Breadcrumb

Asset Publisher

“Gipuzkoako gizarte eredu aurreratu eta lehiakorra munduarekin partekatu eta kanpotik ikastea dugu jomuga”

“Gipuzkoako gizarte eredu aurreratu eta lehiakorra munduarekin partekatu eta kanpotik ikastea dugu jomuga”

Aldundiak eta Agirre Lehendakaria Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoan eta nazioartean euskal ereduaren ezagutza hedatzeko

Foto “Gipuzkoako gizarte eredu...

Gipuzkoa Foru Aldundiak eta Agirre Lehendakaria Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute 2016rako, lurraldean giza garapen iraunkorrari buruzko ezagutza, Euskal Kasuarena zehazki, hedatzea jomuga. Egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu jarduna gidatzen duen Kudeaketa Plan Estrategikoan jasotako helburu estrategikoetako batekin uztartzen da: herritarren arteko elkarbizitza finkatzea eta hauen jarrera, balore eta portaera demokratikoetan sakontzea.

Testuinguru honetan, eta gai honi lotuta, Agirre Lehendakaria Fundazioko presidente eta Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendari den Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak Bidea Eginez hitzaldia eskaini du gaur Foru Jauregian. Giza garapen iraunkorraren kontzeptua garatu du bere hitzaldian, eta Aldundiarekiko esker oneko hitzak izan ditu. Hitzaurrea Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, egin du, eta bertan nabarmendu giza garapen iraunkorraren kontzeptua “gure lurraldearen arrakastaren erdian dagoen printzipioa dela” eta “gizarte eraldaketa sozio-ekonomiko arrakastatsu baten eredu dela”. “Nazioartean jaso du errekonozimendua eta, hori dela eta, badugu munduan zer partekatu, zer erakutsi eta zer ikasi”, adierazi du.

Ildo honi estuki lotuta dator, beraz, Aldundiak Agirre Lehendakaria Fundazioarekin sinatutako hitzarmena. Akordioaren eraginez, erakunde honek, Agirre Lehendakaria Center-en bitartez, giza garapen iraunkorraren eta euskal ereduaren zabaltzeko lanean aritzeko konpromisoa hartu du, bai kanpora zein barrura begira. Horrela, eredu honen bestelakotasunak plazaratuko dira lurraldean, hausnarketa prozesu bat sustatu hiritarren artean eta gizarte eztabaida piztu Euskal Herriak eta Gipuzkoak etorkizunera begira aurreikusten dituzten erronka eta desafioei aurre egiteko.

Gainera, esparru honetako ikerketetan sakontzea, kontzeptu honen inguruko jardunaldiak antolatzea, euskal eredua munduan hedatzen eta ezartzen laguntzea eta Gipuzkoa nazioarte mailan sustatzea dira, akordioan jasotakoaren arabera, Agirre Lehendakari Fundazioak jorratu beharko dituen alorretako batzuk. Gainera, New Yorkeko Columbia Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Agirre Lehendakaria Katedraren sorrera bultzatuko du, berriro ere euskal gizarteak eta ereduak mundu mailan duten isla areagotzeko. Helburu hauek betetzeko, 180.000 euroko diru-laguntza jasoko du aipatutako erakundeak 2016an.

  

304