Breadcrumb

Asset Publisher

Back "Gipuzkoa Zaindu" jardunaldiak krisi klimatikoa eta osasun mentala lotu ditu, eta ekoantsietatea ekintza positibo bihurtzeko deia egiten du

"Gipuzkoa Zaindu" jardunaldiak krisi klimatikoa eta osasun mentala lotu ditu, eta ekoantsietatea ekintza positibo bihurtzeko deia egiten du

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak medikuntzan, psikologian, elikaduran, haurtzaroan, landa-komunitateetan eta artean adituak diren dozena bat pertsona bildu ditu krisi klimatikoaren inpaktu emozionalei nola aurre egin eztabaidatzeko.

2025/09/29
Gipuzkoa Zaindu

José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak ekotantsietatea aldaketaren eragile bihurtzeko deia egin du, eta klima-itunak herritarren osasunaren eta ongizatearen aldeko ituna ere izan behar duela defendatu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak "Gipuzkoa Zaindu. Emozio eta ingurumen jasangarritasuna” topaketa aitzindaria burutu du, eta klima-aldaketak herritarren osasun fisiko, emozional eta mentalean nola eragiten duen eta ekoantsietatea konpromiso positibo bihurtzeko beharra aztertu ditu.

Hitzordua “Sostener Gipuzkoa” Elkarrizketetan kokatzen da eta medikuntzan, psikologian, elikaduran, hezkuntzan, haurtzaroan, landa-komunitateetan eta artean adituak diren dozena bat aditu bildu ditu.

Asensio: “Itun klimatikoak osasunaren aldeko ituna ere izan behar du”

Irekiera ekitaldian, José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak azpimarratu duenez, “larrialdi klimatikoa ez da ingurumen arazoa soilik. Erronka gizatiarra, soziala eta kulturala ere bada. Kutsadura txikiagoa izateak arnas gaixotasun gutxiago izatea esan nahi du. Hiri berdeagoek beroak eragindako heriotza gutxiago esan nahi dute. Horregatik, aldi berean osasunaren aldeko ituna izango den itun klimatikoa behar dugu”.

Osasuna eta emozioak krisi klimatikoaren garaian

Inaugurazio-hitzaldia Felix Zubiak egin du, Donostia Ospitaleko ZIUko buruak, eta ohartarazi duenez, "bero-boladak ez dira etorkizuneko mehatxua, osasun publikoari bete-betean eragiten dion egungo errealitatea baizik".

Ondoren, Mercè Conangla psikologoak, Fundació Ecología Emocionaleko presidenteak, beldur klimatikoaren kudeaketan jarri du arreta: "Ekotantsietatea aldaketarako motor bihur daiteke, baldin eta ekintza eraikitzailerantz bideratzen badakigu".

Elikadura, komunitateak eta natura

Osasunari eta elikadurari eskainitako blokean Vicente Domingo izan da, Global Council on Sustainable Food Systems-eko zuzendaria, eta gogorarazi du ez dela “osasunik egongo elikadura-sistema jasangarririk gabe”. Harekin batera, Paula Torán Goe Tech Centerreko ikertzaileak defendatu duenez, “gastronomiako berrikuntza funtsezko tresna izan daiteke ingurune osasungarriagoak eta jasangsarriagoak sustatzeko”.

Komunitate erresilienteen atalean, Landa Garapenerako Kantabriako Sareko David Gutierrezek zaintzarako sare lokalen garrantzia azpimarratu du, eta Lakabe ekoaldeko Ilargi Gardeazabalek, berriz, bizitza komunitarioa jasangarritasun emozional eta ekologikoaren eragile izan daitekeela adierazi du.

Haurrei buruzko mahaian Paola Bernal (UNICEF Espainia) izan da, eta ohartarazi duenez, “haurrak eta nerabeak dira krisi klimatikoaren aurrean ahulenak, ez bakarrik arlo materialean, baita emozionalean ere”. Heike Freire hezkuntzan eta naturan adituak ikuspegi hori osatu du, eta nabarmendu du “naturarekiko kontaktua haurren ekotantsietatea arintzeko tresnarik onenetako bat” dela.

Dolu ekologikoa eta erresilientzia kulturala

Azken atalean, Elisabet Ros terapeuta transpertsonalak eta María Dolores Gómez Castillo psikologoak (Psikologiako Kontseilu Nagusia) dolu ekologikoko prozesuetan laguntzeko gako profesionalak eskaini dituzte. “Dolu klimatikoan bizitzeak ez du esan nahi amore ematea, erresilientzia pertsonal eta kolektiborako modu berriak aurkitzea baizik”, adierazi du Rosek.

Azkenik, Jaime López Arte Jasangarrairen Elkarteko zuzendariak arteak emozioen eta ekintzaren arteko zubi gisa nola joka dezakeen erakutsi du: “Arteak estutasun klimatikoa itxaropen eta konpromiso bihurtzeko gaitasuna du”.

Lurralde erresilienteagoa eta kontzienteagoa

Jardunaldia mezu argi batekin amaitu da: planeta zaintzea pertsonen osasun fisiko eta emozionala zaintzea ere bada.

José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak amaiera ekitaldian laburbildu duenez: “Emozioez, beldurraz, itxaropenaz eta erresilientziaz ari gara. Gipuzkoa Zaindu gure herritarrak zaintzeko, babesteko eta prestatzeko jaio da, egungo eta etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko”.

  

1886