Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Legealdi hasieran iragarri genituen mugarri nagusi guztiak martxan ditugula esateko elementu objektiboak ditugu”

“Legealdi hasieran iragarri genituen mugarri nagusi guztiak martxan ditugula esateko elementu objektiboak ditugu”

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Kultura eta Turismo diputatuak, Denis Itxasok, legealdiaren lehen urtearen errepasoa egin dute

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, duela urtebete, legealdi hasieran, foru Gobernuak bere gain hartu zituen mugarri nagusiak abian daudela esateko “elementu objetiboak” daudela adierazi du gaur. “Legealdi osoa beharko dugu proiektu hauek garatu eta amaitzeko, baina berebiziko garrantzia zuen lehen urte honetan martxan jartzea”, esan du. Diputatu nagusiak hainbat adierazle erabili ditu alor ekonomikoan baikorra izateko, baina betiere “autokonplazentzia ekidinez” eta egun agertoki honetan dauden “puntu beltzak” ahaztu gabe, siderurgiaren sektorea kasu. ArcelorMittalen Zumarragako plantaren egoerari egin dio erreferentzia puntu honetan, “kezkatzen gaituen eta lantzen ari garen gaia”.
Olano eta Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua, Denis Itxaso, lurraldeko komunikabideekin elkartu dira gosari informatibo batetan, foru legealdiaren lehen urtearen balantzea egiteko. Bi agintariek Aldundia “edukiak eta formak modernizatzeko” egiten ari den esfortzua nabarmendu dute, “herritarrengana gerturatu eta gardenagoak izateko”. “Herritarrek gure erakundean eta etorkizunean konfiantza berreskuratzeko lanean ari gara, eta uste dugu lortzen ari garela”, esan dute foru arduradunek.
Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, foru Gobernuak kudeaketaren erdigunean jarri du alor sozioekonomikoa, ekonomia sustapena eta gizarte desberdintasunen murrizketa xede. “Lurraldearen lehiakortasuna bultzatzea eta gizarte justu eta orekatuago baten alde lan egitea mahai berdinaren bi hanka dira”, adierazi du, gogoratuz Foru Aldundiaren helburu estrategikoa “Gipuzkoa ahalik eta gizarte ezberdintasun gutxieneko lurraldea” izatea dela. Zentzu honetan, berriki aurkeztu den Elkar-EKIN programa jarri du adibide gisa, aurten bertan zuzenean 1.500 onuradun izango dituen birgizarteratzeko plana.
Etorkizuna Eraikiz proiektuari ere egin dio aipua Olanok, aitortu duenez, Aldundik martxan jarri dituen ekimenen artean ilusio gehien egiten diona. “Legealdia etorkizunera zuzentzen dugu. Egunerokotasunari aurre egiteaz gain, begirada altxatu eta biharko Gipuzkoa diseinatzen hasi nahi dugu, lurraldeko gizarte eragile guztiekin elkarlanean”, azaldu du. Diputatu nagusiak adierazi duenez, “hausnarketa orokorretatik” haratago, proiektua esperientzia pilotu ezberdinen bitartez gauzatuko da, herritarren aurrean “gure intentzioak zein diren” erakutsiko duen jarduketa praktiko multzoa.
Itxasok, bere aldetik, hondakinen arazoari irtenbidea emateko hartutako neurrien irakurketa positiboa egin du. “Atzean utzi dugu azterketa eta prozesuan fasean lokartzeko fasea, eta konponbidearen errailean jarri gara. Gure irtenbidea Europako herrialde aurreratuenek eta gehien birziklatzen dutenen berbera da”, adierazi du, azalduz aurreikusitako azpiegitura datorren hilabetean lizitatuko dela. Kultura diputaturen iritziz, nabarmentzekoak dira baita ere Deskargako errepideak, Etzegarateko ordainlekuak edota Pasaiako badia biziberritzeko proiektuek jaso duten bultzada. “Kontu hauetan ezin genuen beste aldera begira geratu, eta foru Gobernu hau denak lantzen eta garatzen ari da”, azpimarratu du.
Kulturaren esparruan, foru erakundeak sorkuntzaren arloagatik egin duen apustua mahai gaineratu du Itxasok, “arlo honetan gure modaren, gure zinemagintzaren edota gure sukaldaritzaren etorkizuna jokoan baitago”. “Hau da, sorkuntzaren eremu guzti hauek irtenbidea izan dezatela”. Turismoan ere aurrerapauso nabarmenak eman direla adierazi du. Gipuzkoa lurralde “erakargarria” dela gogoratu du foru diputatuak, baina sektoreak planifikazioa eta erakundeen arteko elkarlana behar dituela azaldu du, adibidez, bisitarien fluxuak banatzeko, nazioarteko agertokira irteteko edota denboralditik kanpoko turismoaren alde lan egiteko. “Ikuspegi berritzaile eta zeharkakoarekin ari gara proiektuak garatzen. Dinamizazioa eta ekonomia bultzatzeak gizarte kohesio eta herritarren aukeren politikak izan behar dituzte oinarri, pertsonak baitira Aldundiarentzako lehentasun”, adierazi du. “Orokorrean, aurrerabidean jarri gara lehen hamabi hilabete hauetan, duela urtebete baino hobeto gaude eta nik uste agerikoa dela”, azaldu du.

  

2230