Aldundiko Diputatuen Kontseilua Altzon elkartu da, Gipuzkoaren erreferentzia idatzi zaharrenaren milagarren urteurrenean
Aldundiko Diputatuen Kontseilua Altzon elkartu da, Gipuzkoaren erreferentzia idatzi zaharrenaren milagarren urteurrenean
Aldundiko Diputatuen Kontseilua Altzon elkartu da, Gipuzkoaren erreferentzia idatzi zaharrenaren milagarren urteurrenean
Herriko udalak esku artean dituen proiektu eta egitasmoen berri izan du bertatik bertara Eider Mendoza diputatu nagusiak; Kontseiluaren ondoren, ‘Izanetik izena 1025-2025' arte erakusketa bisitatu dute, herriko Salbatore elizan

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuek Altzoko udaletxean egin dute euren asteroko erakunde bilera nagusia, Diputatuen Kontseilua, Gipuzkoako erreferentzia idatzi zaharrenaren milagarren urteurrena ospatzen ari garen honetan. Xabier Olano Jauregi alkateak egin. die harrera eta, ondoren, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek herriko etxean bertan egin dute beren 13. bilkura ibiltaria. Ondoren, milurtekoa dela eta Salbatore elizan ikusgai dagoen ‘Gipuzkoa Izanetik izena 1025-2025’ arte erakusketa bisitatu dute, herriko Salbatore elizan, hain zuzen ere duela hamar mendeko aipamen idatziak erreferentzia egiten dion lekuan bertan.
“Gipuzkoarrok gure komunitate balioak eta bizitza garatzen dihardugu gutxienez hamar mendez dagoeneko. Salbatore monastegiari lotuta ‘Ipuscoa’ hitza idatzi zutenetik hona denbora asko pasa da, baina efemeride honek aukera ematen digu, gainontzeko euskal lurraldeekin harremanetan, egindako ibilbideari erreparatzeko eta gipuzkoarrok batzen gaituzten komunitate balio horietan arreta jartzeko”, gogoeta egin du Eider Mendozak. Balio horietan artean nabarmendu ditu gaurkoan “euskara, lurralde oreka eta elkartasuna”.
“Euskara da komunitate gisa bizia eta kohesioa ematen dion balio nagusietako bat eta, hain zuzen ere, herri txikiak izan dira balio horien gordailu eta arnasgune. Euskaraldiko ariketa sozialean murgilduta gauden honetan, gipuzkoar guztiak gonbidatu nahi nituzke ariketari gogotsu eta animotsu eustera, guztiok batera balio honi eutsi, balio hori garatzen jarraitu eta komunitate gisa sendotzen jarraitzeko”, azaldu du. Horrez gain, herri txikiek Gipuzkoari “eremu sozialean, ekonomikoan nahiz ingurumenekoan” egiten dioten ekarpena azpimarratu du Mendozak, eta lurralde orekan sakontzen segitzeko “urrats berriak eta berritzaileak emateko konpromisoa” berretsi du.
Herriko alkate Xabier Olanok jakinarazi duenez, Altzok “arduraz eta pozez” betetzen du euskararen arnasgune izaera eta ahalegin horretan “bidea urratzen” jarraitzeko konpromisoa adierazi du, bidean sortzen diren oztopo eta zailtasunei “borondate irmoarekin eta lege egokitzapenen” bitartez aurre eginez. Olanok, baita ere, herri txikiek Gipuzkoari eta Euskal Herriari hiru alorretan egiten dioten ekarpena azpimarratu du: natur ingurune “aberatsak zaindu” eta “nekazaritza ekologiko eredugarriak garatzen”, “industria garrantzitsuenen bidelagun” izaten eta zerbitzuen alorrean “ekarpen kualitatibo garrantzitsuak” egiten. Amaitzeko, Aldundiari helarazi dio garraio publikoaren “zerbitzua zabaldu eta hobetzeko” premia eta “inguruko herriekin batera” adineko pertsonentzat eguneko zentroaren inguruko beharra.
Herriko proiektuak
Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Altzon. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi dira eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Horrela, Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Xabier Olanok lan-topaketa izan dute, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko.
Kontseilua egin ostean, berriz, Olazabaleko Salbatore elizan ikusgai dagoen Gipuzkoa Izanetik izena 1025-2025 erakusketa bisitatu dute diputatuek. Mostra honek ibilbide historiko eta artistiko bat proposatzen digu, 15 artista gipuzkoarren bitartez lurraldearen nortasun kulturalak mendeetan zehar izan duen bilakaeran sakontzeko.
3923