Energia Mahaia osatuko da eskualdeekin batera pobrezia energetikoari aurre egiteko
Energia Mahaia osatuko da eskualdeekin batera pobrezia energetikoari aurre egiteko
Hitzarmenak sinatu ditu Oarsoaldea, Urola Erdia, Tolosaldea eta Debegesa eskualdeetako garapen agentziekin.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen Diputatuak hitzarmenak sinatu ditu Oarsoaldea, Urola Erdia, Tolosaldea Garatzen eta Debegesa eskualdeetako garapen agentziekin, eskualde hauetako energia planak sustatu, dinamizatu eta garatuko dituzten ekintzak aurrera eramateko. Lau eskualde horiek 43 udalerri biltzen dituzte. Erakundeetako bakoitzak 67.500 euroko diru laguntza jasoko du Foru Aldundiaren eskutik.
Prentsaurrekoan izan dira, Garatzen-eko presidente eta Tolosako alkate den Olatz Peon; Urola Erdiko, Iraurgi lantzen-eko presidente eta Azkoitiako alkate den Javier Zubizarreta, Oarsoaldeko zuzendari-gerentea den Fernando Nebreda; eta Debabarrenako Debegesa Elkarteko Zuzendari-Gerentea den Juan Angel Balbás.
Asensiok azaldu du departamentua eskualdeekin batera ari dela lanean energiaren alorrean euren ekintza planak egin ditzaten. Eta horretarako, hainbat erakunderen laguntza dute: eskualdeetako garapen ekonomikorako agentziena (sustatzaileak eta koordinatzaileak), udalena, landa garapenerako agentziena, eta zenbaitetan, herritarren elkarteren batena. Helburu horrekin, eskualdeetako energia mahaietan elkartzen dira, departamentua ere presente dagoen parte hartze foroetan.
“Argi daukagu pobrezia energetikoari aurre egiteko beharrezkoak direla aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa sustatuko duten ekintzak burutzea, baita energia berriztagarriak erabiltzea eta energiaren negozio eredu sozializatuak eta etekinen banaketa zuzena egiten dutenak bilatzea ere. Eta horretarako, ezinbestekoa da udal eta eskualde mailan aritzea, kontsumo puntuetatik gertu eta autokontsumorako iturri berriztagarrietatik gertu eta herritarren interesetatik gertu”, adierazi du Asensiok
Ingurumen diputatuaren ustez ezinbestekoa da tokiko erakundeek (Foru Aldundia, Udalak eta tokiko beste erakunde batzuk) elkarrekin lan egitea kontsumitzaileak (hiriko zein landa inguruetako etxeak, sektore guztietako ETEak, denda txikiak, zerbitzu publikoak, eta abar) partaide izango dituen energiaren inguruko estrategia komun bat bultzatu ahal izateko. Estrategia horrek, hainbat ekintza planetan banatuta, pobrezia energetikoa eta ahulezia gutxitzeko hartu beharreko neurriak garatuko ditu: eraikinen, instalazioen, tresnerien, ibilgailuen eta abarren kontsumo ohiturak eta eraginkortasuna hobetzeko prebentzio neurriak eta neurri eraldatzaileak, etekinen banaketa zuzena egiten duten proiektuak erraztuko dituzten ekimen kolektibo eta publikoak, hala nola, udal eta eskualde mailako energia alorreko plangintza eta ekintzak, kooperatiba energetikoak, energia berriztagarriak oinarri hartuta autokontsumoa sortzea, eta abar.
“Estrategia komun eta partekaturik ezean, ezinezkoa da pobrezia eta menpekotasun energetikoari aurre egitea eta eredu energetiko jasangarri baterako urratsak ematea. Foru estrategia, ekintza propioen bidez garatzeaz gain, udal eta eskualde mailako ekintzak ere behar beharrezkoak ditu" adierazi du Asensiok.
Eta lan hori modu koordinatuan burutu dadin, Departamentuak erabaki du Energia jasangarriaren eta pobrezia energetikoaren Lurraldeko Mahaia osatzea. Organo berri horrek eskualdeetako mahaiak bilduko ditu bere baitan, bakoitzaren planen arabera eta ekintza foralaren planoaren arabera. Mahaia kontsultarako, aholkularitzarako eta adostasunerako organoa izango da, baita Gipuzkoan energia berriztagarriarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia duten administrazioen, erakundeen, gizarte eragileen parte hartzerako organoa ere. Estrategia bateratuak egiteaz, garatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko da, pobrezia eta menpekotasun energetikoari aurre egiteko politikak eta jardunbideak zehazten lagunduz eta Gipuzkoan eredu energetiko jasangarrirako urratsak emanez, ikuspegi sozial, ingurumeneko eta ekonomikotik.
Mahaiak funtzio hauek izango ditu:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko tokian tokiko edota eskualdeetako beste erakunde batzuk energia alorrean burutzen dituzten ekintzak koordinatu.
b) Gipuzkoako pobrezia energetikoaren behatokiak emandako datuak aztertu, eta, azterketa horretatik abiatuta, trantsizio energetikorako eta pobrezia energetikoaren aurka egiteko estrategia integratuak egin eta garatu.
c) Energia jasangarritasunaren inguruan nazioarteko eta Europako erabakiak hobeto betetzeko egoki ikusten dituen neurriak proposatu, indarrean dauden araudi eta programak kontuan hartuz, eta eraginkorragoak izan daitezen dagozkion hobekuntzak proposatuz.
d) Energia jasangarriaren inguruko azterketak proposatu, ekintza plan berriak diseinatu eta gauzatzeko balioko dutenak.
e) Energia trantsizioarekin konpromisoa hartuta duten beste eskualde batzuekin epe luzerako sinergiak eta itunak errazteko balioko duten proiektuak bultzatu. Zehazki, Europako eta Estatuko deialdietan proiektuak aurkezteko batera lan egingo da.
f) Gure esperientziak ikusgai jarriko dituzten eta beste praktika batzuei zuzeneko ezagutza emango dioten nazioarteko sareetan parte hartu.
g) Gipuzkoako Foru Aldundiak energia jasangarriarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia duten politika, programa, proiektu, ikerketa, jardunbide edo jarraibideren txostenak egin.
h) Presidenteak Mahaiari proposatu nahi dizkion lurralde mailako plan eta programen inguruan aholkularitza eman, energia jasangarritasunean izango duen eragina kontuan hartuta.
i) Sentsibilizazio neurriak proposatu, gipuzkoarrak energiaren aurrezpenean eta eraginkortasunean eta energia berriztagarrien inguruan informatu, komunikatu eta laguntzeko xedez.
j) Herritarren parte hartzea sustatu eta partekatutako erantzukizunen printzipioa eraginkorra izan dadin lagundu, energia jasangarriaren alorrean gizarte osoaren inplikazioa bilatuz.
k) Behar hainbat gomendio eman bere erantzukizunen alorrean.
“Energia jasangarriaren eta pobrezia energetikoaren Lurralde Mahaiak” egindako proposamenak gomendio izaera izango dute foru gobernuko organoentzat eta energiaren alorrarekin zerikusia duten gainerako administrazio publiko, erakunde eta organismoentzat.
Osaera:
· Ingurumen Foru Diputatua izango da lehendakaria.
· Lehendakariordea gaiarekin zerikusia duen Zuzendaritza Orokorreko pertsona titularra izango da.
· Lurraldeko eskualde bakoitzeko ordezkari bat, plan energetikoak onartuta dituzten eta Mahaian parte hartzeko interesa adierazi duten eskualdeetakoa.
· Era berean, Lehendakaritzak Mahaian parte hartzera gonbidatu ahal izango ditu, berak hala erabakita edo kideren batek hala eskatuta, lurraldean ezarrita dauden eta energia jasangarriaren alorrean ibilbide aitortua duten udalerrietako ordezkariak eta gaiarekin zerikusia duten irabazi asmorik gabeko elkarteetako ordezkariak.
Jasangarritasun atala osatzen duten teknikariak eta plangintzan, kudeaketan eta sustapenean ardura dutenak, Mahaiko kide izango dira.
1509