Breadcrumb

Asset Publisher

Back Azpeitiko Epaitegiak berriz largetsi du AP-1 autobideko lanen inguruko lehen kereila

Azpeitiko Epaitegiak berriz largetsi du AP-1 autobideko lanen inguruko lehen kereila

Eider Mendoza diputatu nagusiak konfrontazioa alde batera utzi eta politikan zintzotasunez jokatzeko eskatu dio EH Bilduri, hamar urtez baino gehiagoz bazter denak nahasten saiatu eta gero

2025/10/10

Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak bigarren aldiz largetsi du AP-1 autobideko obren inguruan aurkeztutako lehen kereila, 'Eskoriatza iparraldea – Arrasate iparraldea' tarteko lanen ingurukoa. Epaitegiak ondorioztatu du ez dagoela dirua bidegabe erabili izanaren eta dokumentuak faltsutu izanaren zantzurik, ez eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta Bidegi sozietate publikoarentzat inolako kalte ekonomikorik ere.

Horrela, Epaitegiak bigarren aldiz ezetsi du auzi hori, 2014an ireki zena. Garai hartan Bilduk gobernatzen zuen Aldundiak abiarazitako kereila baten ondoriozko prozesua izan da eta hirugarren aldia da Justiziak AP-1aren eraikuntzan irregulartasunak baztertzen dituena, “Bidegi kasua” bezala ezagutzen denaren barruan.

Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusiak bere balorazioan EH Bilduri eskatu dio “hamar urte baino gehiagoz bazter denak nahastu nahian jardun eta gero, politika erasokorra alde batera uzteko”. Halaber,  “politikan zintzo jokatzeko" eskatu dio ezker abertzaleari, "herriak ez baitu jokabide hori merezi”. Ildo horretan, EH Bilduren jarrera salatu du,  “etxekalte" den estrategia batean tematuz gero, "denon kaltetan" litzatekeelako.

Joan den otsailean EH Bilduk errekurritutako lehen largespen-autoa ezeztatu ondoren irekitako auziaren instrukzioan, akusazioaren txosten teknikoak ezeztatu egin ziren Aldundiak berak eskatutako berrikuspen-txosten baten bidez. Txosten horrek okerrekotzat, osatu gabekotzat eta neurketen errealitatetik urrundutzat jo zituen. Gainera, 2017an, foru erakundeak eta Bidegik idazkiak aurkeztu zituzten epaitegian, inolako kalte ekonomikorik gertatu ez zela berresteko. Aurkeztutako azterketa-lanek, halaber, ordainketa guztiak benetan egindako lanei zegozkiela egiaztatzen dute. Aldi berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Estatuko Kontuen Epaitegiak artxibatu egin zituzten obra horrekin lotutako kontabilitate-jarduketak

Mendozak “bidegabekeria izugarritzat” jo du gertatutakoa, eta onartu du erabakiak zapore “gazi-gozoa” duela: “Gozoa, beti argi izan genuelako egindako guztia ondo eginda zegoela; gozoa, aldiz, 2013an Bildu Aldundiko buru zela hasitako prozedura horrek sufrimendu handia eragin dielako inplikatu nahi izan dituzten pertsonei”.

  

2446