Breadcrumb

Asset Publisher

Back Adierazpen instituzionala

Adierazpen instituzionala

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteburuan Amasa-Villabonan bi gaztek jasandako eraso homofobo eta xenofoboa gaitzetsi du

2023/05/16
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundia


Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen irmoa adierazi du gaur goizean, joan den asteburuan Amasa-Villabonan bi gaztek jasandako eraso homofobo eta xenofoboaren aurrean. Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambraren bidez, elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi die Aldundiak erasoa jasan duten bi pertsonei, bai eta haien senide eta lagunei ere, eta, horrela, bat egin du gertaera horrek Gipuzkoako gizartean eragin duen kezkarekin eta sumindurarekin.

Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendariak adierazi duenez, "LGTBIfobiak, hitzezko erasoek eta indarkeria homofobo eta xenofoboak ez dute lekurik gure lurraldean, eta erabat onartezinak dira". "Gipuzkoan, ez dute lekurik gorrotoak, genero-izaeragatik edo sexu-orientazioagatik egindako erasoek, ez eta sexu-askatasunen eta askatasun indibidualen aurkako mehatxuek ere, eta are gutxiago sexu-izaeragatik eta jatorri atzerritarragatik bi gizon horiek jasan zituzten indarkeriazko erasoek".

Gambrak gaineratu duenez, jarrera homofobo eta xenofoboek, eta, oro har, “berdintasunaren eta pertsonekiko errespetuaren aurka egiten duten guztiek, gizarte osoa erasotzen dute, eta bereziki, gizartean berdintasunean parte hartzeko eskubidean sinesten dugun pertsona guztiak, jatorria, sinesmena edo kultura edozein dela ere”. Horregatik guztiagatik, dibertsitatearen eta giza eskubideen eremuko asoziazionismo guztiarekin batera, gizarte-desberdintasunei aurre egingo dien Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Aldundiak. “Gipuzkoa gero eta anitzagoa da, eta sexu-joera, jatorria, erlijioa edo kultura dela-eta gertatzen den edozein diskriminaziori ezetz esaten dio”.

  

1596