Lehen pausoak emanda, guztiak finkatu, osotasunean martxan jarri eta garatzea izango da legealdi berriko erronka”, zehaztu du Olanok. Aldundiak urtero 20 milioi euro bideratuko ditu konpromiso hau gauzatzera, diputatu nagusiak xehetu duenez. 

Olanok, amaitzeko, xehetu ditu bere hautagaitzaren gainontzeko helburu nagusiak. Horien artean aipatu ditu mugikortasun eredu integrala hobetzea, “munduan kokatzen gaituzten” kultura eta euskara bultzatzea, elkarbizitza hobetzeko “kultura demokratikoa sendotzen jarraitzea”, lurralde oreka, Foru Aldundiaren eraldatzea, lurraldearen gaztetzea eta iruzur fiskalaren aurkako borroka areagotzea. Gainera, aldaketa klimatikoaren arazo globalari tokiko erantzunak ematea foru gobernuaren “zereginen erdian” kokatu du eta birzikaltze tasa %70era igotzeko lan egingo duela jakinarazi du.

Ziur gaude, gizarte kohesionatua bermatzen duen eredua dela tresnarik egokiena mundu mailan etengabe hedatzen ari den populismo xenofoboari aurre egiteko.

“Gizon-emakumeen desberdintasun maila hobetzeko buru-belarri lanean jarraitzea ere ezinbesteko eginbeharra dugu, kristalezko sabairik gabeko gizarte justuago bat eraiki nahi badugu. Asko aurreratu dugu azken urteotan, baina intentsitatea eta koordinazioa indartu behar ditugu, biolentzia matxista errotik gainditzeko eta berdintasun politika integralak bultzatzen jarraitzeko”, osatu du.

Elkarrizketa eta akordioak
Olanok, baita ere, aipamen berezia egin die bere hautagaitzaren aurkezpenean bortizkeriak lurraldean utzitako biktimei. “Ezin dugu sufrimendu hori ahaztu, jasan duten eta oraindik ere pairatzen duten sufrimendua aitortzeko obligazioa dugu. Gure ardura da kalte horiek erreparatu daitezen gure esku dagoen guztia egitea”, gehitu du. Horregatik, gertatutakoa inoiz errepikatu ez dadin “egiazko kultura demokratikoan” sakontzeko deia egin du, eta horretarako beharrezko “autokritika” eta “memoria” aldarrikatu ditu.

Aldi berean, Euskadik bizi duen “gatazka politikoa gainditzeko” ere “irizpide demokratikoak” jarraitzearen alde egin du. Aipatu du Eusko Legebiltzarrean martxan dagoen ponentzia, erabakitzeko eskubidea erakundetzea helburu duena, eta ohartarazi du “gai horretan akordiorik gabe” ezinezkoa izango dela “gure herrian gai honen inguruko akordiorik gabe”. Amaitzeko, BBNNetan dauden talde politikoei eskua luzatu die datozen lau urteotan guztion arteko “elkarrizketa” eta “akordioak” gauzatzeko.

  

2673