Breadcrumb

Asset Publisher

Back Azken orduetan sei lagun hil dira eta 30ek eman dute positibo adinekoen egoitzetan

Azken orduetan sei lagun hil dira eta 30ek eman dute positibo adinekoen egoitzetan

Donostiako Gipuzkoa plazan aurkitzen den arreta bulego nagusia ixtea erabaki du Aldundiak larrialdi egoerak irauten duen bitartean.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakitera eman du, 5.425 pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetan jasotako azken datuen arabera, sei lagun zendu direla eta 30ek eman dutela positibo Covid-19n. Hil diren sei pertsonak Beasaingo Arangoitin, Eibarko Egogain egoitzan, Tolosako Iurreamendin (2) eta Ordiziako San Josen (2) bizi ziren. 14 izaten jarraitzen dute kasu positiboren bat atzeman duten egoitzak, guztira 46 lagun hil dira eta 223 kasu positibo eman dira Gipuzkoako egoitza sarean. Beste alde batetik, Gurutze Gorrira 43 pertsona eraman dira eta 17 ospitaleratuta daude.

Beste egun batez, bozeramaileak egoitzetako langileek egiten duten lana eskertu du, “oinarrizkoa eta nekaezina” dena, baita “hain konplexua den egoera honen aurrean senitartekoen lankidetza eta ulermena” ere. Beste alde batetik, gaur Diputatuen Kontseiluan onartutako neurri berrietako bat ekarri du gogora, gizarte zerbitzuen arloan abian jarritako Txoke Planaren baitan, non zehazten diren suhiltzaileak egoitza zentro guztietan egiten ari diren desinfekzioak. “Birusaren hedapenaren prebentziorako eta zabalkunderako oso modu eraginkortzat” kalifikatu duena, eta azaldu du: “Orain arte, 20 pertsona baino gehiagoko zentroetan astero egin dira, baina zerbitzua indartu dugu eta lau egunez behin egiten da orain, kasu positiboak dauden egoitzak lehenetsiz”.

Zentzu horretan, Mendozak azpimarratu du Gipuzkoa ahalegin handia egiten ari dela zaurgarrienak diren pertsonei “zerbitzu eta arreta onenak” emateko, eta gaineratu du “eragile ezberdinen arteko lankidetza estuari esker, krisi honi modu sendoan erantzuten ari garela”. Bere esker ona zabaldu nahi izan die “euren eskuetan dagoen guztia egiten ari direnei”, DYA esaterako, zeinak boluntarioen bidez, egoitza zentroen desinfekzio lanetan ere laguntzen ari diren.

Arreta bulego nagusiaren itxiera

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur iragarri du aurrez aurreko arreta bulego nagusia itxi egingo duela larrialdi egoerak dirauen bitartean. Hemendik aurrera, aurrez aurre eskaintzen ari ginen oinarrizko izapideak era elektronikoan egin ahalko dira: batetik, B@k ziurtagiri elektronikoa online lortzea eta, bestetik, erregistro orokorreko funtzioak, erregistro elektronikoaren bitartez. Honekin batera, 943 112 111 zenbakian ematen den telefono arreta zerbitzua indartu dugu Foru Aldundiari buruzko informazio orokorra emateko. Arreta telefonikoaren ordutegia lanegunetan 9:00tatik 14:00ak arte izango da.

  

1446