Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak bermatzen du Bidean zentroko arreta egokia dela

Aldundiak bermatzen du Bidean zentroko arreta egokia dela

Dena den, foru erakundeak ikerkuntzarekin segituko du, kexen edukia argitzeko, iraganeko arazoak konpontzeko eta baita ere zerbitzu publikoaren prestigioari egindako kaltea berreskuratzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du Bidean zentroan egindako azken ikuskapen eta elkarrizketekin bat, publikoki esan daitekeela gaur egun “ez dela gertatzen ari kexetan jasotako gabezietako bat bera ere”, eta bermatu egiten duela zentroan ematen den arreta “egokia dela”. Dena den, foru erakundeak adierazi du “azken muturreraino” eramango duela Bidean zentroko erabiltzaile ohi batzuek Arartekoari aurkeztutako kexen gaineko ikerkuntza, eta helburu hirukoitza izango duela horretan: lehenik, iraganean gertatutako kexen edukia argitzea, egia ote diren argitzea, eta, arazorik gertatu baldin bada, horiek “konpontzea”; bigarrenik, bermatzea aipatutako egoera horiek “ez direla gure babes sisteman gertatzen”; eta, azkenik, zerbitzu publikoaren “prestigioari egindako kaltea berreskuratzea”. “Hori guztia indarkeria egoeran edo arriskuan dauden emakumeek inolako zalantzarik ez dezaten izan horren une zailetan laguntza eta kalitatezko arreta jasotzeko pauso hori egiteko”, azpimarratu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, gaur arratsaldean Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Ahal Dugu eta Bilduko batzarkideek egindako galderei erantzuteko, Bidean harrera zentroari buruzko espedientea eta hobekuntza planaren inguruan. Bidean indarkeria matxistaren emakume biktimentzako egonaldi ertaineko zentroa da.

Diputatuak azpimarratu du Arartekoari kexak aurkeztu dizkioten erabiltzaileak garai desberdinetan izan zirela zentroan –“2014tik 2018ko otsailera arte”. “Nolanahi ere, arreta sistema ona dugu, baliabide onekin eta profesional onekin. Horregatik dei egin nahi diet guztiei, “partekatutako erantzukizunez” joka dezaten, “alarma handiagoa ez sortzeko” harik eta bi inspekzioen konklusioak aurkezten diren arte, izan ere, ondorio negatibo horiek “eragina izan dezakete erabiltzaile berriengan”. Horren harira, gaineratu du auzia “arreta eta diskrezio handiz” hartu behar dela, eta gehien kezkatzen duena, “kexen edukiaz beraz gain”, zera dela, une honetan etxean indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeak “ez ausartzea” arreta zerbitzu publiko batera jotzen, hedabideetan “irakurri dituzten arazo eta salaketa larriak direla eta”.

Maiatzaren 8an irekitako espediente informatiboari dagokionez -Bidean zentroko erabiltzaile ohi batzuek hedabideen aurrean aurkeztutako kexak egiak ote diren argitzeko-, diputatuak azaldu du uneotan espediente hori instrukzio fasean dago, eta honako lau atal dituela: “zentroaren egokitasuna, segurtasun eta irisgarritasun aldetik; zentroaren egokitasuna, osasun eta garbitasun aldetik; emandako arretaren egokitasuna; eta baliabide ekonomikoen eta elikagaien urritasuna”.

Aipatu espedientea instrukzio fasean dagoenez, diputatuak berretsi du ezinezkoa izango dela kontu jakin batzuei dagokienez egin galderei erantzutea, informazio hori “isilpeko izapidearen barruan dagoelako”. Izan ere, babes berezia duen kolektibo bati buruz ari gara. Nolanahi ere, Peñak konpromisoa hartu du “batzorde honetara ostera itzultzeko”, saio pribatuan, espediente informatiboa itxi eta gero, ondorioak aditzera emateko eta hartu beharreko neurriak azaltzeko.

 

Abisurik gabeko ikuskapena

Espedientean aurreikusitako ekintzei dagokienez –jendaurrean azal daitezkeenak-, Peñak esan du zentroari premiazko ikuskapen bat egin zaiola, “aurrez abisurik eman gabe”, langileei eta egungo erabiltzaileei elkarrizketak eginez. Era berean, instantzia guztietan aurkeztu diren kexa eta erreklamazioak bildu dira. Halaber, elkarrizketak aurreikusiak daude erabiltzaile erreklamaziogileekin eta epe horietan zehar arreta eman zaien beste erabiltzaile batzuekin. Orobat, elkarrizketak egin dira enpresa esleipendunaren arduradunekin eta beste langile batzuekin, eta, baita ere, Zerbitzuko eta Donostiako Udaleko teknikari arduradunekin.

Peñak aurreratu du behin betiko txostenak zentroan “detektatutako gabezien” zerrenda bat jasoko duela, eta ataletako bakoitzean “egiaztatu ahal izan diren” gabeziak, konklusioei buruzko atala, “hobekuntza- edo jarduera-proposamenen” zerrenda eta, azkenik eta hala badagokio, “informazio edo zigor espediente berria hastea”.

Beraz, ondorio eta hobekuntza-proposamen horiei jarraikiz, egoki joz gero, Aldundiak zenbait neurri hartuko ditu, honako arloei buruzkoak: Zentroa lekuz aldatzeari buruzkoak. Horren harira, diputatuak aurreratu du zenbait udalekin harremanetan daudela “zentroa beste toki batera eramateko. Dagoeneko kokapen posible bat bisitatu dugu”. Bigarrena litzateke neurriak hartzea aurrerantzean zentro horretan eta beste batzuetan izan daitezkeen gabeziak aurreikusteko. Hirugarrenak zerikusia du FEPAS erakundearekin dagoen kontratuaren inguruko neurriak hartzearekin. Beste neurri posible batzuk ere aurreikusi dira, ikusitako hutsegiteen larritasunaren araberakoak.

 

Arartekoarekin koordinatuta

Bestalde, Maite Peñak aditzera eman du Aldundiaren asmoa dela espedientea ahalik eta azkarren amaitzea, eta foru erakundearen erantzuna erabatekoa litzatekeela hartu beharreko neurri posibleekin. Baina ohartarazi du zerbait “paradoxikoa” gertatzen ari dela, izan ere, erabiltzaile erreklamaziogileek ez zizkioten kexak Departamentuari edo Zentroari aurkeztu, “baizik eta zuzenean Arartekoari. Kexa horiek guri helaraztea eskatu diogu Arartekoari, hain zuzen gertaerak eta epe salatuak ikertu ahal izateko, baina, logikoa denez, Arartekoak ezin dizkigu kexak helarazi erabiltzaile erreklamaziogileen onespenik ez duen bitartean; horregatik, une honetan zain gaude. Ez dugu, baina, espedientea gaiaren mamian sartzeke itxi nahi, eta egokiago iritzi diogu instrukzio fasea informazio hori eskuratzen dugun arte luzatzeari”.

Alderdi hori da, hain zuzen, Arartekoarekin eta beraren lantaldearekin aztertu eta jorratu zirenetako bat, 2018ko maiatzaren 10ean Donostian egindako bilera batean. Bilera horretan helburuak partekatu ziren, eta erakundeen arteko leialtasun eta elkarlanerako konpromisoa iritsi zuten, gai hau konpontzera begira. Arartekoak berretsi zigun kexak jaso zituela, eta erabiltzaile horietako inor ez zela, une honetan, sareko arreta jasotzen ari. Era berean, adostu genuen bi ikuskaritza prozesuak artikulatu eta koordinatzea, bi erakundeen erabateko independentzia errespetatuta.

“Kontuak kontu, segurua dena zera da, prozesu honek azkartu eta indartu egingo duela indarkeria matxistaren emakume biktimentzako arreta zentroak berrantolatzeari begira lehendik hasitako gogoeta eta hobekuntza prozesua”. amaitu du diputatuak, eta dei egin die indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeei, “ez dezatela zalantzarik izan sarera jotzeko, hain momentu zailetan erabateko babesa eta arreta emango diegu eta”.

Maite Peñak dei egin die indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeei, ez dezatela zalantzarik izan sarera jotzeko, hain momentu zailetan erabateko babesa eta arreta emango diegu eta
  

1175