Breadcrumb

Asset Publisher

Back "Gure txanda da": Atzegiren kanpaina berria

"Gure txanda da": Atzegiren kanpaina berria

Kanpaina honen bitartez Atzegik boluntariotza aukera berriak lortu nahi ditu. Urriaren 11ra arte iraungo du kanpainak eta ekitaldi nagusia urriaren 9an izango da Antzoki Zaharrean.

Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, gaur goizean aurkeztu du urteko sentsibilizazio kanpaina. Maite Peña, Gizarte Politikako diputatua, Josean Idoeta, Atzegiko presidentea eta Patricia Ayo, Elkartekintza eta Familia Laguntza zerbitzuko arduraduna eta kanpainako koordinatzailea, izan dira kanpainaren nondik norakoak azaldu dituztenak. 

Aurtengo kanpainak helburu bikoitza du, alde batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusgai egitea, eta bestetik, boluntario izateko aukera berriak bilatzea. Patricia Ayok adierazi duenez "geroz eta pertsona gehiago hurbiltzen dira Atzegira boluntario izateko interesarekin, adimen desgaitasuna duten pertsonak dira eta askok boluntariotza esperientzia puntualen bat izan dute eta errepikatu nahi dute edo beste zeregin egonkorragoa bilatu nahi dute". Ayok, kanpainako koordinatzaileak, azaldu du Atzegi dagoeneko hainbat erakunderekin elkarlanean ari dela, Elikagaien Bankua, Lilaton, Ehunmilak edo San Silvestre, kasu, eta kolaborazio horiek eskertu eta sendotzeaz gain, boluntario izateko esparruak zabaldu nahi dituzte eta honela pertsona gehiagori aukera eskaini.

Aurreko urteko kanpainak, #Atzegixperience lelopean, profil ezberdinetako pertsonak adimen desgaitasuna duten pertsonei egunerokoan laguntzen boluntario lanak egiteko gonbita luzatzen zuen. Aurtengoak, aldiz, boluntariotzari buelta bat emanez, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna erakutsi eta #Guretxandada lelopean, jasotako laguntza bueltatzeko aukera bilatzen du.

Josean Idoeta, Atzegiko presidenteak boluntariotza inklusio modu bat dela gehitu nahi izan du “zailtasunak izan arren, desgaitasuna duten pertsonek jarduera askotan kolaboratu dezakete.  Baliagarri sentitzeko eta besteei laguntzeko grinak ilusioa eta ahalegin handia jartzera eramaten ditu. Halaber, Atzegiko presidenteak gehitu du “boluntariotza gizarte parte-hartze eta normalizazioaren adierazle bada, zergatik ez dira boluntario izango?”.

Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak nabarmendu du Atzegiri esker adimen desgaitasuna duten “pertsonen integrazioa” lortu dela eta beraien egunerokoa “beste edonorena” bezalakoa izatea. Era berean, adierazi du aurtengo lemak, alegia, “Gure txanda da”, “beste ikuspuntu bat” ematen diola boluntariotzari, izan ere, desgaitasuna duten pertsonei “aukera ematen die aurretik jasotako laguntza itzuli dezaten, beraien gaitasuna erakutsita”.

“Eta Josean Idoetak esan duen bezala, kanpaina honen bitartez ikusten da boluntariotza bera inklusiorako bide bat dela. Alegia, pertsona horiek duten desgaitasuna edozein delarik ere, gure gizarteari ekarpen baliotsua egin diezaioketela”, gaineratu du.

Azkenik, Peñak elkarte eta administrazioaren arteko “elkarlana”ren garrantzia azpimarratu nahi izan du, bereziki “Atzegi”k egiten duen lan “garrantzitsuagatik”. “Ezin dugu ahaztu Atzegik aisialdirako duen eskaintzaren parte handi bat boluntarioei esker gauzatzen dela”, eta elkartasun horrek Gipuzkoako boluntario sarearen “garapen maila” islatzen duela, gure lurraldeari balio erantsia emanda.

 

Boluntarioekin lan egiten duten erakundeei deialdia

Patricia Ayok ez du aukera galdu izan nahi boluntarioak dituzten erakundeei deialdia egiteko "orain arte izan ditugun esperientziak oso positiboak izan dira bi aldeentzat. Atzegin prest gaude erakundeen beharrak aztertzeko, jarraipena egiteko eta sor daitezkeen boluntario lanetan laguntzeko".

Azkenik, kanpainaren alderdi praktikoak ezagutzera eman ditu; aurten 8.000 kartel ezarriko dira Gipuzkoan zehar Atzegiko familia eta kolaboratzaileei esker, 128 markesina, spot bat ere sortu da kanpainarako eta boluntarioak behar dituzten erakundeei zuzendutako eskuorriak ere egin dira. Gaurtik kanpaina amaitzen denera arte hainbat aurkezpen egingo dira eskualde ezberdinetan mezua Gipuzkoako txoko guztietara irits dadin.

Horrez gain, urriaren 9an arratsaldeko 18.30h. kanpainaren ekitaldi nagusia ospatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean. Ekitaldi horretan kanpaina ikusentzunezko, antzerki, musika etab. bitartez azalduko da eta adimen desgaitasuna duten pertsonek parte hartze handia izango dute. Ekitaldia irekia izango da eta gonbidapenak Atzegiren bulegoan edo atzegizale@atzegi.org emailaren bitartez eskuratu ahal izango dira (943.42 39 42).

 

ATZEGIREN DATU OROKORRAK

2.167 familia (2.286 adimen desgaitasuna duten pertsonak )

2.609 kolaboratzaile

10.279 atzegizale

Elkartearen oinarria guztira: 15.085 personas

 

 

 

Adimen urritasuna duten pertsonek ere boluntario izan nahi dute
  

1579