Breadcrumb

Asset Publisher

Back ATEGRUS elkarteak Ingurumeneko Departamentua saritu du Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroa sortzeagatik

ATEGRUS elkarteak Ingurumeneko Departamentua saritu du Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroa sortzeagatik

ATEGRUS elkarteak emandako Escoba sarien bitartez balioetsi nahi da hondakin kudeaketaren eta hiri-garbiketaren alorretan egindako lan ona, eta baita ere ingurumenaren kudeaketa jasangarria lortzera bideratutako teknologien garapena. Lehiaketa hori TECMA 2018 azokaren esparruan egiten da, IFEMAn, ekainaren 13, 14 eta 15ean.

Asociación Técnica para la Gestión de Residuos y Medio Ambiente, ATEGRUS elkarteak epaimahaiaren sari berezia eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoan Klima Aldaketari Aurre Egiteko Zentroa sortzeagatik. Sari horrek jarduketa hauek balioetsi eta bereizten ditu, besteak beste: hondakinen kudeaketa hobetzea edo babestea; hirien eta industrien garbiketa, orokorrean; eta ingurumenaren kudeaketa jasangarria lortzera bideratutako proiektuak eta teknologiak. Hain zuzen, aurrerapen teknologikoak eta kontzientziazio ekimenak bultzatzeko ahaleginak eta lanak saritzen dira, baliagarri direnak gure bizi kalitatea hobetzeko eta hiri eta industrien jasangarritasuna bermatzeko.

Ekitaldi hori zuzenduta dago udalerri, aldundi, kabildo, mankomunitate, autonomia erkidego, enpresa zerbitzu-emaile, ingeniaritza enpresa, ingurumen alorreko aholkularitza enpresa, eta hondakinak kudeatzeko eta hiriak garbitzeko ekipo-ondasunen eta instalazioen fabrikatzaileei.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok jasoko du Madrilen Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako saria eta, halaber, TECMA azokan parte hartuko du, ingurumenari buruzko soluzioen inguruan eztabaidatzeko eta ideiak trukatzeko espazioa, GK Recycling Gipuzkoako berrerabilpen eta birziklatze klusterrarekin batera. Programatutako ponentzia eta mahai-inguruei esker, Ingurumeneko Departamentuak ezagutuko ditu hondakinen kudeaketari, ekonomia zirkularrari eta ekonomia berdeari buruzko azken ingurumen berrikuntza, aurrerapen eta hobekuntzak.

Bi urtez behin, TECMA azokaren azalpen gunean elkartzen dira mota guztietako hiri-ekipamenduen fabrikatzaile eta banatzaile nagusienak -hondakinak biltzeko edukiontziak, ibilgailu espezializatuak, hiri altzariak, jolasguneak, berdeguneen mantenimendua, birziklatze lanak, uraren kudeaketa, sistemak kudeatzeko softwarea, estolderia, eta ingurumen kudeaketako sistemak eta kalitatezkoak, besteak beste-.  2018ko edizioan, 43 enpresek parte hartuko dute deialdian eta, guztira 163 erakusketari eta koerakusketari egongo dira. Edizio honetan, GK Recyling-ek stand batekin parte hartze du Ingurumeneko Departamentuarekin elkarlanean. Helburua da Gipuzkoako enpresen berritasunak aurkeztea eta sektorearen irekiera merkatu berrietara indartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak saria jasoko du Klima Aldaketaren Zentroa sortzeagatik. Zentro horren helburuetako bat da trantsizio energetikorako estrategia bat ezartzea, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta energia eraginkortasuna hobetzeko. Bere helburua da Europako xedeak lortzea gai honen inguruan, hots, kontsumitzen den energiaren % 27 berriztagarria izatea eta eraginkortasun energetikoa ehuneko berdinean hobetzea. Alderdi hori oinarrizkoa da klima aldaketaren aurkako borrokan; izan ere, berotze globala eragiten duten emisioen % 70 erregai fosilen kontsumoaren ondorio dira. Zentroa, hain zuzen, Diputatuen Kontseiluak onartutako klima aldaketari aurre egiteko GK 2050 estrategiaren barruan kokatzen da, zeina prestatu den klima aldaketari buruzko Pariseko Gailurrean ezarritako helburuak betetzeko, eta tenperatura igoera bi gradutik beherako mailan mantentzeko mende honetan.

Gipuzkoako Klima Aldaketaren Zentroak hiru ardatz nagusi izango diru: berotze globalak gure lurraldean duen eragina neurtzeko eta aztertzeko behatoki bat sortzea, ekonomia berdea sustatzeko Europako funtsen bidez ekonomia zirkularra sustatzea eta  energia berriztagarriak sustatuz energia trantsizioa ahalbidetzea. 

  

1608