Aldundiak 2,5 hektarea padura berreskuratu ditu Jaitzubian
Aldundiak 2,5 hektarea padura berreskuratu ditu Jaitzubian
Euskadiko balio ekologiko handieneko hezeguneetako batean egin dira leheneratze-lanak; mehatxatutako flora- eta fauna-espezieak daude bertan, eta uretako hegaztiak migratzeko gune estrategikoa da. Ekaina eta urria bitartean egindako lanek inguruko eremuetan uholdeen arriskua murrizten laguntzen dute. 2026ko udaberrian LIFE-Humedales proiektuaren akordioa sinatzea aurreikusten da, paduraren berreskurapenean aurrera egitea eta inguruko biodibertsitatea hobetzea ahalbidetuko duena, eta, aldi berean, eremuaren uholde-arriskua 11 zentimetro murriztea espero da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Txingudiko padurak (Bidasoako estuarioa) ekologikoki lehengoratzeko lanak. Ekainetik urrira bitartean, Jaitzubiako zonaldean 2,5 hektarea padura berreskuratzeko lan egin da. Horretarako, munak eta egitura artifizialak kendu dira, ingurua garbitu da eta inguruko espezieak landatu dira, hala nola tamarindoak, intsusak, haritzak eta elorri zuriak, proiektuaren baitan sortutako ezponda berrietan. Era berean, aldundiaren teknikariek egindako kalkulu hidraulikoei esker, estuarioko zona horretako mareen dinamika naturala berrezartzea lortu dute, gatz-padurako ekosistema horien bereizgarri diren uholde eta drainatze prozesuak erraztuz.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak zonaldea bisitatu dute gaur. Mendozak positibotzat jo ditu egindako lanak, “hezeguneko ekosistema berreskuratzeaz gain, horrelako esku-hartzeen bidez, ingurunean uholde arriskua murrizten laguntzen dugu”. Diputatu nagusiak balioan jarri du gure hezeguneek eta padurek betetzen duten papera klima aldaketari aurre egiteko orduan, eta espazio horiek zaintzeko, berreskuratzeko eta babesteko lan egiteak duen garrantzian jarri du azpimarra. “Jatizubian egindako moduko lanak egiteak esan nahi du klima aldaketaren aurkako borrokan aurrea hartzea eta etorkizuneko belaunaldiek lurralde hobea, berdeagoa eta orekatuagoa izatearen alde lan egitea, aldi berean eremua babesten dugularik, besteak beste itsas mailaren igoeratik eratorritako uholdeen arriskua saihestuz” adierazi du Mendozak.
Bestalde, Hondarribiko alkate Igor Enparanek Jaitzubian egindako lanen garrantzia azpimarratu du: "Hondarribiak Euskadiko naturagune baliotsuenetako batekin bizitzeko zortea du, eta hori zaintzeko ardura ere badugu. Jaitzubian egin diren lanak garrantzitsuak dira norabide horretan. Kalteak saihestea ez ezik, erresilientzia eraikitzea eta etorkizunari aurrea hartzea ere ezinbestekoak dira. "Inguru horretan egindako lanen balantzea oso positiboa izan da; izan ere, ingurunea berreskuratzeaz gain, ur gezako hiru putzu sortu dira eta hauek apo lasterkariaren bizileku izatea dute helburu. Espezie hau mehatxatutako espezie bat da, eta Gipuzkoan Jaitzubiako eremu horretan bakarrik aurki daiteke.
Padura berreskuratzeari esker, udazken honetan espazioa hainbat hegaztirentzako pasagune bihurtu izan da, besteak beste, lehen aldiz eremu horretan beltzarana ikusi da, eta baita Herbehereetatik Iberiar Penintsularen Hegoalderantz doan mokozabala ere bere migrazio bidearen geraleku izan delarik hau.
Bidasoa ibaiaren estuarioan dauden Txingudiko padurak Natura 2000 Sarekoak dira, hau da, gune babestuen Europako sarekoak. Enklabe hau Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dago, eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu da, lurraldean ezaugarri horiek dituen espazio bakarra. Era berean, nazioartean Hegaztientzako Nazioarteko Garrantziko Eremu eta Nazioarteko Garrantziko Hezegune gisa aitortuta dago. “Euskadiko balio ekologiko handieneko hezegunetako bat da hau” gogorarazi du Mendozak.
LIFE Humedales
Jaitzubiako paduran egindako lanen ondoren, Aldundiak ingurua ekologikoki lehengoratzeko lanekin jarraitzea aurreikusten du. Horrela, Europar Batasunarekin 1,4 milioi euroko finantzaketa-akordioa sinatzea espero da, balio erantsi handiko hezeguneak berreskuratzeko bidean aurrera egiteko LIFE Humedales(Hezeguneak) proiektuaren esparruan.
Zehazki, akordioa sinatu ondoren, Jatizubiako San Pablo padura berreskuratzea planteatzen da, hiru hilabete hauetan lehengoratu den eremutik metro gutxira dagoena. Gaur egun, mareetatik isolatutako espazio bat da, lezoi perimetral baten bidez, eta drainatze-sistemekin hornituta dago, euri-ura husteko. Paduraren dinamika naturala berreskuratzea, habitatak hobetzea eta biodibertsitatea sustatzea da helburua, jasangarritasun irizpideekin. Eremu berri hori berreskuratzeak, gainera, uraren mailaren igoera 11 zentimetro jaistea ekarriko du.
LIFE Humedales (Hezeguneak) proiektua 2030eko Hezeguneen Plan Estrategikoa”-ren esparruan egingo da, beste administrazio eta erakunde laguntzaile batzuekin batera. Gaur aurkeztutako lanek eta hurrengo hilabeteetan egingo direnak, Gipuzkoako hezeguneak kontserbatzearen aldeko apustu irmoak dira, eta gure lurraldeak biodibertsitatearen eta lehengoratze ekologikoaren arloan Europak dituen helburuekin duen konpromisoa indartzen du, lurraldearen lurralde oreka berdea bermatzeko, herritarren mesedetan.
2122