Breadcrumb

Asset Publisher

Back Azahara Domínguez diputatuak "Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" kanpainaren sariak banatu ditu

Azahara Domínguez diputatuak "Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" kanpainaren sariak banatu ditu

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak gogorarazi duenez, ekimen hau joan den irailean egin zen 20 herritan, eta lehen aldiz Gipuzkoako eskualde guztietara eta ikastetxe batera iritsi zen. Gainera, aurtena MUGI txartela eskatzeko aukera eskaini da. Kanpaina honetan parte hartu dutenen artean, bi bizikleta eta 20 euroko 60 birkarga MUGI txarteletan zozkatu dira

2025/10/29
Azahara Domínguez diputatua Jarri zure bizikleta MUGIrekin kanpainaren irabazleen ordezkariekin

Azahara Domínguez diputatua Jarri zure bizikleta MUGIrekin kanpainaren irabazleen ordezkariekin


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek aste honetan banatu ditu Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin kanpainaren barruan zozketatu ziren sariak. Kanpaina hori joan den irailean egin zen eskualde guztietako Gipuzkoako hogei bat herritan.
Iñigo Moreno, Sonia Orive eta Hermes Arias foru jauregian izan dira aste honetan, zozketen irabazleen ordezkari gisa, eta Azahara Domínguez diputatuak harrera egin die. Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu duten pertsona guztiei. Gogoratu du Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin Mugikortasunaren Europako Astearen barruan dagoela eta mugikortasun-ohitura jasangarriagoak ezartzea duela helburu. Domínguezek gipuzkoarrak zoriondu ditu joan-etorrietarako aukera iraunkorragoak eta osasungarriagoak aukeratzeko egindako ahaleginagatik eta konpromisoagatik.
Diputatuak aurtengo kanpainaren arrakasta azpimarratu du, lehen aldiz Gipuzkoako eskualde guztietara iritsi baita, bizikletak prest jartzeko zerbitzuak pertsona askori hurbilduz, eta baita lehen aldiz ikastetxe batera ere, Donostiako Altza auzoko Oleta Berrira, hain zuzen ere. Baina ez hori bakarrik, lehen aldiz MUGI txartelak eskatzeko aukera ere eskaini baita. "Irailean esan genuen bezala, gure ustez, ekimen honek oso harrera ona du herritarren artean, eta hazten jarraitu behar du; izan ere, ikusten ari gara gipuzkoarrek gero eta jasangarriagoak eta osasungarriagoak diren desplazamendu-moduen aldeko apustu garbia egiten dutela", adierazi du. "Horrelako ekintzei esker, Gipuzkoa iraunkorrago eta bizigarriago baterantz aurrera egiteaz gain, biztanleria osasuntsuago baterantz ere egiten dugu. Mugikortasun iraunkorra gure lurralde-ereduaren parte da: modernoa, orekatua eta pertsonen ongizatearekin konprometitua ", gaineratu du.
Irailaren 15etik 24ra, gipuzkoarrek doako azterketak egin ahal izan dituzte beren bizikletei, eta MUGI txartelak eskatu Eibarren, Deban, Zumarragan, Legazpin, Arrasaten, Bergaran, Azpeitian, Azkoitian, Donostian, Lasarte-Orian, Zarautzen, Orion, Irunen, Hondarribian, Errenterian, Oiartzunen, Tolosan, Villabonan, Beasainen eta Ordizian. Ekimen honetan parte hartu duten pertsonen artean, bi bizikleta eta 20 euroko balioa duten 60 birkarga zozkatu dira MUGI txarteletan.
Sonia Orive zozketatutako bi bizikleten irabazleetako bat da, eta horrelako ekimenen balioa nabarmendu du. "Bizikleta bat egokitu zait eta ezin naiz zoriontsuago egon! Horrelako ekimenek mugikortasun jasangarriagoa eta osasungarriagoa sustatzeaz gain, gure eguneroko ohiturak aldatzera ere bultzatzen gaituzte, ingurumenaren eta gure hirien onerako. Benetako bultzada da garraiobide arduratsu eta kontzienteen alde egiten jarraitzeko. Eskerrik asko proiektu hau posible egiteagatik eta mugikortasun berdeago batekiko konpromisoa saritzeagatik. Pedalei eragiten ikusiko dugu elkar! ", adierazi du.
Bestalde, Hermes Arias, MUGI txartelen birkargetako irabazleetako bat, honako hau esan du: “Oso eskertuta nago sariagatik eta Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin kanpainarekin mugikortasun iraunkorrago baten alde egiteko sustapenagatik”. 

  

2141