Breadcrumb

Asset Publisher

Back Alfredo Ruizek irabazi du Aldundiaren 2019ko egutegiaren argazki lehiaketa

Alfredo Ruizek irabazi du Aldundiaren 2019ko egutegiaren argazki lehiaketa

335 pertsonek parte hartu dute aurten, gai gisa Gipuzkoaren etorkizuna eduki duen sariketan

2018/11/02

Alfredo Ruiz Huerga izan da Foru Aldundiaren egutegia osatzeko egiten den Argazki Lehiaketaren bigarren edizioko garailea. 335 pertsonek parte hartu dute guztira aurtengo sariketan, 350 lan aurkeztuz, eta horiek izango dira foru erakundearen 2019ko egutegian agertuko direnak. 1.000 euroko saria jasoko du Ruizek, eta bere argazkia azalean azalduko da. Beste hamabi lan aukeratu dira, hilabete bakoitzeko bat, eta horien egileek ere saria jasoko dute -250 euro-.

Etorkizuna Eraiki Gunean egindako ekitaldian ezagutarazi dute epaia. Bertan izan dira, irabazleaz gain, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko ordezkariak –Aldundiarekin elkarlanean antolatu du lehiaketa-, eta parte hartu duten hainbat lagun. Ruizen argazkiaz gain, hauenak agertuko dira 2019ko egutegian:   Gaizka Zabaleta, Aitor Rodriguez, Iñaki Peñalba, Pablo Perez, Gorka Gabilondo, Ibon Zabala, Miguel Cavero, Carlos Mediavilla, Jose Angel Urarte, Jesus Keller, Unai Huici eta Carlos De Cos      

Gipuzkoaren etorkizina izan da aurtengo sariketaren gaia, eta 18 urtetik gorako argazkilari zaletuek zein profesionalek parte ahal izan dute, gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan dituztelarik. Foru Aldundia herritarrekin tresna eta komunikazio bide berriak finkatzeko egiten ari den apustuari jarraituz, sare sozialek garrantzi handia hartu dute lehiaketa honetan. Aurkeztu diren argazkiak partekatzeko bide hauek erabili dira: Facebookeko www.facebook.com/OrainGipuzkoa/ orria –“Egutegia 2019“ ataletik–, formularioa betez, eta Instagrama edo Twitterra, #GipuzkoakoEtorkizuna traolarekin.

Hautaketa

Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako batzorde hautatzaile bat arduratu da 13 argazkirik onenak aukeratzeaz, irizpide tekniko eta artistikoei jarraituz.  Lan sarituak Etorkizuna Eraikiz Gunean jarriko dira ikusgai, lan horiek ezagutzera eman eta beren balioa aitortzeko. Etorkizuna Eraikiz Gunea aurten abiarazi den politika publikoko laborategi bat da eta herritar guztiei irekita dago. Aurreko edizioaren aldean, onartuta egon da argazkiei ukituak ematea, elementuak gehitu edo kentzea operadore globalen bidez, hainbat argazki nahastea edo argazkien jatorrizko konposizioa aldatzea.

Foru Aldundiaren egutegia oso ekimen ezaguna da, eta arrakasta handia izaten du. Iaz, esaterako, 10.000 aletik gora banatu ziren doan herritarren artean. Imanol Lasak zorionak eman dizkie irabazleei, eta eskerrak ere parte hartu duten gipuzkoar guztiei. Aldundia «gobernantza berrirako» egiten ari den apustuarekin lotu du lehiaketa, eta zera adierazi du: «Gipuzkoako etorkizuna eraikitzeko dinamika batean murgilduta gaude; erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiten ari gara herritarrekin eta gizarte zibil antolatuarekin batera, eta, horretarako, zenbait proiektu abiarazi ditugu, irtenbide sortzaile eta berritzaileetan oinarrituta. Horregatik, egokia iruditu zaigu herritarrei etorkizuna diseinatu eta irudikatzeko aukera ematea, Aldundiaren egutegia baliatuz, tradizio handia baitu, eta etorkizunari buruz duten ikuspegia irudien bidez islatuz. Ekimen irekia izan da, eta espero dugu emaitza herritarron gustukoa izatea”, amaitu du.
  

1345