Breadcrumb

Asset Publisher

Back Tokiko Agenda 21en 15 urte Gipuzkoan

Tokiko Agenda 21en 15 urte Gipuzkoan

Jose Ignacio Asensio: “Politika publiko guztiek iraunkorrak izan behar dute ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloko ikuspegi batetik”

2016/04/13

Tokiko Agenda 21ek dinamismoa galdu dute eta beharrezkoa da sistema sakon berritzea

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak Tabakaleran bildu ditu gaur goizean Tokiko agenda 21en garapenari lotutako iraunkortasun-prozesuetan modu aktiboan parte hartu duten eragileak, “Tokiko agenda 21en 15 urte Gipuzkoan:A21 berritu baterako gakoak garapen iraunkorrerako gobernamendu-eredu gisa” dokumentua aurkezteko.  Topaketara Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako, Udaletako eta kontsultoretza espezializatuetako TA21eko arduradun politiko eta teknikoak joan dira.

Aurkeztu den dokumentua Gipuzkoako TA21en Behatokiaren (Departamentukoa) memoria instituzional bat eta kontu-emate bat da. Gipuzkoako TA21i buruzko atzera begirako bat egiten da hor, 2000. urtetik gaur egun arte, eta diagnostiko zabal bat planteatzen da 88 udalerri gipuzkoarren eta foru-erakundearen egungo egoerari buruz. Era berean, Agenda 21en balioa berresten eta karakterizatzen da garapen iraunkorrerako gobernamendu-eredu gisa eta Departamentuaren estrategia aurreratzen du hura berritzeari begira.

“Departamentuaren helburu estrategiko bat da, aurrera egitea “Gipuzkoa iraunkor” baterantz, non iraunkortasuna (ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloko ikuspegiaren integrazioa) ezaugarri bat izango den gizartearen esparru eta maila guztietan, eta gure lurraldearen nortasun-ezaugarri”, esan du Asensiok.

Helburu hori lortzeko, azken 15 urteen atzera begirako bat egin behar da Tokiko Agenda 21en arloan, eta egungo egoeraren analisi neurritsu bat egin, baina amore eman gabe. “Hamabost urtean ahaleginak egin ondoren, zerbaitek garrantzia hartu badu, sistemaren diagnostiko bat egiteko eta jakinarazteko erabateko premia izan da –erantzukizunez, kudeatzaile publiko garen aldetik–, hots, aurrera egiten uzten ez diguten arazoak izendatu eta ikusgai egingo dituen diagnostikoa, eta lan-programa espezializatu bat abian jarriko duena, modu osoan eta konpartituan helduko diena iraunkortasunari begira dagoen kudeaketa hobetzeko beharrezkoak direla dakigun alderdi guztiei. Hortik sortzen da dokumentu honen ideia, agerian utziko dituena egindakoa, ikasitakoa eta gero eta ugariagoak diren ahotsak, uste dutenak iritsi dela unea erantzukizunez eta zintzotasunez heltzeko sistemaren defizitei, zeinaren mende dagoen iraunkortasunerako kudeaketa publikoa Gipuzkoan. Positiboak izatea komeni da, argi baitago asko gaudela ados alderdi nagusian: sistema, hobetu ez ezik, sakon berritu daiteke eta berritu behar da”, esan du Asensiok.

 “Agerian jarri nahi ditugu ongi eginak, beldurrik gabe aurpegia eman egindako akatsei eta inflexio-puntu bat ezarri geroko lan-ildoak ezartzeko, modu gardenean eta herritarrekin partaidetzan”, erantsi du.

Hamabost urte lanean eman ondoren eta Departamentuko teknikari, Udaletako arduradun politiko eta tekniko eta arloko profesionalen arteko gogoeta-ariketa sakon bat egin ondoren, egiaztatu da iraunkortasun-prozesuek kapital sortzaile garrantzitsu bat sortu dutela, berritzailea dena alderdi politikoan eta administratiboan.  Haatik, Ingurumen Departamentuarentzat bistakoa da ikuspegi berritzaile eta esperimentalak hartu behar direla, zenbait aldagai eta irizpide integratuko dituztenak.

Tokiko Agenda 21ek ezarpen ia osoa izan du Gipuzkoan eta nabarmen lagungarria izan da iraunkortasunerako ekintza instituzionalaren plangintza estrategikoan, ingurumen eta iraunkortasun kontzeptua sartu du udal-agendetan eta partaidetzazko lehen prozesuak sortu ditu. Baina hasierako lehen bultzadaren ondoren, Tokiko Agenda 21ek dinamismoa eta presentzia galdu dute, bai udal-ekintzaren plangintzako tresna gisa duten zereginean, bai auzokoen iritzia udalen kudeaketan integratzeko tresna gisa duten funtzioan. Beraz, eta Asensiok baieztatu duenez, “une hau gakoa da Agendek udalerri askotan bizirik iraun dezaten”.

Erronka horiei erantzuteko, dokumentuak sei ildo estrategiko adierazten ditu, tokiko eragileekin laster landuko diren 22 ekintzatan banatzen direnak:

1. TA21en jatorrizko helburuak zaintzea eta aberaste metodologikoa.

2. TA21en sistemaren karakterizazioa eta diagnostikoa Gipuzkoan eta emaitzak argitaratzea.

3. Laguntza-baliabideak TA21eko gizataldeentzat.

4. Baliabide ekonomikoak TA21 garatzeko eta gauzatzeko.

5. Lan-kultura instituzionala berritzen laguntzea iraunkortasunerako kudeaketa publiko bat lortzeko.

6. Iraunkortasunerako toki- eta foru-ekintzaren koherentzia bultzatzea.

Asensiok proposatutako ekintzen artean, nabarmentzekoa da lan-kultura instituzionala berritzeko programa bat garatzeko bere asmoa, Gipuzkoan iraunkortasunerako kudeaketa publiko bat lortzeko, TA21en eta/edo garapen iraunkorrerako beste gobernamendu-metodologia batzuen garapen osoari begira, horretarako elkarrizketarako, gogoetarako eta proposamenen ideiagintzarako espazioak sortuta, horiek guztiz ezartzea baldintzatzen duten arazoak gainditzeko. Kudeatzaile publikoen –politiko eta teknikoen– eta iraunkortasunean interesa duten beste eragile batzuen zerbitzura dagoen espazio bat.

“Guztiz sinetsita gaude garapen iraunkorrari lotutako ingurumen-politikak aldaketa-motorra izan direla, izaten ari direla eta izaten jarraitu behar dutela politika publikoen modernizazioan eta birrorientazioan eta administrazioa eta bere antolakuntza ulertu behar den moduan, Gipuzkoan gobernu oneko eta gobernamenduko irizpideak ikuspegi iraunkor batetik hartzen lagunduta”, adierazi du Asensiok.

Ingurumen Departamentuak horien aurrerapena erraztu, gaitu eta dinamizatu nahi du Gipuzkoan, Gipuzkoako Tokiko Agenda 21en Behatokiaren bidez, eta Agenda 21 erreforma elementu gisa birformulatuz, gobernamenduaren eta modernizazio administratiboaren aldetik iraunkortasun-irizpideekin, politika sektorialetarako ez ezik, zeharkako gobernuko egitura eta prozesuetarako ere, geroko belaunaldientzat berme bihur dadin.

Lortu nahi den xedea lurraldeari tresna bat, euskarri sendo bat eta epe luzera ematea da, Gipuzkoaren garapen iraunkorreko eredu baten aldeko gobernamendua lortzeko, Rioko Deklarazioan, planeta osoaren garapen iraunkorra bilatuz, jasotako 27 printzipioetan oinarritua.

  

1256