Breadcrumb

Asset Publisher

Back "Gipuzkoako Ontziolak" liburuaren aurkezpena Untzi Museoan

"Gipuzkoako Ontziolak" liburuaren aurkezpena Untzi Museoan

Antxon Aguirre Sorondok 1988tik 1993ra egindako ikerkerlana biltzen du liburuak.

2018/02/15

Erriberako azken arotzetako bi egon dira gaur aurkezpenean: Luis Loinaz eta Manuel Sorondo, Donostiako Urumea Ontziolakoak.

Untzi Museoan egin den ekitaldian, “Gipuzkoako ontziolak. Azken itsas arotzen historia, teknika eta bizimodua” liburua aurkeztu dute gaur Maria Jose Telleriak, Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Juan Aguirre Sorondok, editorea eta liburuaren egilearen anaia, Jose Ignacio Espelek, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioko presidentea, eta Raul Perez Iratxetak, Untzi Museoko zuzendari nagusia. 

Antxon Aguirre Sorondok 1988 eta 1993 artean ontzigintza tradizionalari buruz eta Gipuzkoan egurrezko itsasontziak eraiki zituzten azkenei buruz egindako ikerlana biltzen du liburuak.  Bere lana egiteko, autoreak erriberako azken arotzen testigantzak jaso zituen, beren ofizioaren xehetasunei buruz.

Antxon Aguirre Sorondo 2014an zendu zen, eta Aldundiak erabaki zuen hain lan bikain eta baliotsua argitaratu egin behar zela. Editatu aurretik, obra osoa berrikusi egin behar zen, eta, horretarako, bere anaia Juan Aguirre Sorondorekin jarri zen harremanetan Aldundia. Berrikuspen lan hori egiteko, Juanek laguntza eskatu zien aurreko mendeko 80ko hamarraldian elkarrizketatu zituzten erriberako arotzetako biri, gaur liburuaren aurkezpenean egon diren biei alegia. Luis Loinaz eta Manuel Sorondo dira, Urumea Ontziolakoak. Ontziola hori Donostian jardunean mantendu zen azkeneko ontziola tradizionala da, Martutene auzoan hain zuzen, zubiaren ondoan (1984 arte).

Aurkezpenean egon da, baita ere, Luis Goldaracena, Gipuzkoako erriberako arotz familietako baten ondorengoa. Izan ere, Goldaracena ontziola, lehendabizi Lezon, bere aitona Clemente Goldaracenak zuzendu zuen, eta, ondoren (1937tik), Pasai Donibanen, bere aita Luisek, 1970ean itxi arte.

Liburua Kultura Departamentuak argitaratu du, Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko Ondare Bildumaren barruan.

ANTXON AGUIRRE SORONDO. Donostia (1946-2014)

Historialaria, antropologoa eta etnografo eta dibulgatzailea, hogeitik gora liburu idatzi zituen, eta hainbat obra kolektibotan ere parte hartu zuen. Hamaika artikulu idatzi ditu, aldizkari espezializatuetan, batez ere Euskal Herriko historiari, kulturari eta tradizioei buruz.  Ikerketa esparru asko garatu zituen: errotak, ofizio tradizionalak, eta abar. Arantzadi Zientzia Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide, eta Eusko Ikaskuntzako Zainak Koadernoetako, Nafarroako Etnologia eta Etnografia Koadernoetako edo Eusko Ikaskuntzako Nazioarteko Aldizkariko laguntzaile. Diario Vasco edo Euskal Telebista bezalako komunikabideetan ere izan zen laguntzaile, dibulgatzaile zientifiko gisa.

Antxon Aguirre Sorondok harreman estua izan zuen, baita ere, Untzi Museoarekin. Izan ere, ikergai izan zituen itsas historia eta kultura ere.  Bi artikulu argitaratu zituen Itsas Memoria: Revista de Estudios Marítimos del País Vasco aldizkarian.

"Las embarcaciones fluviales en Gipuzkoa". Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 4, 2003, pp. 639-649.
"Atalayas balleneras en la costa de Gipuzkoa. Una aproximación". Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 7, 2012, pp. 389-409

  

2048