Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak 2,86 milioi euro bideratuko ditu aurten Gipuzkoako I+G proiektuetara

Aldundiak 2,86 milioi euro bideratuko ditu aurten Gipuzkoako I+G proiektuetara

Diputatuen Kontseiluak erabaki du laguntzetarako 668.224 euro gehiago xedatzea ikerketa sarearen eskaerei erantzuteko

2023/11/07
Kontseilua

Diputatuen Kontseiluak 668.224 euroko diru-kopuru gehigarria onartu du I+G proiektuetarako laguntzen lerroan, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareari laguntzeko programaren 2023ko deialdiaren barruan. Horrela, hasierako partida 2,2 milioi eurokoa zela kontuan hartuta, aurten 2,868.224 euro bideratuko dira guztira 39 ekimen garatzeko, iaz baino 5 gehiago. “Gipuzkoan, hamarkadetan zehar, puntako inbertsiorako eta berrikuntzarako zentroen sarea egundu dugu, eta gure konpromisoa da haien ahalegina babestea, ezagutza aurreratua sortuz gure ekoizpen-sarearen lehiakortasuna hobetzen dugulako, eta gure ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen dituzten aurrerapenak egiteko oinarriak finkatzen ditugulako. Aurrekontu igoera horri esker, gure ikerketa ekosistemak aurkeztutako proiektuei erantzun ahal izango diegu, potentzial eta kalitate handikoak direlako”, azpimarratu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez.

I+G proiektu baloratuena Mondragon Goi Eskola Politeknikoak aurkeztutakoa izan da, hidrogenoaren trantsizio energetikoan sartzen diren material berrien portaera tribologikoaren ezagutzan aurrera egiteko helburuarekin. Era berean, oso ondo baloratu da Biogipuzkoa Institutuak aurkeztutako proiektu bat, tinpano-mintzaren ordezko biomimetikoak garatzea helburu duena, zulaketa kronikoak tratatzeko.

Proiektuen ia % 50ek osasunarekin edo biozientziekin lotutako gaiak jorratzen dituzte, eta beste horrenbestek industria adimendunaren garapenarekin, digitalizazioarekin, fabrikazio aurreratuarekin edo industriari aplikatutako adimen artifizialarekin lotutako gaiak ukitzen dituzte. Proiektu askok material berriak garatzea dute helburu, eta beste batzuk energiaren arlora bideratzen dira, hainbat ikuspuntutatik. Ingurumen-gaiek eta klima-aldaketarekin lotutako gaiek ere badute tokia aurkeztutako proiektuetan, baita beste arlo batzuek ere, hala nola euskarak, turismoak edo arkitekturak. “Nabarmendu beharreko alderdi bat da proiektuak bat datozela Gipuzkoaren eta Euskadiren etorkizunerako arlo estrategikoekin, Eusko Jaurlaritzaren RIS3 espezializazio adimenduneko estrategian ezarritakoekin, eta funtsezkoak direla gure ekonomia- eta gizarte-sarea eraldatzeko”.

Mondragon Unibertsitateko, Tecnuneko eta EHUko I+G proiektuak babestu dira. Unibertsitateentzako laguntza hori emandako laguntzen ia % 35 izan da. Eta lagundutako zentroen artean daude, halaber, Ceit, Ikerlan, Cidetec, Lortek, Tekniker, Ideko, Tecnalia, Vicomtech eta Azti; NanoGUNE eta BiomaGUNE IKZak, Polymat, MPC, BCBL eta DIPC BERC bikaintasun-zentroak; eta beste zentro batzuk, hala nola Aranzadi, Basque Culinary Center, Cita Alzheimer Fundazioa eta Elhuyar Fundazioa. Bestalde, Biogipuzkoa Institutuak, Donostia Ospitaleari lotuta eta Carlos III.a Osasun Institutuak egiaztatuta, hiru ikerketa-proiektutarako laguntzak jaso ditu, 220.000 euro guztira.

Berasaluzeren esanetan, diruz lagundutako proiektuen % 37 baino gehiagotan emakumeak dira buru, eta “horrek agerian uzten du berdintasunerantz egindako aurrerabide progresiboa, horrelako esparru garrantzitsu batean, nahiz eta oraindik asko dagoen

egiteke”. Bozeramaileak adierazi du Gipuzkoak oinarri sendoa duela esparru horretan. Hala, Eustaten arabera, Gipuzkoan 13.392 pertsona ari dira I+Gko jardueretan, horietatik 8.686 ikerketan. Gainera, Gipuzkoa da I+Gra BPGren portzentaje handiena bideratzen duen EAEko lurraldea, 2021ean % 2,69ra arte, Europako batez bestekoaren gainetik. Azpimarratzekoa da, halaber, Gipuzkoakoak direla ikerketa eta garapenean gehien inbertitzen duten lurraldeak EAEn: Goierrin, Debabarrena, Debagoiena eta Donostialdea. “Gure posizionamendua arlo honetan nahiko ona da, baina autokonplazentziatik ihes egin behar dugu eta munduko herrialderik aurreratuenei begira jarraitu, horiek baitira gure erreferentzia, eta oraindik ere abantaila handia ateratzen baitigute”.

Aurrekontuen onarpen egutegia

Berasaluzek 2024ko foru aurrekontuak onartzeko egutegiaren berri ere eman du. Hilaren 13an eta 14an diputatuek agerraldia egingo dute beren departamentuetako kontuak azaltzeko. Hilaren 14ko arratsaldean, aurrekontuen foru arauari zuzenketak aurkezteko epea irekiko da, eta abenduaren 5ean amaituko da. Hil horren 12an, Batzar Nagusietako Mahaiak zuzenketak kalifikatuko ditu eta Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuaren osoko zuzenketak eztabaidatzeko bilkurarako deia egingo du, abenduaren 15ean. Behin Osoko Bilkura eginda, abenduaren 19an Ogasun Batzordeak Foru Arauaren irizpena egingo du, eta 22an Batzar Nagusietako Mahaiak Osoko Bilkura deituko du, abenduaren 28an aurrekontuak bozkatzeko.

Berdintasunerako elkarte sareari laguntzea

Era berean, Kontseiluak beste deialdi bat onartu du, Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak berdintasunaren arloko emakume elkarteei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei ematen dizkien laguntzetarako, emakumeek gizartean duten parte hartzea sustatzen duten proiektuak bultzatzeko. Guztira, 410.000 euro bideratuko dira, bai elkarte horien ohiko jarduera finantzatzeko, bai gizarteari oro har edo egoera ahulenean dauden emakumeen kolektibo jakin batzuei zuzendutako proiektu berezietarako.

Horrela, elkarte eta entitateei zuzendutako dirulaguntza lerro honekin, foru bozeramailearen arabera, "lurralde osoan lan kolektiboa eta asoziatiboa babesten eta bultzatzen jarraitu nahi dugu, elkarteei berdintasunaren alde oro har egiten duten eguneroko lanean lagunduz eta, bereziki, emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboaren aldeko lanean, indarkeria matxistaren sentsibilizazioan eta prebentzioan, biktimen arretan eta beren jardueraren bitartez sustatzen duten ekintza komunitarioan". Halaber, Berasaluzek eremu horretan lurraldean dagoen elkarte sare zabalari balioa eman eta nabarmendu nahi izan du; izan ere, sare hori funtsezkotzat jotzen du “gizartearen eta bizitzaren eremu guztietan emakumeen benetako berdintasuna lortzeko”.

Azken deialdian, 40 proiektu eta jarduerak jaso zuten Aldundiaren laguntza, gehienak emakumeak ahalduntzera bideratutakoak. Horrez gain, Berasaluzek gogorarazi du 2024rako dirulaguntzen deialdi honetan ere elkarteek Aldundiaren aholkularitza zerbitzua izango dutela, eta behar duten laguntza teknikoa emango zaiela, bai eta proiektuak aurkezteko laguntza ere. Horretarako, informazio saioak antolatuko dira, interesa duten elkarte eta erakundeentzat.

 

Gazarako laguntza

Azkenik, Diputatuen Kontseiluak 100.000 euroko ezohiko laguntza bat onartu du Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) Euskadiko batzordearentzat. Helburua da Agentzia Gazako biztanleei ematen ari zaien larrialdiko laguntzan parte hartzea, joan den urriaren 7az geroztik izaten ari den indarkeria gorakadak gogor erasan baitie herritarrei. Kalkuluen arabera, milioi bat pertsona lekualdatu dira eremu osoan, 600.000 inguru erdi aldean, eta horietatik 400.000 UNRWAren instalazioetan daude. Bonbardaketa bortitzek eta hornidura blokeo gogorrak erabateko larrialdi egoeran jarri dituzte biztanleak.

Hori dela eta, eta Gazan gaur egun dagoen indarkeriaren gorakadari erantzuteko, UNWRAk premiazko laguntza deialdia egin du, 103 milioi euro eskuratzeko, datozen 90 egunetan Gazako herritarren premia humanitario larrienei aurre egiteko. Funtsak ezinbestekoak dira Gazako zerrendako UNWRAren babeslekuetan babesa bilatzen duten pertsonen berehalako beharrei erantzuteko: elikagaiak, elikagaiak ez diren produktuak, osasuna eta babesa.

Laguntza Diputatu Nagusiaren Kabineteak eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak finantzatzen dute, erdi bana. Laguntza horrek aukera emango du 1.805 pertsonentzako oinarrizko elikagaiak eta edateko ura helarazteko, nahitaezkoak baitira ur eta saneamendu zerbitzuen kolapsoaren ondorioz; eta beste 1.328 pertsonentzako funtsezko artikuluak (mantak, koltxoiak eta higiene kitak) bermatuko dira. UNRWAren larrialdiko deian parte hartzeko interesa duen edozein pertsona, elkarte edo erakunde jar daiteke harremanetan, helbide elektroniko honen bidez: euskadi@unrwa.es.

"Premiak izugarriak dira, eta badakigu laguntza hau aletxo bat besterik ez dela, baina alez ale gauza handiak lor daitezke, eta herritarrei eta gizarte zibil antolatuari eskatzen diegu bat egin dezatela kanpaina honekin edo biztanleria zibil palestinarra jasaten ari den egoera latza arintzen lagunduko duten beste ekintza batzuekin. Lurralde solidarioa gara, eta ziur nago oraingo honetan ere erakutsiko dugula", amaitu du bozeramaileak.

  

960