Breadcrumb

Asset Publisher

Back Azken bi urtetan 84 lagunek asiloa eskatu dutela Euskadin joera sexuala dela medio

Azken bi urtetan 84 lagunek asiloa eskatu dutela Euskadin joera sexuala dela medio

Aldundiak txosten bat aurkeztu du LGTBI errefuxiatuek Euskadin bizi duten errealitate juridiko eta sozialari buruz.

2018/07/23

Aldundiak txosten bat aurkeztu du LGTBI errefuxiatuek Euskadin bizi duten errealitate juridiko eta sozialari buruz.

Helburua du pertsona horien arazo espezifikoak azaleratzea, dituzten behar bereziak antzematea eta arazoei irtenbide egokia emateko praktika onak identifikatzea.

Kulturako foru diputatu Denis Itxasok ikerlan bat aurkeztu du, Gehitu elkartearentzat eta Aldundiarenztat egin dena, LGBTI kolektibokoak diren errefuxiatuek Euskadin duten errealitate juridiko-sozialari buruz. Ikerlana Andrea Bertomeuk egin du. Aurkezpenean izan dira, baita ere, Lankidetza arloko zuzendari Fernando San Martin, Gehituko koordinatzaile Aintzane Muguruza, Ararteko ohi eta Gehituko kide Iñigo Lamarka, eta errefuxiatu hondurastar Mauricio Rodriguez eta Fergye Baraorra. 

Europar Batsunean nahiz Espainian asiloa eskatzen duten LGBTI pertsonen datu ofizialik ezak ezinezkoa egiten du erradiografia zehatz bat egitea. Hala eta guztiz ere, ondorioztatu dezakegu kopuru esanguratsua dela. 2016 eta 2018 artean sexu joera edo genero identitateagatik Euskadin asiloa eskatu zutenak 84 izan ziren.

Azterlanaren helburuak dira nabarmentzea pertsona horiek zer oztopo eta arazo espezifiko izaten dituzten babes internazionala eskatu aurretik, eskaera tramitatzen den bitartean eta amaitu ostean ere; dituzten beharrizan partikularrak antzematea eta arazo horiei soluziobidea eskaintzeko praktika onak identifikatzea.

Itxasok Espainiako Gobernuari eskatu dio asilo politika malgutzeko eta, hartara, kolektibo zaurgarri hauek atenditzeko giza irizpideak erabili ahal izateko; izan ere, oztopo, aurreiritzi eta ez-ulertu asko jasan behar izaten dituzte. 

Hainbat konklusio atera daitezke txostenetik. Esaterako, hasierako elkarrizketak berebiziko garrantzia duela LGBTI+ diren errefuxiatuei aukera emateko ondo eta zuzen azaldu ditzaten beren asilo eskaeraren arrazoiak; horretarako, beharrezkoa izango litzateke «praktika onen» eskuliburuak egitea, elkarrizketaren teknika orientazio sexualarekin lotutako jazarpen motiboetara ongi egokitzeko. Era berean, antzeman da elkarrizketa aniztasun sexualean eta genero identitatean trebatutako pertsonal tekniko kualifikatuak egitea komeni dela eta Asilo eta Babes Bulegoaren egituran transbertsalitate mekanismoak sortu beharko liratekeela, besteak beste espedienteen analisian SOGI (Sexu Orientazio eta Genero Identitatea) ikuspegia txartatuz; Asilo eta Babes Bulegoarekin aldizka-aldizka bilerak egitea ere beharrezkoa ikusi da, «topaketa eta eztabaida foroak» egin ahal izateko, ez bakarrik errefuxiatuei laguntza juridikoa eta soziala ematen dieten  erekundeekin (CEAR, Espaniako Gurutze Gorria eta ACCEM), baizik eta LGBTI+ eskubideen defentsan espezializatuta dauden erakundeekin. Halaber, Administrazioak bere urteko txostenetan, jazarpen motiboak bereizteko datu estatistikoak jaso beharko lituzkete, jakin ahal izateko, zehatz-mehatz, Espainian babes internazionalerako eskaera egiten duten pertsonetatik zenbatek eskatu duen SOGI arrazoiengatik.

Arreta psikologikoari dagokionez, beharrezkoak dira diagnostikoko saioak eta saio terapeutikoak, taldekakoak nahiz bakarkakoak, pertsona horiei ingurune berrian egokitzen laguntzeko; halaber, azterlanak planteatzen du urgentziazko esku-hartzeak egitea egoera dramatikoak -tortura, eraso sexuala edo gizaki salerosketa- jasan dituzten edota gaixotasun oso larriak dituzten LGBTI+ pertsonekin.

Osasun asistentziaren arloan, planteatzen da osasunaren prebentzio eta sustapen programak gauzatzea GIB (Giza Inmunoeskasiaren Birusa) eta transmisio sexualeko gainerako gaixotasunei begira, eta, halaber, eskariak osasun sistema publikora eta laguntza sozialetara bideratzea.

Formazio, aisialdi eta astialdiari dagokienean, beharrezkoa ikusten da formazio tailerrak antolatzea sexu eta genero aniztasunaren gaiei buruz, material dibulgatiboa zabaltzea bazterketa, eraso eta indarkeriazko egoerak saihesteko eta herritarrak sentsibilizatzeko, eta orientazioa ematea LGBTI+ komunitaterako dauden kanpo baliabideei buruz, esaterako, ingurunean dauen LGBTI+ elkarte eta kolektiboei buruz eta eskaintzen dituzten baliabideei nahiz antolatzen dituzten jarduerei buruz.

Azken batean, txostenaren ondorioa da nazioarteko babesaren kudeaketa eta antolaketa zentralizatuegi dagoela, eta, horrela, LGBTI+ diren errefuxiatuen behar espezifikoak mantso atenditzen direla.

Zehazki, programa estatalaren zurruntasunaren ondorioz, LGBTI+ errefuxiatu batzuk nazioarteko babes programatik kanpo geratzen dira eta dauden hiriko gizarte zerbitzuetara jotzen dute, zeren, askotan, programa estatalean sartzeak mugikortasun geografikora behartzen ditu, eta horrek beren lotura familiarrekin eta sozialekin haustea ekar diezaieke.

Erakunde arteko lankidetza faltak eta LGTBI+ diren errefuxiatuen datu baserik ez edukitzeak zaildu egiten du eskatzaileon egoera eta ibilbidea ongi ezagutzea eta erantzun egokia ematea.

Babes eskaera ezesteak, berriz, aldi labur baterako programa sozialetik kanpo geratzea dakarkie; horren eraginez, dagoeneko ingurunean integraturik dauden LGBTI+ diren errefuxiatuak irregulartasun egoera batean geratzen dira eta enplegua bera ere galdu lezaketa egun batetik bestera.

  

1276