Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Euskararen eta euskal kulturaren unibertsoaren ateak zabaldu dizkiozue hainbat eta hainbat belaunaldiri”

“Euskararen eta euskal kulturaren unibertsoaren ateak zabaldu dizkiozue hainbat eta hainbat belaunaldiri”

Elkar Taldeak Gipuzkoako Urrezko Domina jaso du diputatu nagusiaren eskutik; euskara eta kulturgintza sustatzeko, erakundeen eta herri mugimenduen lankidetzaren alde egin du, elkarlanak ekimen “eraldatzaileak” sor ditzan .

Markel Olano eta Jose Mari Sors.

Markel Olano eta Jose Mari Sors.


Elkar Taldeko ordezkariek Gipuzkoako Urrezko Domina jaso dute gaur arratsaldean Markel Olano diputatu nagusiaren eskutik, “euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean egindako lan nekaezinaren” aitortza kolektibo gisa. “Zuen lanarekin, adierazpide bat eman diozue makina bat idazle, musikari eta, orohar, sortzaileren lanari. Aldi berean, euskararen eta euskal kulturaren unibertsoaren ateak zabaldu dizkiozue hainbat eta hainbat belaunaldiri”, goraipatu du diputatu nagusiak.
Ahalegin horretan Elkar Taldeak izandako “trakzio eta eredu funtzioa” nabarmendu du diputatu nagusiak eta, beti ere “kalitatea eta profesionaltasuna” ardatz hartuta, bost hamarkadaz dagoeneko euskal hiztun komunitatearen “bizinahia” elikatu izana eskertu du. “Erakutsi duzue kulturgintza eta euskalgintza ere gure ekonomiaren motor garrantzitsu direla. Gure herrian kultura industria izan daitekeela eta, ez hori bakarrik, beharrezkoa dugula industria eta enpresa izatea. Gizarte kohesiorako funtsezkoa den ekonomia sozialaren balioetan oinarrituz egin duzue, gainera; berdintasuna, partaidetza, berrikuntza eta lankidetza oinarri hartuta”, nabarmendu du.
Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak gipuzkoarren izenean “esker ona” luzatu die “diktaduraren garai bortitzetan” egonda ere, proiektuaren “muinean” egon ziren aitzindariei, nahiz 50 urte hauetan guztietan “alea” jarri duen orori. “Eraikitako guztia suntsitzeko eraso bidegabeak ere pairatu dituzue, tamalez. Eta, hala ere, asmatu duzue aurrerabidea bilatzen, etenik gabe berritzen, beti ere hasieratik finkatutako oinarriei eutsiz”, adierazi du Olanok.


Elkarlanaren ahalmen “biderkatzailea”
Etorkizuneko desafioei erreparatuz, diputatu nagusia irakurzaletasuna eta kultur kontsumoa piztu beharraz mintzatu da. “Agerikoa” da, bere ustez, “euskal kulturarekiko atxikimendua eta kontsumoa” indartzeko premia eta, horretan ere, kulturgintzak jokatzen duen “funtsezko” jarduna goraipatu du, “guztion artean indartu beharrekoa”.


“Erakundeon aldetik, gure gain dugu kulturgintzaren alde oraindik eta gehiago, are eta hobekiago, egiteko ardura. Eta ezin diogu ardura horri uko egin. Baina, modu berean, aurrean ditugun desafioen aurrean, ziur nago erakundeen eta herri mugimenduen arteko elkarlanetik etorri daitezkeela pauso berriak. Pauso berritzaile eta eraldatzaileak”, laburbildu du diputatu nagusiak, eta bere “erabateko konpromisoa” azaldu du “elkarlan horretan sakondu eta pauso berriak emateko”. “Gure herriak eta hizkuntzak, euskal kulturgintzak, bizi dituen gabezia eta desafioei lankidetzatik ekin eta apustu berriak egiteko”, amaitu du.
Hitz horiekin amaitu da Urrezko Domina emateko ekitaldia, Oihana Iguaran bertsolariak gidatu duena, Eñaut Elorrietaren ahots eta doinuekin elkarrizketa sortuz. Diputatu nagusiaren eskutik, Elkar Fundazioko presidenteak eta zuzendariak, Jose Mari Sorsek eta Mikel Esnalek, hurrenez hurren, jaso dute oroigarria.
Talde osoaren izenean egindako hitzetan, Esnalek gogorarazi du 70eko hamarkadan “itolarrian bizi zen euskal kulturari arnasbideak bilatzeko kezkak eraginda” ekin ziola bideari Elkarrek eta, ordutik, “euskarak eta euskal kulturak bere garapenerako dituen beharrei erantzuten” saiatu direla. Duela 50 urte egitasmoa martxan jarri zuten kulturgileak ere oroitu nahi izan ditu, asko baita “haiei eskertzeko eta aitortzeko” duguna. “Kulturarekiko zuten bokazio hura, enpresa gizon eta emakume izateko bokazioarekin uztartu izana, eskuzabal jokatuz, emankorra izan da euskaldunontzat”, gogorarazi du.


Halaber, Elkarreko zuzendariak “esker ona” adierazi die urte hautan guztietan bidelagun izan dituzten bezero, lankide, sortzaile, elkarte, erakunde, kulturgile, kulturzale eta lagun guztiei. “Bidea egin dugu gizarte modernoan eta mundu zabalean kultura sortu, garatu eta zabaltzeko eduki baditugun giza baliabidei, baliabide ekonomikoak jarriz, euskal kulturaren garapenerako azpiegitura ekonomikoak eraikiz”, adierazi du.
Esnalek erakunde publikoei eskatu die “kultur politika sendo eta ausartak” bultzatzeko eta horiek “elkarrekin eraikitzeko” gonbitea luzatu die, “eskuz esku erakunde publikoak eta herri eragileok”. “Esperientziak erakutsi digu eragileen arteko lankidetza indar biderkatzailea dela, indarrak batuta eta elkar lagunduz egin dezaketela aurrera euskal kultura zein euskal kulturgintzako eragileek”, gehitu du, eta kultura “norbanakoen ongizaterako eta komunitate jantzi, justu, aurrerakoi eta demokratikoago baterako giltza” dela aldarrikatu du.


“Motor ekonomiko handienetako bat”
Urrezko Dominaren laudatioa, berriz, Eusko Ikaskuntzako presidente Ana Urkizak irakurri du, zeinek Elkar Taldeko bidegileen “ekintzailetasuna” goraipatu duen. Ekintzaileak izan baitira, Urkizak azpimarratu duenez, “euskararen eta euskal kulturaren herria irudikatzeagatik, euskal kultur industriaren oinarriak finkatzeagatik, negozioak dibertsifikatzen eta behar berriei egokitzen jakiteagatik, enpresaren biziraupena bideragarri egingo zuen molde juridikoa hartzeagatik eta erakutsitako lanerako moldeagatik, beti, elkarlanean.


“Ekosistema kulturalean gune zentrala eta zabala irabazi du Elkar Taldeak, Gipuzkoako motor ekonomiko handienetako bat bilakatuz. Eta, bere sektorean, estatuko enpresa-talde liderra izatera iritsi da, behin berriro, euskaldunen ekintzailetza eta herri ikuspegia beste batzuen mapan ere kokatuz”, adierazi du.
Urrezko Domina emate ekitaldian izan dira euskal erakundeetako, kulturgintzako eta euskalgintzako ordezkaritza zabala, tartean Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Bakartxo Tejeria, Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia sailburuak, Donostiako alkatea, Eneko Goia, eta foru gobernuko kide guztiak. Bertan izan dira, baita ere, Juan Mari Arzak sukaldaria, Jose Antonio Urbeltz folklorista eta Lorea Agirre, Jakin taldeko zuzendaria, Urrezko Domina jasoak, guztiak ere.

  

3083