Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Makina erremintak nazioarteko mapan kokatzen du Gipuzkoa, lurralde aurreratu eta lehiakor gisa”

“Makina erremintak nazioarteko mapan kokatzen du Gipuzkoa, lurralde aurreratu eta lehiakor gisa”

Diputatu nagusia, Markel Olano, Barakaldoko BECean egiten den BIEMH nazioarteko erakusketan izan da, lurraldeko enpresak babesten

Foru Aldundiak Gipuzkoan sustatu nahi duen industria aurreratu, berritzaile eta lehiakorraren eredu gisa jarri du gaur diputatu nagusiak, Markel Olanok, makina erremintaren sektorea. “Etorkizuneko industria”. Lurraldean hain errotuta dagoen jarduera esparru honek krisialdi ekonomikoaren gordinenari tinko eutsi diola iritzi dio diputatu nagusiak, eta orain hazkunde zantzuak indartzeko ordua heldu dela adierazi du. “Gipuzkoako Foru Aldundiak bidelagun izan nahi du eta izan behar du prozesu honetan; gure industriaren bandera-ontzia da makina erreminta, eta foru Gobernu honen babes eta sostengu osoa dauka”, gehitu du.

Olano eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatua Barakaldon izan dira goizean, gaurkoan Gipuzkoako eguna ospatzen duen BIEMH makina erremintaren biurteko nazioarteko erakusketa bertatik ezagutzen. 27 herrialde ezberdinetatik etorritako 1.533 erakusleen artean 116 gipuzkoarrak dira, sektoreak lurraldearentzat eta lurraldeak sektorean duen pisuaren erakusle. Bide batez, Ibarmia enpresa zoriondu du diputatu nagusiak, aurtengo Berrikuntza sariaren irabazlea makina erreminta, osagai, osagarri eta erreminten kategorian. Azkoitiko enpresa bere mahai eta zutabe mugikorrak eta urkila-burua darabilen mekanizatu-zentro unibertsalagatik izan da saritua. 

Makina erreminta Gipuzkoarentat “estrategikoa” dela berretsi du Olanok, datuak mahai gaineratuz. Horrela, lurraldeko ekonomiaren %24 manufaktura-industriaren esparruari dagokiola gogoratu du eta “salmentei begiratzen badiegu, metalezko gai eta makinerien salmentak 4.365 milioikoak izan ziren pasa den urtean, lurraldeko salmenta osoen ia %21”. Sektorearen ekoizpenaren ia %60 kanpora bideratzen da, Gipuzkoako esportazio osoen %40 inguru. “Enpresa hauek nazioarteko mapan kokatzen dute Gipuzkoa lurralde aurreratu eta lehiakor gisa, ditugun enbaxadore onenetarikoak dira”, adierazi du diputatu nagusiak.

Zentzu honetan, alor honetan diharduten enpresak berrikuntzaren garrantziaz jakitun izatea funtsezkoa dela nabarmendu du diputatu nagusiak. “Nazioarteko merkatuan lehiatzea gero eta abiadura handiagoan doan lasterketa da, eta erritmoa jaisteak atzeratuta geratzea esan nahi du”, azaldu du Olanok. “Makina erremintak, ordea, ondo ulertu du ikerketan eta berrikuntzan inbertitzearen garrantzia eta gaur hemen ikusten ari garena dugu adibiderik argiena: punta-puntako teknologia made in Gipuzkoa”, gehitu du. Diputatu nagusiaren ustetan, gaurkotasunetik biharko erronkei aurre hartzen ari zaizkie makina erremintaren arloko enpresak.

“Aldundira iritsi ginen lehen egunetik errepikatu izan dugu mezua: ekonomia sustapena da gure apustua, aberastasun eta kalitatezko enplegu sortzaile gisa, gure ongizate sistema jasangarri egiteko baliabideak eskura jarriko dizkigun estrategia”, gogoratu du diputatu nagusiak. Zentzu honetan, hilabete hauetan foru Gobernua “hitzetatik ekintzetara” pasatu dela berretsi du, lurraldeko enpresa ehunarentzat pizgarri den Ekonomia Suspertzeko Planaren bitartez batez ere. Honen adibide, pasa den astean aurkeztutako eta enpresa txikiei zuzendutako 4.0 industriaren trena hartzeko egitasmoa, hiru milioi baina gehiagoko inbertsioa ekarriko duena. “Pertsonek osatzen dituzte enpresak, langile eta zuzendari, bulego eta lantegikoek, eta hauen guztien mesedetan eragin nahi dugu. Gipuzkoako enpresak indartzea gizarte osoaren mesedetan doa”, azpimarratu du. 

  

1631