Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak eta ASPEGIk hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako enpresetan jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko

Aldundiak eta ASPEGIk hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako enpresetan jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Enpresa eta Kirola" lerroaren barruan dago, eta kolektibo jakinen kirol praktika sustatzea du xede.

2018/04/11

KIROLGI enpresa komunitatea osatzen duten eta osasunarekin eta kirolarekin lotura estua duten Nutergia, IMQ eta La Perla enpresek hainbat saio eskainiko dituzte

Lehenengo saioa apirilaren 11n izango da La Perlako instalazioetan, eta ASPEGIko kideei zuzenduko zaie

Denis Itxaso: “Hitzarmen honek beste bultzada bat emango dio Gipuzkoa aktiboago bat lortzeko eta enpresa eta kirol munduen arteko loturak estutzen jarraitzeko daukagun borondateari”.

 

Kirol Zuzendaritzak gipuzkoarren artean jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko dituen helburu estrategikoei eta ekintza planari jarraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ASPEGIk lankidetza hitzarmen bat sinatu dute eta, horrekin batera "Des-KONEKTA. Aktibatu zure ongizate fisikoa eta emozionala” jardunaldiak aurkeztu dituzte. Ekimen hori, zehazki, Gipuzkoako enpresei zuzenduriko “Kirola eta Enpresa” lerroaren barneko programa berezia da, eta, haren bidez, jarduera fisikoaren onuretan jarri nahi da arreta.

Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxasok adierazi duenez, “jardunaldi hauek aukera ematen dute enpresa eta kirol munduen arteko loturak indartzeko; biak dira gure gizartearen berezko ezaugarri, eta, elkarrekin landuz gero, bata bestearentzako onuragarri izan daiteke. Hitzarmen honen bidez, beste bultzada bat emango diogu Gipuzkoa aktiboago bat izateko eta geroz eta jende gehiagok ariketa egin dezan lortzeko daukagun borondateari; horretarako, ezinbestekoa da enpresa mundua tartean sartzea, horrek ahalbidetuko baitu pertsona gehiagok jarduera fisikorako sarbidea izatea”.

Asmo horrekin, Fundazioak hainbat tailer eta jardunaldi prestatu ditu probintziako elkarte eta eragileekin, 2018 eta 2019 urteetarako. Lehenengoa apirilaren 11n izango da La Perlako instalazioetan, eta osasunaren eta kirolaren arloko hiru enpresak eskainiko dute: talasoterapia zentroak berak, IMQk eta Nutergia laborategiak. Hirurek babeste dute, orain dela gutxitik, Fundazioa osatzen duten enpresa komunitatea.

Lehen saio horretan, ASPEGI Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko kideak izango dira; izan ere, kolektibo horretako kideek zail dute, lanaldiaren ondorioz, kirolak ematen duen ongizate fisiko eta emozionalari denbora eskaintzea. Tailer honek gako praktiko batzuk emango dizkie eguneroko errutinan ohitura osasungarriak sartzeko, jarduera fisikoari nahiz elikadurari dagokienez.

Lehen saio hori KIROLGI Fundazioak eta ASPEGIk hitzarmena sinatu ondoren egingo da, egun horretan bertan, goizez. Hitzarmen horren bidez, bi entitateek konpromisoa agertu dute interes partekatuko proiektuetan elkarrekin lan egiteko.

Fundazioaren “Enpresen lerroa” Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak abiarazi duen ekimenik berritzaileenetariko bat da. Proiektu horrek bi ardatz ditu, kirolaren bidez pertsonak kudeatzeko eginkizunaz gainera (Des-KONEKTA jardunaldiak eta Jokoz Kanpo dialogoak): kirolaren bidezko berrikuntza (Kirola Aplikatzeko Enpresa Teknologikoen Foroa eta Wellness Laboral), eta kirolaren bidezko nazioartekotzea.

 

  

1304