Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak 3,1 milioi xedatuko ditu Neguko Bidezaintza Planera

Aldundiak 3,1 milioi xedatuko ditu Neguko Bidezaintza Planera

86 kamioiz hornituta egongo da, eta lagungarri izango ditu azken bi neguetan prestatutako mapa termikoaren emaitzak

2019/11/08

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2020 Neguko Bidezaintza Planaren xehetasunak aurkeztu ditu. Planaren aurrekontua 3,1 milioi euro da; indarrean egongo da azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean; eta aktibatuko dea Euskal Meteorologia Agentziak abisuak ematen dituenean izotzagatik (edozein kotatan) eta elurragatik (1.000 metrotik behera). Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatu Aintzane Oiarbidek, gaur Errepideetako zuzendari Silvia Pérezekin batera zehaztu duenez, 86 kamioiz hornituta dago Plana, eta horiei gehituko zaizkie, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-1 errepidean eta A-15 autobian dauzkan ahalmen handiko garabiak, zeintzuk erabiliko bailirateke ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuko balu edo arazoren bat izango balu.    

Hala, foru erakundeak handitu egin du diru hornidura, historiako kopuru altuenarekin, eta aurreko urteko berrantolaketari jarraiki, iazko 84 kamioiei eutsi, eta aurten beste 2 kamioi gehituko ditu Urola Deba aldean. Hala ere, 2018-2019an, gutxitan aktibatu zen Plana, zortzi aldiz, guztira, eta horietako batzuetan, gainera, prebentzio modura. Ez zen gainditu 2. arrisku maila. “Oso negu ona izan zen, aurrekoaren aldean; elur gutxi egin zuen eta kota altu samarretan, baina erabaki dugu orduan gehitu genituen baliabide guztiak mantentzea, ahalik eta segurtasun eta erosotasunik handiena bermatzeko lurraldeko erabiltzaile guztiei, non-nahi bizi direla ere, eta errepideen degradazioa saihesteko edo txikiagotzeko”, azaldu du Oiarbidek.

Guztira, 9.700 tona gatz bilduko dira, 38 biltegitan banatuta, Andoaingo gatz-biltegi berria barne, zeina iaz jarri baitzen abian, 675.000 euroko inbertsio batekin, eta 1.000 tona biltegiratzeko edukiera baitauka. Urtero bezala, erakundeen arteko koordinazioa izango da elementurik funtsezkoena Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako. Bide Azpiegituretako Departamentuak, beraz, lankide izango ditu erakunde hauek: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua, eta Arabako nahiz Bizkaiko aldundiak.  Mantendu egiten da arrisku koten aldaketa, iaz egin zena Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalmeten kotetara egokitzeko. Hortaz, 0 arrisku maila aktibatuko da elurra 700 metroan egitea iragarrita dagoenen, “bat eginez, horrela, Plana aktibatzen duenarekin eta gure errepideetako kotekin”.

Teknologia berriak

Lehenengo aldiz, Planak lagungarri izango ditu azken bi neguetan Foru Aldundia prestatzen aritu den mapa termikoaren emaitzak. Mapa horri esker, hobetu egingo da eguraldiaren iragarpena, eta eraginkortasun handiagoarekin erabiliko dira urgarriak eta beste elementu batzuk, bidezaintza hobetze aldera. Mapak sarearen ezaugarri termikoak erakusten ditu, eta aukera ematen du eskualdeen arteko konparazio termiko bat egiteko. Argazki finko bat da, galtzadako tenperaturaren batez besteko balioari dagokionez (bide-tarte berdeak), zeintzuetatik abiatuta, desbideratze positiboak (zona epelak-beroak) edo negatiboak (zona hotzak-kritikoak) hartzen baitira, arrisku puntuak lokalizatuz eta galtzada modelizatuz –tenperaturaren iragarpena eta zoladuraren egoera–.   

Hori egiteko, zolagainaren tenperatura hartu da, infragorrizko sentsoreekin, baita airearen tenperatura eta hezetasun erlatiboa ere. Azken emaitza lortzeko, balio horiek sartzen dira lurraren gainazalaren denboraren poderiozko bero-galeren ekuazioetan.  Informazioa, dagoeneko integratuta dago Foru Aldundiak negualdirako daukan iragarpen atmosferikoko zerbitzuan. Aplikazio baten bitartez, modu erraz batean bistaratu daiteke dena delako biderako iragarpena, zehatzagoa dena kontuan hartzen dituelako mapa termikoaren emaitzak. “Horrela, sakondu egiten dugu teknologia berrien erabilera, errepideak hobeto kudeatzeari begira; hori, funtsezko elementu bat da lurraldeko lehiakortasunerako eta mugikortasunerako, bat baitator legealdi honetako lehentasunetako bat izango denarekin: sarearen modernizazio adimentsua eta digitalizazioa”, adierazi du Diputatuak.

Lehen fase honetan, Gipuzkoako Biribilgunean sartutako errepide multzoa mapatu da, errepide hauen ibilbideek osatzen dutena: AP-1, AP-8, A-15, N-I, eta A-636. Barruan sartu dira, baita ere, GI-11, GI-20, GI-40, GI-41 eta GI-636 errepideen ibilbideak, funtsezkoak baitira horiek denak Donostialdearen inguruko mugikortasuna bermatzeko.  Azkenik, ibilbide berezi batzuk sartu dira, zeintzuk, beren ingurune fisikoagatik, altitudeagatik eta orientazioagatik, baliagarriak baitira negu-adierazle gisa, hala nola N-121-A, GI-2630 (Udana), GI-631, GI-3720 (Beizama) eta GI-3591 (Arantzazu), eta beste batzuk, garrantzi txikiagoa ez dutenak barne trafikorako eta lurralde mugakideekiko, hala nola N-634 eta GI-627 errepideenak. Guztira, sareko 677,125 kilometro aztertu dira. 

Oiarbidek azpimarratu duenez, mapa termikoari esker, eguraldiaren iragarpena galtzadaren errealitateari egokitzen zaio, inguruko tenperaturaren arabera. “Gainera, errepideko punturik hotzenak ezagutuz gero, horrek ideia bat ematen digu jakiteko non izan daitekeen onuragarria sentsoreak ipintzea, are informazio zehatzagoa izateko, punturik kritikoenen egoerari buruz, izotza agertzeko aukeraren ikuspuntutik begiratuta”. Alde horretatik, aurreratu du Departamentua kontuan hartzen ari dela lau sentsore berri instalatzeko aukera, puntu kritiko batzuen kontrol zehatzagoa izateko asmoz.

Gomendioak jarraitu

Bidezaintza Planaren helburua da lurraldeko errepide sarea baldintza egokietan edukitzea: izotzik gabe eta elurrik gabe. Hala eta guztiz ere, Diputatuak azpimarratu du garrantzi handikoa dela gomendioei jarraitzea eta arriskuak saihestea, ahal den neurrian. “Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta hori ezin bada, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin, gainera”, azpimarratu du Oiarbidek. Orobat, dei berezi bat egin die ibilgailu astunak gidatzen dituztenei, eta gogorarazi die ezen, elurra badago, guztiz debekatuta dagoela aurrea hartzea eta ezkerreko erreitik joatea. “Ertzaintzaren ardurapean egongo da debeku hori errespetaraztea. Eskaera hori gainerako ibilgailuentzat ere egiten dut: errepidea egoera txarrean dagoenean, komenigarria da ezkerreko erreia hustea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten”, amaitu du. 

  

1439