‘Gipuzkoa Goya sariekin’: Zinemaren festa herrikoia, Gipuzkoako 20 hautagaitzei babesa adierazteko
‘Gipuzkoa Goya sariekin’: Zinemaren festa herrikoia, Gipuzkoako 20 hautagaitzei babesa adierazteko
Otsailaren 28an emanaldi berezi bat izango da Príncipe zineman, gaueko 21:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta SADEk antolatuta; photocalla, zozketak eta jendearentzako sorpresak egongo dira. Sarrerak doan izango dira eta Príncipe zinemako txarteldegian jaso beharko dira gaurtik aurrera, gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.

Otsailaren 28an, larunbata, 21:00etatik aurrera, Donostiako Principe Zinemetako 7. aretoan ‘Gipuzkoa Goya sariekin’ gala izango da. Ekimen hori Kultura Departamentuak eta Sade enpresak sustatu dute, Goya Sarien 40. edizioa zuzenean jarraitzeko eta Gipuzkoan zinemaren esparruan daukagun talentua jai giroan eta lagun artean ospatzeko.
Hala, gauean galaren emanaldia ikusteaz gain, bertaratuentzako ongietorri-kita, photocalla, lunch txiki bat eta hainbat zozketa eta sorpresa egingo dira. Sarrerak doan izango dira, gehienez ere 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko, eta Sade zineetako txarteldegietan jaso beharko dira gaurtik aurrera.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, ekimen honen helburua da "Gipuzkoako kulturari eta kultura hori ahalbidetzen duten profesionalei babesa adieraztea eta haien lana agerian jartzea. Baina, batez ere, ‘Gipuzkoa Goya sariekin’ ekitaldiak ospakizun kolektiboa ere izan nahi du, herritarren eta kultura sektorearen arteko topagunea, hemengo talentuarekiko harrotasuna partekatzeko, eta ikusleen eta zinemaren arteko lotura indartzeko".
Bestalde, SADEko Zinema Unitateko zuzendari Iñaki Elorzak herritarrak ekitaldiarekin bat egitera eta gala elkarrekin bizitzera animatu ditu: "Príncipe zinemak zinea ospatzeko eta gure profesionalei laguntzeko espazio bihurtzea nahi dugu. Gau berezia izango da, giro ona eta ezusteko asko izango dituena, sektorearentzat urteko hitzordu handietako batez elkarrekin gozatzeko".
Gipuzkoako 20 profesional hautagaien artean
Aurtengo edizioan Gipuzkoako 20 profesional daude hautagaien artean, hainbat kategoriatan:
- Nagore Eceiza Mugica eta Izaskun Arandia, dokumental labur onenaren saria, Zona Wao lanagatik
- Jon Serrano, Mariano García Marty eta Laura Pedro, efektu berezi onenen saria, Un fantasma en la batalla lanagatik
- Jon Serrano, Mariano García Marty, David Heras eta Iñaki Gil "Ketxu", efektu berezi onenen saria, Gaua lanagatik
- Urko Garai, soinu onenaren saria, Sorda lanagatik
- Andrea Sáenz Pereiro, soinu onenaren saria, Los domingos lanagatik
- Karmele Soler eta Sergio Pérez Berbel, makilatzaile eta ileapaintzaile onenaren saria, Maspalomas lanagatik
- Javier Agirre Erauso, argazki zuzendari oneneraren saria Maspalomas lanagatik
- Elena Irureta, taldeko aktore onenaren saria, Sorda lanagatik
- Nagore Aranburu, taldeko aktore onenaren saria, Los domingos lanagatik
- Kandido Uranga, taldeko aktore onenaren saria, Maspalomas lanagatik
- Jose Ramón Soroiz, aktore protagonista onenaren sasia, Maspalomas lanagatik
- Jose Mari Goenaga, gidoi oneraren saria, Maspalomas lanagatik
- Ion de Sosa, zuzendari berri onenaren saria Balearic lanagatik
- Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, zuzendari onenaren saria, Maspalomas lanagatik
Izendapen horiez gain, Jaume Claret ere aipatu behar da, Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako Estrany Riu lanak zuzendari onenaren hautagaitza lortu baitu. Diputatuak nabarmendu duenez, "Jaume Claret Kultura Departamentuak duela zortzi urte abian jarritako Elias Querejeta Zine Eskolaren lehen promozioko kide izan zen. Ilusio berezia egiten digu, 2025ean zehar Elias Querejeta Zine Eskolan garatutako filmak mundu osoko punta-puntako hogeita hamar bat jaialditan parte hartu ondoren, 2026. urtea ikasle ohi baten hautagaitzarekin hastea. Ikus-entzunezko sektorearen kate osoari ematen zaion laguntza publikoaren balioaren adibide argia da, prestakuntzatik hasi eta sorkuntza, ekoizpen eta zabalkundera arte".
2752