Breadcrumb

Asset Publisher

Back 1.300 pertsona baino gehiago daude Ficobara deituak, Aldundiaren EPEaren azterketetara

1.300 pertsona baino gehiago daude Ficobara deituak, Aldundiaren EPEaren azterketetara

AOTen -35 plaza-, gizarte langileen -25- eta medikuen -4- hautapen prozesuei dagozkien lehen probak egin dira gaur

2019/06/14

Gipuzkoako Foru Aldundiaren inoizko enplegu publikoko eskaintzari dagozkion lehen probak egin dira gaur Irungo azoka gunean. Guztira, 338 enplegu plaza eskainiko dira lehiaketa-oposaketa honetan, eta azterketen deialdiak datozen hiru urteetan zehar egingo dira. Gaur, hain justu, Administrazio Orokorreko Teknikarientzako (AOT) 35 plaza, gizarte langileentzako 25 plaza, eta medikuentzako 4 plaza betetzeko hautapen prozesuaren txanda izan da. 1.300 lagun baino gehiago daude bertara deituak: 738 AOTen kasuan, 544 Gizarte Politiketako departamentuko EPEn, eta 34 medikuentzako prozesuan.

Administrazio Orokorreko Teknikariei dagokionez, plaza guztietatik 29, txanda librean atera dira deialdira, horietatik lau desgaitasuna duten pertsonentzako gordeko direlarik -%33ko edo %33tik gorako gradua frogatuta dutenentzako-. Beste 6 plazak barne promozio bidez deitu dira. Gizarte langileen eta medikuen kasuan, plaza guztiak txanda librean eskain dira, eta gizarte langileen 25 plazetatik 3 gorde dira desgaitasuna dutenentzako

Hautapen prozesu guztiek hiru ariketa izango dituzte, hirurak ere derrigor egin eta gainditu beharrekoak: ezagutza teorikoen froga, horren aurreneko zatia gaur egin delarik; gai praktikoen eta teoriko-praktikoen proba, eta gaitasunen ebaluaziorako proba. Azken hori da berritasunetako bat aurreko prozesuekiko, eta gaitasun hauek egiaztatzea du helburu, besteak beste: talde lana, komunikazioa, aldaketetara egokitzea, eta profesionaltasuna.

Era berean, aurreneko aldiz, merituen atalean, hautapen prozesuan parte hartzeko beharkizun gisa eskatutakoez bestelako titulazio akademiko ofizialak edukitzea balioetsiko da, baita unibertsitateek edo unibertsitate eskolek emandako unibertsitateen titulu propioak edukitzea ere, baldin eta eskatutako lanpostuaren zereginak betetzeko eragin zuzena eta berariazkoa badute. Frantsesa eta ingelesa ezagutzea ere balioetsiko da. Orobat, aurkezten direnek administrazio publikoetan duten eskarmentua aintzat hartuko da. “Belaunaldi gazteak erakarri, eta Aldundian lanean ari direnen ezagutzari eta jakintzari eutsi; bi ardatz horien arteko oreka bermatu nahi izan dugu”, ziurtatu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

“Kualifikatutako pertsonak behar ditugu, trebezia berriak dituztenak, eta hurrengo EPEekin belaunaldi berri bati sarrera ematea da gure asmoa. Parte hartzera animatzen ditugu, ezinbestekoak direlako zerbitzu publikoa hobetzen jarraitzeko, eta belaunaldi aldaketaren prozesua gauzatzeko. Baina badugu beste helburu bat ere, Aldundiaren enplegu publikoaren egonkortasuna areagotzea eta behin-behinekotasun tasa murriztea, Estatuak EPEak egiteari jarritako debekua dela-eta, igotzen joan baita”, azaldu du.

 Aldundiko idazkaritza teknikoetan oinarrizkoa den lanpostua indartzea ahalbidetuko du Administrazio Orokorreko Teknikarien EPEak, “kudeaketa arinagoa, eraginkorragoa eta azkarragoa erraztuz”. Gizarte Politiketako departamentuari lotutako EPEari dagokienez, gizarte arretarako beharren gorakadari erantzungo dio, “gero eta baliabide gehiago behar baititugu premia handiena dutenei erantzun egokia eskaintzen jarraitzeko. Lehentasunezko esparrua da”, esan du Lasak. Azkenik, medikuentzako lau plazetatik hiru, desgaitasuna eta mendekotasuna dutenen balorazioa egitera zuzenduko dira. Tramite hori ezinbestekoa da diru laguntza eta baliabide desberdinak eskuratzeko. 

Oinarri gehiago irailean

Foru bozeramaileak aurreratu duenez, hastera doan legealdiak “berebiziko garrantzia” edukiko du erakundearen modernizazio bide orrian: “Etengabeko prozesua izango da”. Hori horrela, aurtengo irailean plaza hauei dagozkien deialdiak onartu eta komunikatuko dira: GT itzultzailea-interpretea, GT ingurumena, albaitaria, arkitektura, GT berdintasuna, psikologia, ET ogasuna, delineatzailea, zerga agentea, obra eta proiektuetako teknikari laguntzailea, eta artxibo eta zerbitzu orokorretako ofiziala (3 plaza desgaitasun intelektuala dutenentzako). 2020 eta 2021ko irailean, gainerako hautapen prozesuen deialdiak argitaratuko dira, 338 plazak osatuz guztira.

EPE honek ahalbidetuko du epe laburrean Aldundiaren egitura finkatzea, “enpleguaren sustapena edo gizarte arreta bezalako lehentasunezko esparruak indartuz”, baina berritze prozesua “askoz ere harago” joango da. “Aldi berean, eta kontuan hartuz langileen erdiak erretiroa hartuko dutela hamar urteko epean, hil ala biziko erronka dugu legealdi honetan: denon artean erabakitzea zeintzuk izan behar diren etorkizuneko Aldundiaren diseinua eta egitekoak. Gipuzkoa aldatzen ari da, eta gero eta azkarrago aldatuko da. Bere biziraupena du jokoan Aldundiak datozen hamarkadetan; lurraldea indartzeko eragile inportantea izaten jarraitzea, alegia”.                      

Haren esanetan, berritze bide orri horrek hainbat faktore aurreikusi beharko digu. Errealitate sozial eta ekonomiko konplexu batera egokitzea, zahartzea, migrazioa, edo lan egiteko eta harremantzeko modu berriak bezalako fenomenoekin; teknologia berriek ekarriko duten eraldaketa, edo gizartearekiko elkarlanean eta esperimentazioan oinarritutako gobernantza eredua finkatzea”.
  

1295