‘Kontadores’ bide berriak urratzen
‘Kontadores’ bide berriak urratzen
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak eta Donostiako Udaleko Gazteria Zinegotzigoak aurreproiektu bat aurkeztu dute, eraikina lurraldearen aniztasuna islatuko duen erreferentziazko gune handia bihurtzeko

Proposamena partaidetza prozesu batean oinarritu da eta auzoari lotutako zentro bat planteatzen du, hiri osorako erreferentzia espazio bihurtuko dena, sarean lan egiteko eta zaintzak, irisgarritasuna eta programazio egonkor bat erdigunean jarriko dituena, aniztasunetik abiatuta bizikidetza indartzeko.
Kontadoreseko eraikina Bidebietaren erdi-erdian dago, eta etapa berri bati ekingo dio aurki. Luzaroan martxan egon ondoren, egungo espazioak bere zikloa bete du. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Donostiako Udaleko Gazteria Zinegotzigoak prentsaurreko bat egin dute gaur eraikinean bertan, hura egokitzeko eta aktibatzeko aurreproiektuaren berri emateko. Aurreproiektuaren arabera, eraikina KOLAB KONTADORES izango da aurrerantzean, eraikin-laborategi eta auzorako erreferentzia gunea izango den espazio bat.
Proiektuak Kontadores espazio ireki, inklusibo eta erabilgarri bihurtuko du, esperimentaziorako, topaketarako eta sorkuntza kolektiborako gune gisa pentsatua, Bidebietaren egungo beharrei erantzuteko eta etorkizuna proiektatzeko. Helburua kultura demokratizatzea da: auzoetan kulturarako sarbidea eta partaidetza zabaltzea eta bermatzea, sorkuntza herritarren eguneroko bizitzarekin lotuz eta gizarte kohesioa indartuz. Agerraldian Goizane Álvarez Kultura eta Gazteria diputatuak eta Iñigo García Gazteria zinegotziak parte hartu dute.
Kultura eta Gazteria diputatu Goizane Álvarezek azaldu duenez, "Gipuzkoa justua bere auzoetatik ere eraikitzen da: gehien behar diren lekuetan eskubideak eta zerbitzu publikoak bermatuz”. Ildo horretan, azpimarratu du Kontadoresen proiektua «erakundeen arteko lankidetzatik eta auzoarekin egindako lanetik sortu dela, eta ikuspegi soziala duen hiri-biziberritzearen adibide bihur daitekeela». Álvarezek nabarmendu duenez, “kultura demokratizatzea ez da ‘jendearentzat’ programatzea, baizik eta ‘jendearekin’ espazioak irekitzea, kultura eguneroko eskubidea izan dadin, eta ez pribilegio bat. Eta hori, gainera, zaintzetatik, irisgarritasunetik eta sare lanetik eginez”.
Diputatuak gaineratu duenez, "Bidebieta aniztasun handiko auzoa da, eta aniztasun hori ezin da distantzia gisa bizi, bizikidetza, sare eta aukera bihurtu behar da". Horregatik, azpimarratu du Kontadores berriak "lurralde oreka indartu nahi duela, eta leku batean edo bestean bizitzeak kulturarako eta aukeretarako sarbidea baldintzatzea saihestu. Horrek hemen funtzionatzen badu, Gipuzkoako beste udalerri eta auzo batzuetarako eredu izan daiteke".
Bestalde, Iñigo García Gazteria zinegotziak azpimarratu duenez, "proiektu hau ez da metro koadroak gehitze hutsa: Bidebieta indartzea eta auzoaren zein bertako jendearen balioa aitortzea da. Gainera, auzotarrak aspalditik egiten ari diren eskaera bati erantzuten dio; izan ere, entzute aktiboko prozesu bat egin da haiekin, haien beharrak eta nahiak ulertzeko. Gaur aurkezten dugun proiektua elkarrizketa horretatik sortu da, hain zuzen ere, eta urteetan auzoak aldarrikatu duenari benetako erantzuna eman nahi dio. Auzoak ezin dira hiriaren periferia izan: bertan eraikitzen da bizikidetza eta bertan neurtzen da benetan berdintasuna".
Ildo berean, gaineratu du “KOLAB Kontadoresek gune erabilgarri eta hurbila izan behar duela, egunerokotasunetik pentsatua: gazteek emantzipatzeko, prestatzeko eta sortzeko benetako laguntza aurkituko duten toki bat, baina baita belaunaldiak elkarrekin lotuko dituen eta auzo sareak indartuko dituen topagunea ere. Aukerak nahi baditugu, hemen egon behar dute, kalean bertan, irisgarritasuna eta zaintzak oinarritzat hartuta”.
Gazteentzako benetako laguntza, emantzipazio, prestakuntza eta sorkuntzarako
Aurreproiektuaren helburua da Kontadores berria erreferente izatea gazteentzat, ez bakarrik Bidebietakoentzat, baita Donostia guztiko gazteentzat ere, eta, gainera, hiriko kultura ekipamenduen eskasia murrizten laguntzea eta auzoetan kulturarako sarbidea izateko aukerak zabaltzea. Espazio bizi, inspiratzaile eta sortzaile gisa ulertzen da, eta bertan gazteek emantzipaziorako, prestakuntzarako, enplegurako, sorkuntzarako eta parte-hartze sozialerako laguntza aurkituko dute.
Eraikinak espazio malguak ditu ikasteko, lankidetzan aritzeko, proiektuak sortzeko eta gazte ekimenei laguntzeko, hala, KOLAB Kontadores “gauzak gertatzen diren” lekua izan dadin, eta gazteak haren parte sentitu daitezen.
Hala ere, eraikinaren eraldaketa ez da gazteentzat soilik egingo, adinekoek ere izango dute tokia eraikin berrian, belaunaldien arteko harremanak sendotzeko ikuspegi batetik begira. Kontadores berriak espazio partekatua izan nahi du, gazteek eta adinekoek elkar aberasteko, esperientziak trukatzeko eta bizikidetza eraikitzeko. Proposamenak belaunaldien arteko sinergiak sortu nahi ditu, eta Kontadores auzotarren benetako topagune gisa planteatzen du, jakintzak, bizi-ibilbideak eta afektuak konektatuko dituena, auzoaren aniztasuna benetako eta eguneroko bizikidetza bihurtuz.
Eraikina: etorkizun sozialeko laborategi bat Bidebietarako eta Donostiarako
Eraikinaren beheko solairua —gaur egun Donostiako Udaleko Gazteria Departamentuak erabiltzen duena eta Gaztelekua kokatzen dena— erabat txertatuko da proiektu berrian, gazteen topagune, parte-hartze eta sormenerako espazio gisa duen funtzioa indartzeko. Solairu honek auzoko gazteentzat erreferentzia izaten jarraituko du, baina planteamendu berritu, irekiago, malguago batekin, eta eraikin osoarekin lotuta.
Horrez gain, hirugarren solairua egokitu egingo da, gaur egun ez baita ezertarako erabiltzen, eta balio anitzekoa izango da. Helburua da eraikinari kultura, prestakuntza eta komunitate ekimenak hartzeko gaitasun handiagoa ematea, ikaskuntzak, esperimentazioak eta bizitza sozialak bat egingo duten ekosistema dinamiko bat sortuz Horrela, Kontadores benetako hiri-laborategi bilakatuko da, auzoaren eta hiri osoaren zerbitzura.
Proiektuak, gainera, ADSIS Fundazioa eraikinean egotea -lehen eta bigarren solairuetan dago- aitortzen eta indartzen du, haren jarduera eraikinaren identitatearen funtsezko atal gisa ulertuta. ADSISren eta espazio berrien arteko bizikidetzak sinergiak sortzea, baliabideak partekatzea eta erabiltzaile profil desberdinen arteko harreman aberasgarriak sustatzea ahalbidetuko du.
Elementu berritzaileenetako bat da proposamenak landare estalkia izango duela, hiri baratzeekin. Espazio horrek, eraikina jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldetik hobetzeaz gain, leku bizi eta pedagogiko bihurtuko du. Baratzeak integraziorako eta ikaskuntza praktikorako eredu izango dira Axyseko ikasleentzat, eta hainbat prestakuntza moduluri lotutako ezagutzak aplikatzeko ingurunea eskainiko dute; aldi berean, ongizatea, aisialdia eta naturarekiko harreman zuzena sustatuko dute.
Espazio irekia, bizia eta auzoarekin konektatua
Kontadores berria bide berria urratzen hasi da eta gaur aurkeztu du Maushaus arkitektura estudioak egin duen aurreproiektua. Erredakzio taldearen arabera, eraikina espazio garaikide, ireki eta moldakor gisa ulertzen da, sorkuntza, topaketa eta ikaskuntza modu berrietara egokitzeko pentsatua. Proposamenak arkitektura funtzionalaren alde egiten du, baina nortasuna duen eraikin bat aurkezten du, hiri ingurunearekin elkarrizketan aritzeko eta, aldi berean, auzorako erreferente bihurtzeko gai dena.
Proiektuaren elementu nagusietako bat eraikinaren sarrera izango da, benetako elkargune gisa pentsatua: auzora irekitako eta auzorako pentsatutako espazio bat, sartzera, geratzera eta parte hartzera gonbidatzen duena. Sarbide hutsa baino gehiago, ekipamenduaren barne bizitzaren ataria izango da, bizikidetza, elkarreragina eta pertenentzia sentimendua sustatuko dituena.
Diseinuak argitasuna, espazioen malgutasuna eta erabilera desberdinen arteko bizikidetza lehenesten ditu, egun osoan zehar eraikin bizia izan dadin ahalbidetuz. Leku irisgarri eta inklusibo gisa planteatzen da, kultura, gizarte eta prestakuntza ekimenak hartzeko eta herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko prestatua. Gainera, esku-hartzearen helburua da eraikinaren energia efizientzia hobetzea eta jasangarritasun irizpideak txertatzea, hiri arduratsuago eta bizigarriago batekiko konpromiso instituzionala indartzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, proiektua 2026an zehar bukatuta egongo da eta obrak 2027an hasiko dira; horrela, urrats erabakigarria egingo da Kontadores Donostiarako ekipamendu estrategiko bihurtzeko bidean.
Amaitzeko, Álvarezek adierazi duenez, «KOLAB Kontadores, batez ere, herritarrentzako aukera bat da: sortzeko, elkartzeko eta parte hartzeko espazio berri bat, auzoari eta lurralde osora irekia. Ideiak proiektu bihurtuko diren lekua izatea nahi dugu, pertsonak elkartuko diren tokia eta komunitate bizitzak indarra hartuko duen espazioa”. Diputatuak ondorioztatu duenez, “kultura demokratizatzea hau da: baliabideak, espazioak eta laguntza pertsonak dauden tokian jartzea, betiere zaintzak eta irisgarritasuna oinarri hartuta. Izan ere, espazioak irekitzen dituen hiri batek bere aniztasuna aitortzen du, aukerak sortzen ditu, talentua aktibatzen du eta etorkizuna eraikitzen du kolektibotik abiatuta”.
222