'Etorkizuna Eraikiz', Bidasoa Activak antolatutako lan saioan
'Etorkizuna Eraikiz', Bidasoa Activak antolatutako lan saioan
Imanol Lasa diputatuak dinamika aurkeztu die enpresetako eta hezkuntza zentroetako 40 ordezkariri
Etorkizuna Eraikiz dinamikaren lan ldo estrategikoak eta horren barruan onartutako proiektu nagusiak partekatu ditu gaur Foru Aldundiak Bidasoaldeako ekonomia ehunaren hainbat eragilerekin, Bidasoa Activa garapen agentziak antolatutako lan saioaren testuinguruan. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak dinamikaren xehetasunak azaldu dizkie eskualdeko enpresa eta hezkuntza zentroetako 40 ordezkariri. Berarekin batera, Palmera Montero gunean antolatutako ekitaldian, parte hartu dute Jose Antonio Santano Irungo alkateak, Miguel Angel Paez Bidasoa Activa-ko presidenteak, eta Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategikoko foru zuzendariak.
Gipuzkoako garapen agentzia guztiekin sektorekako topaketak egitea da Aldundiaren asmoa, eskualdez eskualde, Etorkizuna Eraikiz gizarteratzeko estrategiaren barruan, lurraldeko eragile nagusiak inplikatzeko. Enpresekin ez ezik, lan saioak egingo dira gizarte politiketako elkarteetako ordezkariekin, eta baita beste esparruetakoekin ere, lurraldearen etorkizuneko erronkei modu partekatuan aurre egiteko estrategian partaide izan daitezen, hainbat arlotan: zibersegurtasuna, adinekoen arreta, elektromugikortasuna, garraiorako azpiegiturak, edota liburutegi eta kultur zentroen eraberritzea.
Lasak nabarmendu duenez, Etorkizuna Eraikiz-en bitartez gorpuztutako lanerako molde berria “ez da koiunturala, estrukturala baizik”, eta “gelditzeko” iritsi dena. Molde horrek erakundeen eta arlo guztietako eragileen arteko etengabeko elkarlana eta esperimentazioa ditu oinarri, gizartea eta politika publikoak eraldatuko duten proiektu berritzaileak abiarazteko. Ildo horretan, “ezinbesteko bidelaguntzat” jo ditu garapen agentziak, eskualde guztietan egiten duten lanagatik jarduera ekonomikoa sustatzen, eta enpresei eta ekintzaileei babesa eskaintzen proiektu berriak martxan jartzeko “gero eta testuinguru lehiagorrago eta aldakorragoan”: “Oso garrantzitsua da haien gertutasuna”.
Industrian, eta enpresa txiki eta ertainetan jarri du azpimarra Diputatuak, “gure ekonomia sarearen eta lanpostuen sorreraren bihotza” direlako. Industria sektoreak Gipuzkoaren BPGaren %28 ekoizten du, lana ematen die 74.00 laguni, eta bere produkturaren %83 esportatzen du. Ildo horretan, nabarmendu du zibersegurtasuna “giltzarri” dela gure lehiakortasuna bermatzeko nazioarteko merkatuetan, eta Aldundiak Etorkizuna Eraikiz-en eskutik martxan jarriko duen zentro berriak “aurrerapen handia” ekarriko duela lan horretan, gaur egun dauden mehatxuei aurre egiteko eta negozio eredu berriak zabaltzeko balioko duelako, produktu industrial berriak frogatuz eta finkatuz. Apustu horren barruan, lurraldeko hezkuntza zentroak engaiatuko dira. Izan ere, urritik aurrera Mondragon Unibertsitateak master berria eskainiko du arlo honetan, eta IES Zubiri Manteok, berriz, LH dualeko zikloa.
“Eszenatoki aldaketa baten aurrean gaude. Esan ohi da arrain handiak txikia jaten duela, baina gaur egun, azkarren egokitzen denak egiten du aurrera, bere tamaina edozein dela ere”, adierazi du Lasak. Hori dela-eta, aurreratu du Aldundiak proiektu bat jarri duela martxan Gipuzkoan 20 eta 99 langile artean dituzten enpresa industrial guztiengana iristeko -500 inguru guztira-, garapen agentziekin elkarlanean, foru erakundeak zein beste erakundeek fabrikazio aurreratuari eta 4.0 industriari lotutako finantziazio aukerak eta babeserako egitasmoak ezagutaraziz. 200.000 eurorekin hornitutako programa horrek enpresen “%100era” iristea aurreikusten du 2018rako.
Aurkezpena amaitzerakoan, bertaratutako pertsonei Etorkizuna Eraikiz-en parte hartzeko gonbidapena egin die Lasak, eztabaidarako txanda zabalduz; hainbat galdera eta hausnarketa egin dituzte parte-hartzaileek.
4.0 industria
Imanol Lasaren hitzaldiaren aurretik, Bidasoa Activa agentziaren eskutik, Bidasoako eskualdeko 4.0 Industria Planaren ondorio nagusiak, eta Berrikuntza Babesteko Programaren proiektuen egoera aurkeztu dira, Idom Consulting-eko Antonio Lazaroren ahotik. Ekimen horietan parte hartu duten enpresetako bik, Algon eta Valvulas Zubik, lekukotzak eskaini dituzte. Diego Badiolak eta Erika Usabarrenak ordezkatu dituzte, hurrenez hurren. Era berean, Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendari Garikoitz Agotek erakundea lurralde mailan garatzen ari den proiektuen berri eman du, 4.0 Industria Planaren barruan jasotakoak, hain zuzen.
1925