Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiko Diputatuen Kontseilua Mutrikun elkartu da, hamabosgarren bilkura ibiltarian

Aldundiko Diputatuen Kontseilua Mutrikun elkartu da, hamabosgarren bilkura ibiltarian

Eider Mendoza Larrañagak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, herriko udalak esku artean dituen proiektu eta egitasmoen berri izan du bertatik bertara

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuek Mutrikuko udaletxean egin dute euren asteroko erakunde bilera nagusia, Diputatuen Kontseilua. Ainhize Azpiazu alkateak bertan egin die harrera eta, ondoren, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek udal eraikinean bertan egin dute euren bilkura ibiltariaren hamabosgarren hitzordua. Ondoren, datozen urteetara begira herrian bultzatzen ari diren hainbat egitasmo ezagutu dituzte, bertatik bertara.

“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Mutrikura, baita udalak izan ditzakeen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek indartu egiten dute maila ezberdinetan abian den elkarlana”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.

Diputatu nagusiak Mutriku bezalako kostaldeko herrien errealitateari ere erreparatu dio. “Gipuzkoako kostaldeko herriak biziak eta dinamikoak dira. Kulturaren eta itsas ondarearen aldetik bizitasun handia dutenak, baina baita ere itsasoari lotutako ekonomiaren ikuspegitik funtzio garrantzitsua jokatzen dutenak. Lurralde oreka da gure lurraldearen ezaugarri nagusietako bat eta balio horri eusten asmatu behar dugu, herriko, eskualdeko eta, oro har, lurralde osoko desafioei elkarlanean aurrera egin ahal izateko. Horrela, izan ere, gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatzeko ahalegin partekatuan ekarpena egiten dugu”, laburbildu du.

Herriko proiektuak

Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Mutrikun. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi da eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Horrela, Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Ainhize Azpiazuk, lan-topaketa bat egin dute udaletxean, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Horrela, Egaña frontoi berritua, merkatu plaza eta Santa Katalina komentua bisitatu dituzte alkateak eta foru diputatu guztiek elkarrekin.

  

9047