Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Gipuzkoako ekonomia sendo dago, baina familien eta pertsonen ekonomia babesteko neurriak hartzen jarraituko dugu”

“Gipuzkoako ekonomia sendo dago, baina familien eta pertsonen ekonomia babesteko neurriak hartzen jarraituko dugu”

Eider Mendoza diputatu nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu ditu Finantzen Euskal Kontseiluan hartutako erabakiak, eta "konfiantza eta zuhurtzia" mezua aldarrikatu du.

2023/10/16
Finantza Kontseilua

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak agerraldia egin du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakunde, Gobernu eta Araudi Batzordean, Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera, joan den asteazkenean Gasteizen egindako Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Aurkeztutako neurrien artean, aipatzekoak dira 2024an %2,5era igoko den deflaktazio neurria eta egoera zaurgarrian dauden familiei zuzendutako 200 euroko kenkaria, guztira 70 milioi euroko eragina izango duena Gipuzkoan. Mendozak azpimarratu duenez, neurri horien helburua herritarren ekonomia babesten jarraitzea da, “batez ere ziurgabetasunez betetako egoera ekonomikoaren aurrean gehien sufritzen ari direnena”.

Pasa den asteazkenean, urriaren 11n, egin zen bileran, ohi bezala, euskal erakundeek aurtengo itxiera aurreikuspenak aztertu zituzten, eta datorren urtekoak zehaztu. Azken horiek 2024ko aurrekontuak egiteko erabilgarri dauden baliabideak zehazten dituzte eta, hori dela eta, Mendozak eta Peronak asteazkeneko topaketaren garrantzia azpimarratu dute.

2023ko itxierari dagokionez, estimazio berrien arabera, Gipuzkoak 5.903 milioi euroko bilketarekin itxiko du urtea. 2023ari dagokionez, %5,46ko hazkundea izango du 2022ko likidazioarekiko, hau da, 306 milioi euro gehiago. “Zerga bilketaren igoera hau urte guztian zehar joan gara ikusten, eta itxiera hau lortzeko helburua dugu. Azken datua irailekoa da, eta %6,6 hazi zen zerga bilketa ordura arte”, gogoratu du Mendozak. Gorakada hau azaltzerako orduan, elementu nagusi bezala ekonomia eta jarduera ekonomikoaren garapenean oinarritzen da. “Izan ere, gure ekonomiak momentuz sendo jarraitzen du”, gaineratu du.

Datorren urteari begira, euskal erakundeek hazkundearekin jarraitzea aurreikusten dute. Hala ere, Mendozak gogorarazi du egoera ekonomikoa ziurgabetasunez beteta dagoela eta, ondorioz, zaila dela aurreikuspenak egitea. "Nolanahi ere, esan dezakegu egin ditugun aurreikuspenak bat datozela Eusko Jaurlaritzaren BPG nominalaren hazkunde-aurreikuspenarekin (+%5,0)", adierazi du. Gipuzkoaren kasuan, 6.210 milioi euro biltzea aurreikusten da, aurtengo itxiera-aurreikuspenean baino 306 milioi gehiago, hau da, %5,19ko hazkundea.

"Esan bezala, egoera ekonomikoa ziurgabetasunez beteta dago. Eta, horren aurrean, erakundeetatik helarazi nahi dugun mezua da: zuhurtzia, baina aldi berean konfiantza, ilusioa eta lan egiteko gogoa", nabarmendu du diputatu nagusiak, eta eskua luzatu dio gizarteari etor daitekeena elkarlanean lantzeko. "Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, orain arteko ildo beretik jarraituko dugu, gure sistema progresiboari esker: pertsona zaurgarrienen alde,

familien ekonomia babesten, sustapen ekonomikoaren alde, eta ikerketaren eta berrikuntzaren alde", nabarmendu du.

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa

Eider Mendozak Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) zifra nagusiak ere aurreratu ditu. Hala ere, gaur arratsaldean argituko dira horri buruzko xehetasunak, Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseilua elkartzen denean, Aldundia eta lurraldeko udaletako ordezkariak biltzen dituena. "Esan ohi dugu gurea arrisku partekatuko sistema bat dela: albiste txarrak daudenean guztioi eragiten digute; baina zerga-bilketa ondo badoa, erakunde-maila guztietarako baliabide gehiago ere badaude. Eta, oraingo honetan, berri onak daude udalentzat", adierazi du diputatu nagusiak. Aurten, aurreikuspen berriekin, UFFFa %3,83 handitzea aurreikusten da 2022ko likidazioarekin alderatuta; eta 2024rako, aurreikuspenen arabera, % 6,7 haziko da, 2023ko likidazio-aurreikuspenarekin alderatuta.

  

1584