Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak 6 milioi euroko bultzada berri bat eman du Gipuzkoako landa ingurunea dinamizatzeko hainbat laguntzatan

Aldundiak 6 milioi euroko bultzada berri bat eman du Gipuzkoako landa ingurunea dinamizatzeko hainbat laguntzatan

3,9 milioi euro onartu dira basogintza sektorerako laguntzetan, 800.000 milioi nekazaritza ekimenetarako eta 1,3 milioi landa bideetarako tokiko garapenean laguntzeko.

2026/02/24
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak basoak mantentzeko, hobetzeko eta garatzeko diru-laguntzen deialdia onartu du gaur, 3.907.500 euroko zuzkidurarekin. "Gipuzkoako lurralde orekarako eta ekonomiarako sektore estrategiko bat indartzeko laguntzak dira, baita ingurumenaren kontserbaziorako eta lurraldearen jasangarritasunerako ere", Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez.

“Mendiek onura ugari sortzen dituzte lehengai berriztagarria ematen dutelako eta jarduera ekonomikoari laguntzen diotelako, eta, aldi berean, biodibertsitatea zaintzen dute eta funtsezko zeregina betetzen dute karbonoaren zikloan, oreka hidrologikoan, higaduraren kontrolean eta suteen eta arrisku naturalen prebentzioan”, adierazi du. Ildo horretan, azpimarratu duenez, “Gipuzkoako basogintza sektoreak garrantzi ekonomiko, ingurumeneko eta sozial eztabaidaezina du, eta Aldundiaren helburua da horri laguntzea, denboran kudeaketa jasangarria eta bideragarria bermatzeko”.

Deialdi honen bidez, Gipuzkoako basogintza sektorearen erronka nagusiei erantzun nahi die Aldundiak: sektorea gaztetzea eta profesionalizatzea, kudeaketa uztearen aurka egitea, sarbideen hobekuntza, suteen prebentzioa, gaixotasunen aurreko erantzuna, kalitatezko lehengai berriztagarria lortzea eta biodibertsitateari eustea.

Laguntzak jarduera-ildo desberdinetan egituratzen dira. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: basogintzara eta baso-azalerak sortzera bideratutakoak, 1,3 milioi eurorekin 2026an; suteek eta hondamendi naturalek eragindako kalteen prebentzioa, 500.000 eurorekin; onddo-gaixotasunek eragindako zuhaitzen mozketa, 600.000 eurorekin; eta baso-teknologietan eta produktuen eraldaketan, mobilizazioan eta merkaturatzean egindako inbertsioak, 48.000 eurorekin. Era berean, baso-azpiegituretarako eta basoen kontserbaziora bideratutako baso-, ingurumen- eta klima-zerbitzuetarako baliabideak aurreikusten dira.

Landa garapenari bultzada

Gainera, Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman die Gipuzkoan landa ekonomiaren jarduera sustatzera bideratutako bi ekimeni, ekintzailetzarako eta nekazaritza sektorerako laguntza berrien deialdia, eta landa bideak eraiki eta konpontzeko laguntzak.

Foru Aldundiak landa-bideak eraikitzea eta konpontzea bultzatuko du, guztira 1.300.000 euroko zuzkidurarekin, lurraldeko udalei eta toki-erakunde txikiei zuzendutako laguntzetan. “Aldundiak etengabe laguntzen du jarduera horien finantzaketa, jakinik landa bideak funtsezkoak direla nekazaritza jarduerarako, baso kudeaketarako eta lurralde kohesiorako”, adierazi du Berasaluzek. “Helburua da laguntza horiek ahalik eta bide gehienetara iristea, kasu askotan zailtasunak baitaude landa guneetan obra horiei baliabide propioekin ekiteko”.

Era berean, Aldundiak 800.000 euroko zuzkidurarekin lagunduko ditu Gipuzkoako landa ingurunearen garapen ekonomiko eta sozialean laguntzen duten ekimen kolektiboak. Foru bozeramaileak laguntza horien ikuspegi kolektiboaren garrantzia azpimarratu du, "planteamendu partekatuetatik soilik landu daitezkeen erronkei erantzuten dieten proiektuak direlako".

“Udalei, tokiko erakunde txikiei, landa garapeneko elkarteei eta nekazaritza elkarteei buruz ari gara, gehienak ustiategi txikiez osatuak, beren tamaina eta gaitasuna direla eta, inbertsio jakin batzuei banaka ekiteko zailtasunak dituztenak”, adierazi du. “Deialdi honen bidez, Gipuzkoak landa garapen orekatu, kooperatibo eta lurraldeko kolektibo eta ustiategi txikien errealitatera egokituz, konpromisoa indartu nahi dugu”. Puntu honetan, bozeramaileak gogorarazi du laguntza horiei esker, iaz hobekuntzak egin zirela udalerri hauetan: Alkiza, Amezketa, Baliarrain, Elduain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Gaztelu, Hernialde Ikaztegieta, Mendaro, Mutiloa, Orendain edo Zegama, baita Donostialdea-Bidasoa, Debabarrena, Tolosaldea edo Urola Erdiko beste eremu batzuetan ere.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuen artean honako hauek sartzen dira: tokiko merkatuak eta merkaturatze-zirkuitu laburrak sustatzeko inbertsioak; landa-ingurunean enplegua eta ekipamendu kolektiboak sortzeko ekimenak; makinak erostea; tokiko edo eskualdeko prestazio berriak dituzten proiektu berritzaileak; nekazaritza-zerbitzuak digitalizatzeko jarduerak eta landa-elektrifikazioko proiektuak.

 

Energia-komunitateak udalerri txikietan

10.000 biztanletik beherako udalerrietan tokiko energia-komunitateei lotutako eguzki-instalazio fotovoltaikoak sustatzeko laguntzak ere onartu dira. Hala, aurreikusitako zuzkidura 481.500 eurokoa da. Apustu berri honen bidez, Gipuzkoak sendotu egiten du herritarrek tokiko eskala batetik energia sortu eta kudeatu ahal izatea. “Lurraldeko udalerri txikienetan ere bertako biztanleek euren energia ekoizteko eta kontsumitzeko aukera bermatu nahi dugu, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztuz, faktura elektrikoan aurreztea sustatuz eta sistema bidezkoago, eraginkorrago eta jasangarriago baterantz aurrera eginez”, azpimarratu du foru bozeramaileak.

Deialdi berriak lan-ildo hori indartu eta 10.000 biztanletik beherako udalerri guztietara zabaldu du. Joan den urte amaierako datuen arabera, Gipuzkoako udalerrien % 70 inguruk gutxienez komunitate energetiko bat dute. Guztira, 67 komunitate energetiko aktibo daude (industria-izaerakoak 6), 59 udalerritan banatuta. Ekimen horiek 10.000 familia eta 26 ETE ingururi egiten diete mesede, eta orohar faktura energetikoen kostua % 30 inguru murriztea lortu dute.

Era berean, nabarmendu duenez, “Aldundiaren helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek edo ia guztiek gutxienez energia komunitate bat izatea. Gipuzkoa jada erreferentea da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan eta energia berriztagarriaren sorkuntza partekatuan oinarritutako eredua bultzatuz ”.

Aurreko oinarriekin alderatuta sartu diren aldaketa nagusien artean daude balorazio irizpideen doikuntza, etorkizuneko autokontsumo kolektiboan erabiltzaile bakoitzeko 1 kWp gutxieneko potentzia finkatzea eta oraindik tokiko energia komunitaterik ez duten edo, halakorik izanda ere, instalazio fotovoltaikorik ez duten udalerrien eskaerak lehenestea. Era berean, udalek energia komunitatean duten parte-hartzearen balorazio espezifikoari eusten zaio, eta ebaluazio irizpideetan genero berdintasuna eta pobrezia energetikoaren aurkako ekintza kontuan hartzea indartzen da.

‘Ongizatearen Plaza’ Eibarren

Halaber, aste honetan, Aldundiak herritarren ongizate integralean jarriko du arreta, Ongizatearen Plaza Eibarren egingo baita, otsailaren 26an eta 27an. Errebaleko merkatuan elkarrizketarako eta entzuteko gune ireki bat sortuko da, hainbat gairen inguruan, hala nola gazteen osasun mentala, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria edo berdintasuna, Udalarekin eta tokiko hainbat eragilerekin lankidetzan.

Adin guztiei irekitako mahai-inguru, solasaldi eta jardueren bidez, Ongizatearen Plazak herritarrei eragiten dieten erronka sozialen inguruan hausnarketa partekatua eta parte-hartzailea sortu nahi du, “ondo egotea eta ondo sentitzea” ahalbidetuko duen begirada komunitarioa sustatuz. Programa osoa, ordutegiak eta aurreikusitako jardueren xehetasunekin, Aldundiaren webgunean kontsulta daiteke (https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/plaza-zure-herrian/eibar).

  

2279