Breadcrumb

Asset Publisher

Back Araztegi batek Beizamako hondakin-urak tratatuko ditu

Araztegi batek Beizamako hondakin-urak tratatuko ditu

Asensio: “Instalazio honek ur garbia inguru hartzaile berdinera isurtzeko aukera eskainiko du"

José Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak inauguratu du gaur goizean Beizamako araztegi berria eta bere kolektorea, Olatz Peon Ur Kontsortzioko presidente eta Tolosako alkatearekin eta Peio Otaegi Beizamako alkatearekin batera.

 “Gipuzkoako ur zikinak garbitzeko sistema osatzen ari gara, eta zerbitzua ematen, bereziki Beizamako inguruko isolatutako auzoei, sakabanatutako baserri multzoz osatutako auzoei, hain zuzen ere.  Orain arte baserri horiek hondakin-urak zuzenean lursailera edo putzu septikoetara isurtzen zituzten.  Hemendik aurrera, hondakin-urak araztegi berrira iritsiko diren saneamendu-sareen bidez bideratuko dira", azpimarratu du Asensiok.

Inaugurazio ekitaldian Francisco Alonso Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendaria eta Iñigo Elosegui Gipuzkoako Ur Kontsortzioko gerentea ere egon dira.  

Obren zuzendaritza eta gauzatzea Gipuzkoako Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren esku egon da.  Gaur goizeko aurkezpenean instalazioaren eskualdaketa egin da, Aldunditik Ur Kontsortziora.

Obraren lizitazio aurrekontua 449.330 eurokoa izan da, BEZa barne.  Obra hau Aldundiak eta Ur Kontsortzioak finantzatu dute, % 50 bakoitzak.

Orain arte, Beizamak ez zuen saneamendu-sare orokorrik; beraz, sare batzuek ura zuzenean lursailera isuritzen zuten, eta beste batzuek putzu septikoetara, ondoren lursailera isurtzeko. Beizamako herria 485 metroko altitudean kokatuta dago eta Gipuzkoako bigarren herririk garaiena da, Bidegoian ostean.

Normalean herriaren erdigunea aurretik dagoen saneamendu sare batekin lotzen da, araztegi batean isurtzen duena (EDAR). Kasu honetan, Urola Erdiko hodi biltzaile sare orokorrera dagoen distantzia dela eta, gertuen dagoen saneamendu orokorra 7 kilometrora dagoenez, herriaren beharretara egokitzen den araztegia hautatu da. Irtenbide hauek dira hedatzen direnak urrun dauden herrigune txikietan.

Beizamako hondakin-uren araztegia GI-3720 foru-errepidearen ertzeko lurzati batean dago, Beizamako hirigunetik gertu, eta 315 mm-ko PVCzko hodi baten bidez biltzen ditu herriguneko ur-beltzak.

Ur-beltzen saneamendu hodia Beizamako herrigunean hasi eta araztegi berrira iritsiko da, herrigunetik ibaian behera proiektatutakora, Ostatuzahar zonaren inguruan.  

Araztegitik ateratako ura 200 mm-ko diametroa duen PVCzko hodi baten bidez bideratuko da, eta gertuen dagoen isurbide puntura eramango da.

Araztegiak elementu hauek ditu: sarrera-bahe bat, putzu nagusi bat, biodiskoak dituen araztegi konpaktu bat eta bigarren mailako dekantazio bat, beharrezko birzirkulazio ponpaketekin.  Helburua ahalik eta efluente garbiena lortzea eta hurbilen dagoen errora bideratzea da.

Horrez gain, ardatz berean, edo zanga bera erabilita, hainbat zerbitzu bideratu dira, zoladurari sortutako afekzioa eta instalazioa garatzeko prozesuan sortuko dena ahalik eta txikiena izan dadin. 

  

1438