Breadcrumb

Asset Publisher

Back “Ongizate integralaren inguruan hitz egin eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”

“Ongizate integralaren inguruan hitz egin eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”

Eider Mendoza diputatu nagusiak Ongizatearen Plaza ireki du goizean Zarautzen; hala nola, ariketa fisikoari, buru osasunari, inklusioari, elikadura jasangarriari edo teknoadikzioei buruzko jarduerak hartuko ditu espazio parte-hartzaileak

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendoza Larrañagak, Ongizatearen Plaza ireki du gaur Zarauzko hondartzako pasealekuan, herriko alkate Xabier Txurrukarekin batera. Goiz eta arratsalde, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Hala nola, ariketa fisikoa, buru osasuna, inklusioa, elikadura jasangarria eta teknoadikzioa izango dituzte aztergai eta mintzagai datozen bi egunotan.

“Ongizate integralaren inguruan hitz egiten eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, adierazi du Mendoza diputatu nagusiak, zeinek animatu nahi izan dituen zarauztarrak egunotan Ongizatearen Plazara gerturatu eta bertan antolatutako ekintzetan parte hartzera. Izan ere, gogoratu duenez, herritarren eta lurraldearen “egoera ekonomikoa ona” bada ere, pertsonei eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari direla gure artean, “buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak, pobreziaren kronifikazioa” eta abar.

“Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia. Eta gaur irekitzen dugun espazio honetan, gai horien guztien inguruko dialogoa eta partaidetza sustatu nahi dugu”, azaldu du Mendozak.

Diputatu nagusiak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, plaza berri bat zabaltzen dugu, hain zuzen ere ongizatearen inguruan hitz egin eta gogoeta egiteko, modu parte hartzaile eta ludiko batean”, zehaztu du.

Gaur eta bihar Zarautzen egongo da Ongizatearen Plaza eta, ondoren, Foru Aldundiak Gipuzkoako beste hainbat herrietara zabaltzeko borondatea zabaldu du. Plaza irekia da, herritarrei eta herri bakoitzeko elkarteak gonbidatzen dituena gipuzkoarren ongizate integralaren aldeko gune honetan parte hartzera. Zarauzko programazioak hitzaldi inspiratzaileak, elkarrizketa-gune irekiak, sormen-jarduerak eta tailer parte-hartzaileak eskainiko ditu. Adin guztietarako pentsatutako jarduerak izango dira, askotariko proposamenekin, hala nola adituekin egindako topaketak, dinamika komunitarioak eta giro hurbil eta abegikorrean egindako kultur jarduerak.

Gaiek gaur egungo gaiak jorratuko dituzte, hala nola ariketa fisikoa eta zahartzaroa, buru osasunak, inklusioa, elikadura jasangarria edo teknoadikzioak. Eta Why Not eta Altxa Burua bezalako elkarte eta kolektiboek parte hartuko dute, baita Aritz Aranburu eta Aitor Gallo Frantsesena surflariek, Jakoba Errekondo agroekologian adituak eta Aitor Furundarena musikariak ere.

Irekitzeko, Adinberrirekin saioa

Ongizatearen Plazaren irekieraren bat, gaur goizean Adinberriren telebista saioaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartea izan da. Ondoren, buruko osasun arazoak eta desgaitasun psikikoa duten pertsonek hitza hartu dute, Why Not fundazioko kideek grabatutako irratsaioaren bitartez.

Arratsaldean, berriz, Zarautz Klub Elkarteko gazte pilotariek euren esperientziak partekatuko dituzte eta, ondoren, pilota partidu batez gozatuko dugu beraien eskutik. Amaitzeko, kirolariekin solasaldia hartuko du plazak: Aritz Aranburu eta Aitor “Gallo” Frantsesena surflarien arteko tertulian, balioak, inklusioa eta kirola izango dute solasgai.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ongizatearen-plaza

  

7899