Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak lankidetza indartuko du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin

Aldundiak lankidetza indartuko du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin

Batzarra eduki du bere ordezkariekin, gazteen enpleguaren kalitatea areagotzeko egitasmoetan oinarrituta

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) batzarra egin dute gaur. Bertan parte hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Itsaso Andueza EGK lehendakariak, eta Ania Garcia de Madinabeitia enplegu teknikariak. Foru erakundeak elkarlanean oinarritutako harremana du gazteen organuarekin, eta elkarlan honi bultzada ematea da asmoa, aurki sinatuko duten hitzarmenaren bidez.

Bileran, enpleguaren eta gazteriaren inguruko lan taldeak azken urteetan egindako azterketetatik ateratako ondorioak aurkeztu dizkie EGKk Aldundiko ordezkariei. Lan honen fruitu gisa, dokumentua osatu du EGKk, gazteen enpleguaren kalitatea, egonkortasuna eta duintasuna hobetzeko egitasmoak martxan jartzeko hainbat proposamenekin. “Helburu honekin guztiz identifikatzen gara, eta gure konpromisoa da gazteek egindako ekarpenak eta hausnarketak aintzat hartzea ekonomia sustatzeko abian jartzen ditugun ekimenen barruan, Aldundiari dagozkion eskumenetan”, ziurtatu du Diputatu Nagusiak.

Era berean, Imanol Lasak EGKko ordezkariei berri eman die Zarauzko Udalarekin batera gauzatzen ari den partaidetza prozesuaren inguruan, udalerri honetako Gazteria Zerbitzuaren egitura zehazteko. “Esperientzia hau aitzindaritzat jo dezakegu. Hartzaileen, hau da, gazteen iradokizunetan oinarrituta berdefinituko da zerbitzua, eta uste dugu ondorioak Lurraldeko beste udaletako Gazteria Zerbitzuetan ere aplikagarriak izango direla, horiek hobetu eta egokitzeko”.

 

 

  

1787