Breadcrumb

Asset Publisher

Back 'Think tank'-ak etorkizuneko erronkak identifikatuko ditu

'Think tank'-ak etorkizuneko erronkak identifikatuko ditu

Etorkizuna Eraikiz egitasmo zabalean aintzat hartu beharreko proiektuak definitzen lagunduko duen lan taldea aurkeztu du

2018/02/09
Etorkizuna Eraikiz egitasmo zabalean aintzat hartu beharreko proiektuak definitzen lagunduko duen lan taldea aurkeztu du

Foru Aldundiak ezagutzera eman du Etorkizuna Eraikiz ekimenari lotutako think tank egitasmoan ospe handiko eta hainbat esparrutako 35 profesional arituko direla, hausnarketa iraunkorreko prozesu batean, Gipuzkoako lurraldeak dituen erronka estrategikoak definitzeko eta etorkizun ekonomiko, sozial eta politiko egokia bermatzeko politika publikoak eraikitzen laguntzeko. Hainbat lantaldetan antolatuko dira adituak, eta denen eginkizuna izango da Gipuzkoa lurralde «lehiakorra eta berdinkidea» izateko proiektu giltzarriak identifikatzea, gizartearen kezka, eskari eta beharrei erantzuteko helburuarekin.

«Ez dugu etorkizunaren zain geratu nahi, etorkizuna sortu eta hobetu nahi dugu, jarrera proaktiboarekin jokatu nahi dugu, Gipuzkoan dugun kapital sozial osoaren ideiak, irudimena eta ilusioa baliatuz, erakunde publikoek ezin dugulako eta ez dugulako bakarrik jardun behar zeregin garrantzitsu honetan», adierazi du Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak, Estrategia Kudeaketako foru zuzendari Sebas Zurutuzarekin batera, hedabideekin izan duen lan gosari batean.

Think tank ekimen honetako partaideen nukleoa enpresa, ikerkuntza, kirol, kultura, ekintzailetasun, zientzia, unibertsitate eta politika sozialen arloetako adituek osatzen dute (zerrenda Aldundiaren web honetan dago ikusgai: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/etorkizunaeraikiz/think-tank). Hausnarketa gune horrez gainera, 100 pertsonako aholkulari-panel bat ere osatu da, zuzenean bileretan parte hartu gabe ere ideiak eta iradokizunak aurkezteko prest daudenekin. «Belaunaldi berri bat dago, adin ertaineko eta gazte jendez osatua, Gipuzkoako enpresetan, erakundeetan eta elkarteetan erabakiak eta ardurak hartzen ari dena. Lurraldeko errealitate sozialarekin eguneroko kontaktua dute eta trakzio gaitasun handiko jendea da, baina batzuetan errealitate instituzionala urrunetik bizi dute. Halako pertsonak inplikatu ditugu», azaldu du Lasak.

Pertsona horiek hautatzeko garaian, Gipuzkoaren ordezkaritza aniztuna osatzen saiatu da Aldundia, bai lurralde oreka bai genero berdintasuna zainduz.  Taldeak eginkizun izango du, gizarte eragileekin batera jardunez, lurraldearen garapenerako ekimen, proiektu eta programa estrategikoak antzematea eta sortzea; nazioartean arrakastatsuak diren esperientziak identifikatzea eta ebaluatzea, Gipuzkoan garatu diren esperientziak kanpoko beste batzuekin lotuz hemengoak hobetzearren; Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan esperimentatu beharreko proiektuak definitzea; proiektu hautatuak erakundeetan eta enpresetan abian jar daitezen bultzatzea; eta ekimen eta proiektuen eskalatu prozesua ezartzen laguntzea, ezagutza erabilgarria sortzearren.

Think tank lantaldeko kideek zortzi lansaio egingo dituzte datorren urteko urtarrila arte. Lehenbiziko lau saioak, aurtengo uztaila artekoak, hausnarketa eta eztabaidarako izango dira: lehenengoa atzo izan zen eta hurrengoak martxoan, maiatzean eta uztailean izango dira. Bigarren faseko saioetan, berriz, hausnarketa horretatik abiatuz proiektu zehatzak identifikatu eta hautatuko dituzte, martxan jartzeari begira. Lansaioen abiapuntua aditu jakin baten diagnostikoa izango da beti, arlo jakin batean diren arazo edo egoera nagusiak azalduko dituena, eta horien gain eratuko ditu gero think tank taldeak bere gogoeta eta proposamen zehatzak.

Lau arlo nagusi ezarri dira eta lansaio bakoitza horietako baten gainean eratuko da: Gizarte ongizatea (desberdintasunak murriztea, zahartzaroarekiko ardura, babes sozialerako sistemaren jasangarritasuna...); Gobernantza (administrazio eredu berria, kudeaketa publiko aurreratua, erantzukidetasun publiko-pribatua...); Lehiakortasuna eta talentua erakartzea (balio sorkuntzan oinarritutako garapen jasangarria, jarduera ekonomiko berria sustatzea eta sortzea, internazionalizazioa enpresak eta pertsonak konektatuz...); eta Lurralde jasangarria eta Mugikortasuna (eskura ditugun baliabide naturalen erabilera eraginkorra, ondare naturalaren kudeaketa aktibo eta integrala, elektromugikortasuna, aldaketa klimatikoa...).

Saio presentzial horiez gainera, lan dinamika iraunkorra izango du taldeak, barne foro telematiko bat izango baitu etengabe zabalik, ideiak, hausnarketak eta proposamenak elkarri trukatzeko eta 100 lagunen aholkulari-paneleko kideen feedback-a jasotzeko. Halaber, «kalitatezko eta ezagutza aurreratuko» txostenak eta informazio gehigarriak izango dituzte eskura, eztabaidak aberasteko. Lantaldearen ezaugarri nagusia lana sarean eta ikuspegi multidiziplinarraz egitea izango da, herrialde aurreratuenetan lan egiteko moduen antzera. Zentzu horretan, Lasak azpimarratu du ahalmen handiko ekimena dela «sektore eta ikuspegi desberdinetako pertsonak lantalde berean elkartzea, horrela bakarrik baita posible joera eta soluzio berriak asmatzea».

Orobat, think tank ekimen honen gakoetako bat izango da iristen diren ondorioak gizarte antolatuarekin eta herritarrekin partekatzea. Horretarako bi une nagusi hautatu dira: aurtengo uda, hausnarketa prozesuaren ondorioak partekatzeko, eta 2019ko hasiera, esperimentazio proiektu zehatzak aurkezteko.  Sozializazio prozesu hori funtsezkoa da «herritarrak politika egiteko era modernoago eta partizipatiboago batean inplikatzeko eta herritarren ekarpenak hausnarketara, eztabaidara eta horietatik eratorritako proiektuetara inkorporatzeko».

Gainera, Markel Olano Diputatu Nagusiak aurreikusita dauka laster Etorkizuna eta sortu berria den think tank-a europar esparruko erakundeen eta hainbat sareen aurrean aurkeztea, horien artean European Political Strategy Centre (EPSC), Europako Batzordearen barne hausnarketarako gunea, horren presidentearentzat eta Batzordearentzat azterketa estrategikoak, aholkularitza eta babesa eskaintzen dituena.  Jean Claude Juncker-ek 2014an bultzatutako ekimena da, 2016ean urteko think tank-aren saria jaso zuen, eta Foru Aldundiaren esperientzia ezagutzeko interesa erakutsi dute horren ordezkariek.

Ekimen honen bitartez, Aldundiak «erantzun berriak» asmatu nahi ditu Gipuzkoaren alderdi ekonomikoa eta soziala indartzeko, baina betiere lurraldearen aurrerabidea ahalbidetu duten ezaugarri zeinuak aintzat hartuz, lankidetza eta berrikuntza soziala, esaterako. «Oso gizarte dinamikoa daukagu eta esperientzia arrakastatsuak garatu ditu esparru desberdinetan: enpresa arloan, teknologien munduan, gizarte mailan, hezkuntzan, kulturan.. Bizitasun sozial horri bidea eman nahi diogu Gipuzkoaren etorkizuneko erronken aurrean soluzioak asmatzeko eta gauzatzeko, modu sortzailean eta positiboan jokatzeko eta, azken batean, lurraldearen oparotasun ekonomikoa eta kohesioa sendotzeko».

  

1361