Breadcrumb

Asset Publisher

Back 86 lagunek indartuko dute Ogasun departamentua 2018ko Errenta Kanpaina garatzeko

86 lagunek indartuko dute Ogasun departamentua 2018ko Errenta Kanpaina garatzeko

Lan poltsan izena emateko epea zabaldu da gaur

Foru Aldundiak hautapen probetarako deialdiaren hasiera iragarri du gaur, errenta kanpainetan laguntzeko erdi mailako teknikarien lan poltsa bat sortzeko. Poltsa aldi baterako izango da, eta aukeratutako langileak, 86 guztira, 2018ko Errenta Kanpainaren exekuzioan arituko dira batik bat. Ogasun eta Finantzetako departamentua indartuko dute, eginbehar teknikoetan, jendaurreko arretan, edota zalantzak argitzen, laguntza gehigarri gisa. Neurri honekin, aurre egingo zaio departamentuan sortzen diren ezohiko pertsonal beharrei, zerga aitorpenen tramitazioa dela-eta, zerbitzu “azkarra, efizientea eta kalitatezkoa” bermatuz, adierazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Poltsan sartu nahi duten pertsonek, ezagutza proba gainditu beharko dute, eta 3. Mailako Hizkuntza Eskakizuna egiaztatu.  Aurreko errenta kanpainetan izandako eskarmentua ere kontuan hartuko da puntuazioetan. Gaur bertan argitaratu da iragarkia GAOn, eta eskabideak egiteko epea 20 egun naturaletan amaituko da. Iragarki horretan kontsulta ditzakete interesatuek hautapen probetan onartuak izateko bete beharreko baldintzak, eta deialdiaren informazio guztia –gaitegia, etabar-. Iaz, 330 lagunek aurkeztu zuten eskaera.

Aurtengo berritasun nagusia da poltsa honetatik aterako diren hainbat langileren lan harremana orain arte baino luzeagoa  izango dela departamentuan, eta ez dela errenta kanpainako hiru hilabeteetara mugatuko. Izan ere, 10 lagun izendatuko dira 6 hilabeterako, urtarriletik ekainera, eta errenta kanpainak egiteaz gain, BEZaren urteko aitorpenari lotutako proiektu pilotu batean egingo dute lan. Horretarako, prestakuntza jasoko dute. Lasak aditzera eman duenez, Foru Aldundiaren asmoa da 2020 urtean BEZaren aitorpen mekanizatua eskaintzea modalitate zehatz batzuetan. Horretarako, aurretik, datorren urtean, 2019an (2018ko kanpaina), BEZaren aitorpenarekin erlazionatutako lehen laguntza bat eskainiko da, alor honetan dauden beharrak eta betekizunak ezagutzeko.  

“Zergadunak bere likidazioa aurkeztu beharko du eta, gero, itzultzera irten zaionak, Ogasuneko bulegoetara joan ahalko du itzulketa egitera, prozesua nabarmen bizkortuz, Ogasunaren eraginkortasuna hobetuz, eta zergadunaren mesedetan”, esan du. Bai 2019ko esperientzia pilotu hori, bai 2020an martxan jartzea espero den zerbitzu berria, erregimen erraztuan dauden zergadunei zuzenduta dago, salmentetan eta erosketetan 250.000 euro baino gutxiago aitortzen dituztenentzat. Hau da, aholkulari batengana joateko baliabide gutxi dituzten, aitorpen errazak dituzten edota zifra txikiak mugitzen dituzten dituzten zergadun horientzat: lehen sektorea, merkatari txikiak, ostalariak… BEZaren aitorpen mekanizatua, foru Ogasunak zergadunei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetu eta erraztasunak emateko apustua “garbia” da: “Ez du aurrekaririk, eta ez da beste inon egiten”.

Lan poltsan sartuko diren gainerako langileei dagokioenez, 30 izendatuko dira 6 hilabeterako, apiriletik irailera, errenta kanpainan lan egiteko eta zeregin horretan sortzen diren gorabeherak erabakitzeko. Azkenik, 46 lagunek 3 hilabetez egingo dute lan, apiriletik ekainera, errenta kanpainak irauten duen bitartean.

Aurreko urteetan bezala,  irizpideak txertatu dira oinarrietan, pertsona gazteak administraziora erakartzeko asmoarekin. Izan ere, Lasak azaldu duenez, lehen aukera profesional oso egokia da ikasketak bukatu berri dituzten gazteentzat, baita Aldundiarekin “lehen kontaktu” gisa ere, “aurrerantzean egingo ditugun enplegu publikoko eskaintzei begira eskarmentua hartu ahal izateko, besteak beste. Aldundian gauzatu behar dugun belaunaldi aldaketa sakona aurrera eramateko, eta erakundearen etorkizuna eraikitzeko aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu. Gainera, lan aldia luzatu izanak are aukera erakargarriagoa bihurtzen du gaur iragartzen dugun hau”.

 Gipuzkoarrek “oso modu positiboan” baloratzen dute Errenta Kanpainan zehar Aldundiak ematen duen zerbitzua, 8tik gorako batez besteko notarekin:  “Hobetzen jarraitzea da gure helburua, giza baliabideak eta baliabide materialak indartuz”. Iazko kanpainan, esaterako, zailtasun ertain edo altuko 36.990 telefono dei erantzun ziren guztira. Itzulketen batez besteko epea 1,32 egunekoa izan zen proposamenen kasuan, eta 1,32 mekanizatuenean. Aurtengo kanpainan 380.000 aitorpen aurkeztu dira, aurrekoan baino 550 gehiago. Gehienak, 216.000, autolikidazio proposamenak dira; ondoren doaz mekanizatuak (74.000) eta internet bidez bideratu direnak (70.000).

Ildo beretik, foru bozeramaileak gogorarazi du 2019. Urte erdian zerga iruzurrari aurre egiteko pertsonal teknikoari zuzendutako Lan Publikoko Eskaintzaren azterketak egingo direla. Hautapen prozesura 612 lagun aurkeztu dira guztira. 

Irungo trenbide espazioa

Era berean, Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman dio Foru Aldundiak,  Irungo Udalak, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta ADIFek sinatu beharreko lankidetza hitzarmenari, Irungo egungo tren geltokiaren eremua biziberritzeko eta garatzeko. Proiektu horri bide emateko, erakunde bakoitzak hartu beharreko konpromisoak jasotzen ditu hitzarmenak. Irunen etorkizunerako, funtsezko proiektutzat jo du Lasak, trenbidearen egungo arrastoa murriztea, eta trenbide sareak okupatzen dituen lurzoruak “hiriarentzat eta irundarrentzat berreskuratzea” ahalbidetuko baitu, instalazioak modu sakonean berrantolatuz.

Hala, aurreikusten da gaur egun ADIFen jabetzapean dauden 33.888 metro karratu berreskuratzea. Horrek erraztuko du erabiltzen ez diren trenbideak, urteetan aparkatutako bagoiak eta kaltetuta dauden pabilioak dituen esparru hau hirigintza ikuspegitik zeharo biziberritzea. Bestalde, Gipuzkoako bigarren hiriaren konexio beharrei erantzungo dien espazio intermodala sortzea da asmoa, gaur egungo trenbide instalazioak abiadura handiak ekarriko dituen behar berriei egokituz, abiadura handiko Nazioarteko Tren Estazio batekin, eta autobus estazio batekin, besteak beste. 

Hitzarmena laster sinatuko dute lau erakundeek. Bertan jasotzen denaren arabera, Aldundiak beharrezko azterketak egingo ditu, bere azpiegituretan (errepideak eta besteak) trenbidearekiko eta autobus sistemarekiko  intermodalitatea hobetzeko, Adif/ Espainiako Sustapen Ministerioarekin, eta Irungo udalarekin elkarlanean. 

Era berean, aipatutako esparruak edukiko dituen erabileren definizio prozesuan parte hartuko du foru erakundeak, aztertuz, lurraldearen antolaketaren eta ekonomia sustapenaren esparruetan dituen eskumenen baitan, bertan berrikuntzari eta teknologia berriei lotutako jarduera ekonomikoak ezartzeko dauden aukerak, elkarlanaren bidez. Lasak azpimarratu duenez, asmo handiko egitasmo horrek “Irungo bihotza, erdigunea”, eraldatuko du, hainbat alorretan bizi kalitatea hobetzeko aukerak zabalduz, hala nola “etxebizitzan, enpleguan, espazio berdeetan eta mugikortasunean, bai ibilgailuena eta baita oinezkoena ere”. 

Katealegaiari diru laguntza

Gaurko bilkuran, bestalde, Kontseiluak erabaki du 100.000 euroko diru laguntza ematea Katealegaia entitateari, Landuz Proiektuaren garapenerako. Bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea bultzatzea du helburu eta urte hasieran jarri zen martxan.  Katealegaia enplegurako zentro berezia da eta Gipuzkoa osoan zehar banatutako lan zentroetan dauden 950 pertsonek osatzen dute. Enplegurako zentro berezi hau irabazi asmorik gabeko entitate bat da gizarte ekonomiaren barnean, eta bere helburua da  desgaitasunagatik bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako enplegu egonkorra sortzea eta mantentzea. 25 urtetik gorako eskarmentua ibilbidea du. Bere jarduera industriala da nagusiki, eta Euskadiko enpresa ehunaren industria enpresa nagusiekin elkarlanean aritzen da.

Diru laguntza horren bitartez, gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden 10 pertsonen enplegagarritasuna hobetuko da, gizarteratzeko eta laneratzeko gaikuntza, eta lanpostuan laguntzeko prestazio teknikoa eskainiz. Aldundiaren Elkar-EKIN egitasmoaren barruan kokatzen da eskainitako babesa. 2016ko ekainean martxan jarri zenetik, baezterkeria arriskuan edo egoeran dauden 3.000 pertsonengana iritsi da zuzenean egitasmoa, haietatik 245ek enplegua topatu dutelarik.

“Pertsona guztion eskubideekiko sentsibilizatutako lurraldea da gurea, baita desgaitasuna duten pertsonek dituztenekiko. Hori da gure nortasun ikurretako bat, eta Katealegaiaren kasuan, gure beste indargune batekin konektatzen du: industriarekin. Inor atzean ez gelditzea da gure konpromisoa. Herritarrek, hirugarren sektoreak eta erakundeok indarrak batzea da horri eusteko modu bakarra”, amaitu du.
  

1652