Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak telebista saioa ekoitziko du adinekoen osasun fisiko eta emozionala lantzeko

Aldundiak telebista saioa ekoitziko du adinekoen osasun fisiko eta emozionala lantzeko

Adinberri Fundazioaren eskutik bideratuko da ekimena, zahartze aktibo eta osasuntsuaren aldeko estrategiaren barruan.

Gipuzkoan zahartze osasuntsua eta aktiboa bultzatzeko estrategiari jarraiki, telebista saio berritzailea ekoitzi du Foru Aldundiak Adinberri Fundazioaren bitartez, adineko pertsonei ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa egiten laguntzeko beren etxeetan; eta, honela, beren ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko.

Telebista saioa ETB1en emitituko da Adinberri izenburupean, astelehenetik ostiralera, 11:00etan hasita, datorren apirilaren 14tik aurrera. Ordu erdiko iraupena izango du eta bi zatitan banatuko da: ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa. Zati bakoitza gaian aditua den talde batek landuko du. “Uste dugu euskarri garrantzitsua izan daitekeela pertsonen osasun fisiko eta ongizate emozionala lantzeko; are gehiago, konfinamendu egoera gogor honetan”, adierazi du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

Ariketa fisikoko saioak Iñigo Vincens-ek gidatuko ditu, zeina gaian aditua den. 20 minutuko tartean hainbat ariketa egingo ditu, etxetik jarraitu ahal izango direnak. Vincensek praktikan jarriko dituen ariketa horiek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) eta Athlon S.Coop-eko aditu talde batek landu ditu. Behin ariketa fisikoa eginda, mindfulness/meditazioari zuzendutako espazio batekin biribilduko da saioa. Baraka Psikologia Integral Institutuko aditu taldeak sortu ditu saioak eta gaian trebatuta dagoen Zuriñe Hidalgok gidatuko ditu. Guztira 25 dira apirilean eta maiatzean zehar emitituko diren saioak.

Horrela, 30 minututan, gorputza nahiz burua landuko dira. Saioak hori baitu xede, “adineko pertsonen aktibazioan eta osasunean laguntzeko errutina bat sortzea eta horretarako baliabideak esku-eskura jartzea”, azpimarratu du Mendozak. Gogorarazi duenez, 2061n 65 urte baino gehiagoko pertsonak gizartearen %33a izatea aurreikusten da, Europan bizi-itxaropen altuenetako duen territorioa izanik. “Erronka horri aurre egiten dihardugu Aldundian Adinberri Fundazioaren bitartez, zahartze osasuntsu eta aktiboa bermatu nahirik. Adineko pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea du helburu estrategiak, ekimen publikoa eta pribatua uztartuz”, azaldu du.

Adituen arabera, ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa egitea garrantzitsua da oso zahartzaroa ahalik eta gehien atzeratzeko eta bizitzari poztasunez eta positibismoz aurre egiteko. Ez da soilik garrantzitsua hobekuntza fisikoetarako, baita emozionaletarako ere.  “Egunero 30 minutu gorputza aktibatzeko eta burua lantzeko deia egiten dute; bereziki orain, etxean egon behar dugun egunotan. Behar horri erantzuteko helburuarekin eta errutina positibo hori sortzen laguntzeko asmoarekin jarri dugu martxan ekimen berri hau, eta espero dugu harrera ona izatea”, amaitu du Mendozak.

  

1722