Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak eta BRTAk I+G+B estrategiak eta proiektuak partekatuko dituzte

Aldundiak eta BRTAk I+G+B estrategiak eta proiektuak partekatuko dituzte

Bi erakundeetako arduradunek topaketa bat izan dute jarduerak eta etorkizuneko erronkak koordinatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoak beren estrategiak partekatu dituzte gaur, baita Covid-19sren testuinguruan I+G+B bultzatzeko azken hilabeteetan egiten ari diren lana eta etorkizuneko apustuak ere.  Imanol Lasa Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak, Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendariak eta Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak hartu dute parte bileran. Partzuergoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko, Eusko Jaurlaritzako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako eta SPRI taldeko 16 zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentro biltzen ditu.

Foru arduradunek Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Planaren berri eman dute. Plan horretan, funtsezko ildoetako bat da etorkizuneko enpresa proiektuak sendotzen laguntzea, eta, besteak beste, I+G+B bultzatzea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen bidez. Programaren deialdia uztailaren 24ra arte dago zabalik. Orobat, Covid-19ri aurre egiteko ikerketa proiektuen laguntza Biozientziak Fundazioaren bidez, non punta-puntako test eta monitorizazio sistemetan lan egiten duten 4 enpresa eta ikerketa zentrok parte hartzen duten; edo goi mailako talentu ikertzailea erakartzea eta atxikitzea Fellows programaren bidez. Programa horren deialdia ekainaren 17ra arte egingo da.

BRTAk, bestalde, Foru Aldundiarekin partekatu ditu 2019ko ekainean sortu zenetik eman diren urratsak, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen Covid-19aren mehatxuaren testuinguruan Euskadiko ekoizpen jarduerari berrekiteko eta eusteko proiektuan betetzen ari den papera. Horren helburua  izan da Zientzia Teknologia Berrien Euskal Sareko giza baliabide, ekipamendu eta teknologia guztiak batzea, Euskal Osasun Sistemaren eta, oro har, gizartearen eskura jartzeko, pandemiari eustea, kontrolatzea eta monitorizatzea eta normaltasunera itzultzea erraztuz. Gaur egun, Euskadiko laborategien sarean kudeatutako test estentsiboak egiteko proiektu pilotu batean parte hartzen ari da, adimen artifiziala aplikatuta.

Topaketa hori Foru Aldundia arlo ekonomiko eta teknologikoaren beste eragile batzuekin egiten ari den lan agendaren barruan kokatzen da, pandemiak eragindako krisiari modu koordinatuan erantzuteko. Partzuergoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 16 eragile zientifiko-teknologikoren indarrak batu ditu. Horietako asko Gipuzkoan daude: elkarlaneko ikerketako 4 zentro (Biogune, CIC Nanogune, CIC Biomagune eta CIC Energigune- eta 12 zentro teknologiko (AZTERLAN, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch).

Imanol Lasak BRTAk egindako "koordinazio ahalegin horren balioa" azpimarratu du, "gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa", eta erakundeen, eragileen eta enpresen arteko lankidetzan sakontzen jarraituko dutela iragarri du, I+G+Bren alde egiteko. "Orain ikusten ari gara zein garrantzitsua izan den ikerketa ekosistema hori eraikitzea eta mantentzea, osasun eta ekonomia krisiari bermeekin aurre egiteko aukera ematen ari zaigulako, eta egoera hobean eta lehenago ateratzea ahalbidetuko digulako. Ikerketaren ondorioz, gure enpresak gero eta indartsuagoak, eraginkorragoak eta lehiakorragoak izango dira, eta kalitatezko enplegua sortuko dute. Horregatik, laguntza mantendu egingo da, nahiz eta diru bilketak behera egin", gaineratu du.

  

1520