Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Etorkizuneko eraldaketa sakonei aurre egiteko urrats berri bat” egin du gaur Aldundiak lan eskaintza publikorako azterketarekin

“Etorkizuneko eraldaketa sakonei aurre egiteko urrats berri bat” egin du gaur Aldundiak lan eskaintza publikorako azterketarekin

Partaide kopuruaren aldetik, azken hamarkadako proba jendetsuena izan da Irungo Ficoba erakustazokan gauzatu dena, 1.745 izangairekin. Aldundiko 32 administrari plaza beteko dira

2023/11/04
Irune Berasaluze

Irune Berasaluze


Gaur goizean 1.745 izangaik hartu dute parte 32 administrari plaza betetzeko hautaketa prozesuaren azterketan, Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, Irungo Ficoba erakustazokan.  Nabarmentzekoa da probak gunearen hiru pabilioi oso hartu dituela, lehiaketa publiko hau azken hamarkadan izangai gehien batu dituena izan baita, izena emanda 2.680 izangai zeudelarik. Hain justu ere, erakundeak bere historian egin duen lan eskaintza publiko handienaren baitan egin da prozesu hau. Foru erakundea lanpostuak egonkortu eta plantila berritzeko garatzen ari den prozesu sakonean, hala, “urrats berria” egin dela azaldu diputatuak Irune Berasaluze, Gobernantza diputatuak: “Zehazki, administrarien egonkortze prozesu honetan 151 lanpostu finkatuko dira erakunde osoan, bultzada emango dietenak Aldundiaren datozen urteetako eraldaketa eta erronkei”. Era berean, gisa honetako deialdi batek suposatzen duen ahalegin eta esfortzuari balioa eman dio diputatuak, Funtzio Publikoko pertsonal teknikoaren eta arduradun guztien lan handia eskertuz. Lanpostuak betetzeaz gain, prozesu honekin lan-poltsa berria osatuko du Aldundiak azterketa gainditzen duten izangaiekin. Halaber, abenduan, administrarien deialdi berri bat iragarriko dela aurreratu du diputatuak, deialdi arrunta kasu honetan, beste 100 plaza huts betetzeko balioko duena.

Gaurko deialdia administrazio publikoan aldi baterako lanpostuen kopurua murrizteko 2021 urteko Egonkortze Legearen (20/2021 Legea) barruan Gipuzkoako Foru Aldundian abiarazitako prozesuen artean kokatzen da. Marko honetan bertan, eta prozesu honi dagokionez, aurretik 119 administrari plaza merezimendu-lehiaketa bitartez beteko dira eta gaurko azterketarekin, oposaketa lehiaketa bidez 32 plaza. Deialdi honetan gainera, lau plaza eskaini dira desgaitasuna duten pertsonentzat. Lanpostu hauek Aldundiak 2024 urtea amaitu baino lehen ebatzi beharko ditu.

Gaurko proba honek, halaber, ezaugarri berezia izan du, azterketa hori bera egin dute-eta Errenteria, Lezo, Arrasate, Urnieta eta Zarauzko udaletako hainbat hautaketa prozesutako izangaiek ere. Udaletako postuak betetzeko prozesu hauei dagokienez,  izangaiek azterketa bera egiten dute eta Aldundiak epaimahai lana hartu du bere gain, ondoren emaitzak administrazio bakoitzaren esku utziko dituelarik, bakoitzak bere prozesuarekin jarrai dezan. Aldundiko prozesuan parte hartzeaz gain, beste 180 izangai daude soilik Udal hauetako prozesuetan parte hartzen dutenak. Honen harira, “erakundeen arteko elkarlana eta prozesuak koordinatzeko eta eraginkorrago bihurtzeko” egindako lankidetza estua nabarmendu nahi izan du Irune Berasaluzek.

Gaur Irunen egin den azterketa Aldundiak abian dituen hainbat lan eskaintza deialdietako bat da. Aipatutako 20/2021 Legea betez, 422 lanpostu publikoren eskaintza ari da bideratzen foru erakundea. Abiarazitako deialdi publikoak 68 dira, horietatik 46 lehiaketa bidez ebatzi beharrekoak eta 22 oposaketa lehiaketa bidez, hain justu ere. Helburua da datozen urteetan legeak ezarritako % 8ko aldi-baterakotasun tasara iristea. “Aldundia eraldaketa prozesu betean aurkitzen da”, Berasaluzek azaldu duenez, eta “pertsonal mailan erakundearen plantila egonkortzea eta belaunaldi berriei bidea irekitzea, etorkizunari begirako erronka nagusienetako bi dira”, gaur egun foru erakundean.

  

2464